Gizarte Larrialdiko Diru-laguntzen banaketaz adostasunik ez

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 23a, 11:41

Gizarte Larrialdiko Diru-laguntzak zenbait gasturi aurre egiteko bideratuta daude, baina horiek denak justifikatu behar dira.

Iaz Gizarte Larrialdiko Diru-laguntza jaso zuten 221 familietatik 102ri murriztu dizkietela salatu du EH Bilduk. Mankomunitateak dio denek jaso dutela laguntza, baina askok ezin izan dutela dena justifikatu.

EH Bilduk salatu duenez, 102 hartzaileri murriztu dizkiete 2017an Gizarte Larrialdiko Diru-laguntzak (GLL) Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten herrietan. Laguntza horiek zenbait gasturi aurre egiteko baliabide nahiko ez daukaten pertsonei zuzendutako ez aldizkako prestazioak dira: ohiko etxebizitzari edo ostatuari eusteko beharrezko gastuetarako (alokairua, hipoteka, mantentzea eta oinarrizko ekipamendua) edo lehen mailako beharrizana duten gastuetarako (janztea, hezkuntza, formazioa, osasun arreta...). 2017an 221 familiak jaso zuten laguntza hori, aurreko urtean baino bost gutxiagok, eta koalizio abertzalearen arabera, horietatik denetatik 102k murrizketaren bat jaso zuten iaz.

Anabel Landa Uribe Kostako Mankomunitateko presidenteak, bere aldetik, azpimarratu du laguntza eskatu zuten denek hartu dutela prestazio hori: "Aurreko urteko bera jaso dute, eta batzuek apur bat gehiago, gainera". Zehaztu duenez, laguntzotarako dirua Eusko Jaurlaritzak ipintzen du, eta 2016ra arte "beti" sobera geratu da dirua, jendearen beharrizanak asetzeko nahikoa egon delako.Hala, 2017an subentziorako irizpideak zabaldu egin zituzten, diru dena gastatu ahal izateko.

Ondorioz, eskaerak handitu egin ziren, eta ez zen horiei denei erantzuteko diru nahikorik egon, "baina familia bat ere ez da gelditu laguntza barik". Landak azaldu duenez, gainera, onuradun batzuek ezin izan dute jasotako subentzioa justifikatu, eta laguntzaren zenbateko bat bueltatu behar izan dute. Izan ere, subsidio horiek finalistak dira, hau da, eskatutako helbururako bakarrik erabil daitezke, eta gastatzen ez dena itzuli egin behar da.

Laguntzak erregulatzeko dekretu bat ipini zuen iaz Eusko Jaurlaritzak; ondorioz, horiek justifikatzeko irizpideak gogortu egin dira. Landak zehaztu duenez, etxebizitzen mantenua ordaintzeko emandako 171 diru-laguntzetatik «60k ezin izan dute justifikatu jasotako dirua». Modu berean, jakinarazi du oraindino 22 familiak ez dutela laguntza justifikatu, eta ez dakite egin ahal izango duten. "Kasu horietan, hartzaileek jasotako diru-laguntzaren zati bat bueltatu behar dute, den-dena justifikatu behar dutelako GLLetan". Hala ere, iragarri du iaz dirua hartu ez zuten baina justifikatzeko gai diren familiek aurten hartu dezaketela dagokien laguntza.

Udalek osatzea gura du EH Bilduk

EH Bilduren ustez, beharrezkoa da udal-aurrekontu gehigarrien bitartez diru-laguntza horiek osatzea, «Mankomunitateko udaletan dauden gizarte-bazterkeria kasuak eragotzi edo arintzeko». Adierazi dutenez, murrizketa jaso duten 102 eskariak osatzeko 63.417,18 euro falta izan ziren. «Hartzaileentzat murrizketa garrantzitsua da, udalerrientzat aldiz kopuru oso txikia. Kontuan hartu behar da ere Mankomunitateak erabakiko balu laguntzak osatzea, Eusko Jaurlaritzak emandakoaren parte bat ordainduko lukeela, esleitutakoaren % 30 gainditzen ez duelako», azaldu dute koalizio abertzalekoek.

Eusko Jaurlaritzak diru-kopuru hauek ipini zituen Mankomunitateko udalen esku: Sopelan 114.451 euro, Gorlizen 58.493, Urdulizen 33.502, Plentzian 45.093, Berangon 59.036, Lemoizen 11.047 eta Barrikan 13.220. Denera 334.842 euroko aurrekontua eduki du Mankomunitateak Gizarte Larrialdiko Diru-laguntzak kudeatzeko. «Argi dago aurrekontu hau ez dela nahikoa izan eta okerrena da Mankomunitatetik ez zela beste partida baten bitartez osatu», salatu du koalizio abertzaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun