Elkarrizketak

Ibon Larrinaga: "Eskertzen dut hanka apurtu izana, boxeoa ezagutu nuen eta"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko api. 20a, 17:16

Entrenatzeaz gainera, institutuetan berbaldiak ematen ditu Larrinagak. CC-BY-SA HODEI TORRES - HIRUKA

Boxeo profesionalean urte bi bete zituen Ibon Larrinaga Cruz gazte itzubaltzetarrak, joan den astelehenean. Lehenengo borrokaldi hartan, Alejandro Igual KO utzi zuen, hirugarren roundean. 27 urte dauzka eta daborduko munduko gazte-mailako txapelduna gainditu eta Mediterraneoko gerrikoa irabazi du. Maiatzaren 12an New Yorkeko Madison Square Garden-en lehiatuko da.

Madison Square Garden boxeogune mitikoan lehiatuko zara. Zer sentitzen duzu?

Halako zirrara bat… Amildegi batetik begira egongo banintz legez. Madison ametsa da edozein boxeolarirentzat. Eta errespetua diot: ez dakit oraindino kontzientea naizen zer biziko dudan, baina poz-pozik nago.

Zelan lotu duzue borrokaldia?

Aste Santuan deitu zidaten. Suposatzen dut rankinga, nire borrokaldiak eta nire estiloa ikusiko zituztela, eta horregatik aukeratu nautela. Beste aurkari bi eta hirurok geunden loteria-ontzian eta azkenean ni hartu ninduten. Deitu zidatenean esan zidaten: "Eskaini digute borrokatzea [Michael] Conlan-en aurka...". Ezagutzen dut, boxeolariok elkarren berri edukitzen dugu. Hura Olinpiar Joko bitan egon da eta profesional famatua da. Horrenbestez, esatera nindoan "agian pentsatu behar izango dut eta hotzean buelta bat eman, ohean, ondo erabakitzeko". Baina esan zidaten "...Madisonen" eta momentuan erantzun nuen: "Hartu, Madisonen boxeatu behar dut". Badago jendea bizitza osoa boxeoan ematen duena eta ez duena lortzen han egotea. Niri eskaini didate aukera hori eta hartu behar dut, Conlanen aurka edo Tysonen aurka izan arren. Horrelakoak baliatu beharra dago, ezustekoa emateko edota esperientzia bizitzeko.

Zer deritzozu Michael Conlan irlandarraren estiloari?

Estilo oso amateurra dauka; puntuatzeko distantzia luzean borrokatzen du, baina, aldi berean, gustatzen zaio gogor jotzea. Aukera duenean eskua gogor botatzen du, gehienbat kanpotik, boleak eta crochetak erabiliz, eta alde horretatik arriskutsua da. Normalean boxeolari olinpiarrek ez daukate profil jotzailea; teknikoagoak izaten dira. Baina Conlanek eskua gogor botatzen du eta horregaz kontuz ibili beharko dut.

Baduzu estrategia finkatuta borrokaldirako?

Eroan behar izango ditut A plana, B plana, D plana... Aterako gara estrategia bategaz baina edozein momentuan aldatu behar izango dugu. Bagaude borroka prestatzen oraindino.

Gabonak aldera aldatu zenuen pisua, superoillaretik lumara. Zer dela eta?

Normalean bizi naiz 64-65 kilogaz, eta borrokatzen nuen tituluan, superoilarrean, 55,3 kilo izan dezakegu gehienez jota, ditudanak baino 10 kilo gutxiago. Badaude boxeolariak aguantatzen dutenak, baina nire gorputzak ez zuen aguantatu: [Aritz Pardalen aurkako borrokaldian] anemia eman zidan, eta jaso nuen lehenengo kolpean igarri nuen kristoren zorabioa. Abisua eman zidan gorputzak, pisuz igotzeko momentua heldua zela esateko. Igo dut eta luma pisuan gogorrago eta indartsuago sentitzen dut neure burua; entrena dezaket gehiago janda eta hori eskertzen dut.

Urte bi bete dituzu profesionaletan. Zer balorazio egiten duzu?

Oso positiboa, gehienbat momentu alaiak eta pozgarriak izan dira. Bidean oztopoak ere egon dira, baina gainditu egin ditut, eta une politakaz geratzen naiz. Hamar garaipen izan dira eta behin bakarrik galdu dut. Baina garaipenez edo galtzeaz aparte egin dudan ibilbidea hartu gura dut kontuan: entrenamendu denetan gozatu dut, askotan gurago izan arren gehiago jan edo gutxiago korrika egin, baina momentu bakoitza gozatu dut, baita bidean ezagutu dudan pertsona bakoitza ere. Eskertuta nago oso, boxeoari eta izan dudan ibilbideari.

Gazte-mailako munduko txapeldunari irabazi eta Mediterraneoko gerrikoa lortu izana berezia izan zen?

