Laster urte bi beteko dira Altsasuko taberna batean guardia zibil bigaz eta euren bikotekideakaz liskar bat izan ostean zortzi pertsona terrorismoa leporatuta atxilotu zituztenetik. Haietako hiruk 500 egun pasa dituzte daborduko kartzelan.
Datorren apirilaren 16an gazte horien denen kontrako epaiketa abiatuko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Fiskaltzak 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du horientzat: 62 urte eta erdi batentzat, 50 urte seirentzat eta 12 urte eta erdi azkenengoarentzat. Hori dena dela eta, Plentzia eta Gorlizko hainbat herritar batu egin dira gertaera horrek terrorismoagaz zerikusirik ez duela esateko, justizia eskatzeko eta apirilaren 14an Iruñean izango den manifestazioagaz bat egiteko.
Atzo, domekan, Danontzat gaztetxearen aurrean bildutakoek azaldu zutenez, "elkarbizitza, askatasuna eta justiziarekiko konpromisoarengatik, giza-eskubideekiko errespetuarengatik eta Zuzenbide-Estatuaren printzipioengatik, hemen bildutakook gure kezka eta amorrua adierazi nahi dugu kasua garatzen ari den moduarengatik". Jazoerak terrorismo-delitu gisa izendatu izana salatu zuten, eta atxilotutako zortzi gazteetatik hiru oraindino espetxean egotea deitoratu zuten. "Proportzionaltasun-falta argi baten aurrean gaude, askatasuna, berme prozesala eta herritar guztiok babestu behar gaituen segurtasun-juridikoa urratzen dituen zigor kodearen interpretazio intentsibo baten aurrean".
Dena dela, aitortu zuten mota horretako gertaerak ez zaizkiela ezezagun egiten: "gure herrian ere izan dira gazteria kriminalizatzeko saiakerak, injustiziaren zapore garratza dastatu dugu eta ez dugu nahi inork gehiago inon antzerakorik sufritu dezan".
Testuinguru horretan, altsasuarren kontrako epaiketa hasi baino egun bi lehenago, apirilaren 14an, Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. "Gu hemen bildu garen auzokide zein eragile eta elkarte desberdinetako kideok babesa adierazi nahi diegu bai Altsasuko gazteei, bai haien senide eta lagunei. Horretaz gain, gure herriko auzokideak animatu nahi ditugu Iruñeako manifestaziora joan daitezen. Gu bertan egongo gara!".