"La memoria, herida abierta. Guerra Civil y Franquismo" liburua aurkezten zabiltza. Zelan ekin zenion proiektuari?
Antropologiako doktore-tesia egin nuen Deustuko Unibertsitatean. Ilusioa neukan liburua argitaratzeagatik, landa-azterketa zabala egin nuelako. Historia denok ezagutzen dugu, baina elkarrizketak... Jendearen sentimenduak, sufritu zutenak, bizi izan zutenak, kontatu zutenak... Zuzeneko lan hori galtzea penagarria litzateke, bizipen horiek idatzi ezean desagertu egingo liratekeelako. Deustuko epaimahaiak ere bultzatu ninduen liburua argitaratzera. Liburuan bada historia asko inork kontatu ez duena edo nahikoa entzun eta ulertu ez direnak. Liburuan jende ezaguna dago, berbarako Arzalluz edo Joseba Agirre, lehendakariaren semea, baina jende arrunt asko ere badago, inork inoiz ezer galdetu ez diona. Eta nik uste nuen lekukotasun horiek iraunarazi behar nituela.
Elkarrizketatuen artetik zeintzuk azpimarratuko zenituzke, eskualdekoen artean?
Uribe Kostan bi nabarmenduko nituzke: Elias Díez Agirregoitia eta Benito Otazua Asua. Lehenengoa nire aita zen, Sopelakoa, gizon altua, indartsua, sokatiralaria eta 15. langileen batailoiko kidea, gatibu-lanak egiteko. Hau dena hasi nuenean, nire aita daborduko hilda zegoen, baina datu horiek ezagutzen nituen. Eta hori izan zen liburua idazteko eduki nuen beste arrazoi bat. Etxean gerraren gainean berba egin genuen, gorroto edo errebantxa-gogo barik, baina gurasoak zendu ostean, pentsatu nuen gehiago sakondu behar nuela. Egunkarietara idatzi nuen 15. langileen batailoiko beste norbait topatzeko esperantzagaz. Eta Urdulizko gizon batek idatzi zidan bueltan, Benito Otazua Asua idazleak. Gaur egun hango liburutegiak beraren izena daroa. Otazua nire aita baino zazpi urte zaharragoa zen; biek elkar ezagutzen zuten. Beste konpainia batean egon arren, aitaren batailoi berean zebilen.
Zein da gehien hunkitu zaituen lekukotasuna?
Azkenean, denak. Berbarako, Otazua elkarrizketatu nuenean, 90 urte zeuzkala, birritan ekin zion negar egiteari. Hori niretzat oso gogorra izan zen. Bera batailoian zegoen eta bere aita [Benito Otazua Artaza], kartzelan, «soilik herriko alkatea izateagatik, eta ni, alkatearen semea izateagatik», esan zidan. Negargura gehien sortzen ziona zen akorduan edukitzea biak kartzelan zeudenez amak hiru anaia txikiez eta baserriaz kargutu behar izan zuela, bakarrik. Lekukotasun denetan, jendeak bere sentimenduak oparitu zizkidan: pasa zuten gose izugarria, gaixotasunak, zabarkeriak, ihes egiteagatik hil zizkieten lagunak... Jende nagusi horrek daborduko ez dauka zer ezkutatu, eta ez dabil mendeku-gosez. Eskuzabaltasuna irakatsi digute.
Lubakitik ateratako gaztearen gorpua
Alazne Díezek akordura ekarri du bere aitak hainbatetan kontatu zion historia bat. Horrelakoetan, "begirada nonbait finkatzen zuen, gerra ostean ikusitako irudi haiek desagertu izan ez balira bezala". Behin langileen batailoira gizon bat hurreratu zen laguntza eskatzera, hil zioten semea topatzeko. Elias Díez boluntario aurkeztu zen eta gizonagaz eta beste langile batzuakaz lubakietan jardun zuen, gorpuak lurretik ateratzen. «Ez, hau ez da nire semea; hau ere ez da» zioen gizonak, "bai, hauxe da" esan eta besoen artean heldu zuenera arte. 23 urteko mutiko ilehoria zen, eta kolkoan sagar batzuk zeuzkan. "Sagarrena umea nintzenetik entzun nion aitari, begirada nonbait finko ipinita zuela", gogoan dauka orain Díezek.