Bai, momentu hartan aurkeztu nintzen orain daukadan aukeran legez. Joan nintzen, esaten den moduan, karnata gisa. Georges Leroy galdu barik zebilen, hamar garaipenakaz, Frantziako lehenengo sailkatua, munduko gazte-txapelduna... Ni boxeolari fina izan arren, ez nintzen inor; hara joan eta ezustekoa eman nuen. Oraingoan zailagoa izango da, baina horretara goaz.

Bidaide izan dituzu Kerman Lejarraga eta Andoni Gago.

Gimnasioan hasi nintzenetik izan ditut erreferente, gehien bat Andoni, beti ikusi dudalako gure gainetik. Kermanegaz entrenatu dut eta nire anaia bezala izan da, nire gimnasio-kidea. Andonigaz ibili gara baina bera beti lehenengoa izan da. Bizkaia eta Euskal Herri mailan, pausoak ematen ibili da, beldur barik. Hala, erreferente izan da Kermanentzat eta biontzat. Berak erraztu dizkigu kontuak. Ikusi dugu gugaz entrenatu zuen pertsona bat pasatu zela profesionaletara, hemen profesionalik ez zegoenean, eta, beraz, igotzea posible zela argi utzi zigun. Espainiako txapeldun geratu zen; nazioarteko txapelduna ere; O2 Arenan borrokatu du, Londresen, 80.000 pertsonen aurrean; Errumaniara joan zen munduko 3.aren aurka... Lortu duena lor genezakeela pentsatzeak ematen digu inspirazio-puntutxo bat. Eta egia da gerturatzen gabiltza: Madisonen borrokatzea da horren ispilu.

Asier zure anaia ere badabil boxeolaritzan. Zelan ikusten duzu?

Oso ondo. Azken prestaketetan laguntza eskatu diot. Ni baino luzeagoa da eta gutxi gora behera pisu berean dabil. Asko hobetu du, talentu handia dauka eta oso ondo egiten du. Eskuetan arazoak izan ditu, baina osatu ditu eta gaur egun Euskadiko txapelduna da eta Espainiakora doa. Harrobi handia eta polita daukagu herrian.

Txikitan boxeolaria izan gura zenuen?

Ez, futbolaria, hemengo mutikoen %90ek legez. Gimnasiora joaten diren gaztetxoei Askotan esan diet: "zuek egundoko zortea daukazue boxeoa ezagutzeagatik, 10, 11, 12 edo 13 urteakaz". Ni 13 urtegaz futbolean nenbilen. Ematen zuen astoak legez ez nuela alboetara begiratzerik. Beti gustatu izan zait gimnasioa, ikusten nituen Olinpiar Jokoak eta gustatzen zitzaizkidan borroka-kirolak, baina hemen ez zegoen baliabiderik. Boxeoan errebotez sartu nintzen, hanka apurtu nuelako. Gaur egun pentsatzen dut kontuak zer edo zerengatik gertatzen direla, eta eskertzen dut hanka apurtu eta boxeo ezagutu izana nahiz eta nagusitan izan, 17-18 urte nituenean. Bestela segituko nuke futbol-patxangatxoak botatzen lagunakaz edo ahalegintzen zer edo zertara heltzen, baina ez nire bokazioan.

Hainbat gazteren erreferente bihurtu zara. Ardura da zuretzat?

Erantzukizun handia daukat. Boxeoak beti eduki du makarra itxura eta hori aldatu behar izan dugu. Gaur egun ere oraindino askorentzat hala da eta umeak 13 urtegaz sartzen dira, tentsio hori bizi gura dutenak, eta pentsamendu hori aldatu behar diegu. Ni bezalako gazteak ezagututa, errazagoa izan daiteke ideia hori aldatzea. Harro nago erreferente izateaz eta balioak aldarazten ahalegintzen naiz, bai gimnasioan eskolak ematen ditudanean bai entrenatzen dudanean ere.

Garrantzitsua da erreferenteak euskaldunak izatea?

Niretzat  bai. Gaur egun Athleticen badaukagu San Jose, orain dela gutxitik Iñigo Martinez... Herri honetan euskaldun gehiago behar ditugu. Ni ez naiz herri euskaldun batekoa; Itzubaltzeta/Romo ez da gaur egun oso euskalduna. Horregatik ahalegindu behar dut herri hau euskalduntzen eta euskaraz bizitzen. Baina ez bakarrik eskola-giroan, zaletasunetan ere: boxeoan, beste kiroletan, Athleticen inguruan, kuadrillan... Eta zure erreferente batek gutxienez lehenengo berba euskaraz egiten badizu, horrek laguntzen du.

Beste zer edo zer gaineratu gura duzu?

Bai, eskerrik asko HIRUKAri, herriko jendearen eta boxeoaren irudia zabaltzeagatik. Itzuliko naizenean New Yorketik, garaipenaren ostean, berba egingo dugu berriro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun