La Gota de Leche Bilbao ongintzazko elkarteak jasoko du Stock Euskadi azokaren 3.000 euroko dohaintza, hurrengo edizioan. Rafael Soto La Gota de Lecheko presidenteak, eta Julio Piñeiro koordinatzaile eta diruzainak joan den astelehenean sinatu zuten lankidetzarako akordioa Francisco García Stock Euskadiko zuzendariagaz. Dohaintza BECen bertan egingo dute, azoka egingo den bitartean.
Stock Euskadiko zuzendaria pozik agertu da dohaintzagaz laguntza eman ahal izango diotelako “oinarrizko gauzak behar dituen, gizarte bazterketa egoeran dagoen eta La Gota de Leche elkarteak egiten duen lan bikainaren onurak jasotzen dituen kolektiboari, txikienek osatutakoari”.
Modu berean, dohaintzaren jomuga Bilboko umeen eta euren familien aldeko lanagaz segitzea izango da, ongintzazko elkarteko ordezkariek adierazi dutenez. Dirua Aste Nagusian antolatzen dituzten ekitaldietara bideratuko dute: “janaria emanez, aste osoan 200 umek askaria eta gosaria izan dezaten”. Gainera, Gabonetan “Olentzeroren Gala Solidarioan banatzeko opariak eta jostailuak erosteko” ere bideratuko dute.
Sortu eta 100 urte baino gehiago igaro direnean, La Gota de Leche elkarteak lanean jarraitzen du gaur egun jendarte-bazterketa arriskuan dauden familien bizitza baldintzak hobetzeko, arreta berezia eskainiz egoera hori jasaten dabiltzan umeei. Kontzientziazio lan nekaezinari esker, La Gota de Leche elkarteak 105.000 euro inguruko balioa duten oinarrizko elikagaiak biltzea lortu du, zenbait sentsibilizazio kanpainaren bitartez.
Stock Euskadiren dohaintzari esker, La Gota de Leche elkarteak funts gehiago izango ditu, egoera zaurgarrian dauden eta umeak dituzten familiei laguntzen jarraitzeko. Stock Euskadiren hamalaugarren edizioan, azokaren aurreko edizioetako dohaintzak jaso dituzten elkarteen zerrendan sartuko da La Gota de Leche elkartea. Aurreko edizioetan honako hauek izan dira dohaintza jaso dutenak: Garate Enea 4. munduarekin elkartasunerako elkartea, Adembi, Gorabide, Cáritas Bizkaia, Euskadiko Unicef eta Minbiziaren Kontrako Bizkaiko Elkartea.