Elkarrizketak

Xabier Kintana: "Etorkizuneko euskara batua izango da, edo ez da izango"

Unai Brea 2018ko mai. 24a, 17:46

Euskaltzaindiko idazkari modura azken txanpa egiten dabil Xabier Kintana. Udagoienean hasiko ditu Euskaltzaindiak bere 100. urteurreneko ospakizunak, eta horiek amaitutakoan utziko du kargua. HODEI TORRES

Hogei urte bete orduko euskaltzain urgazlea zen Xabier Kintana (Bilbo, 1946), baina batuaren oinarriak finkatu ziren Arantzazuko batzar ospetsua egin zenean, urrun zegoen bera. Soldadutzan. 1996tik euskaltzain osoa da, eta 2002tik erakundeko idazkaria. Erandion bizi da.

Euskara batuak mende erdi, nork esan behar zizuen 1968an saltsa horietan zenbiltzatenoi...

Euskaltzaindiak hasieratik, orain dela ehun urte sortu zenetik, zeukan euskararen batasuna helburu. Kontua zen batasuna egitekotan, erdiko dialektoen inguruan egin beharra zegoela. Bi dialekto daude ertzetan, Zuberoakoa eta Bizkaikoa. Zuberoakoa azken buruan txikia da eta ez du horrenbesteko garrantzirik, baina Bizkaikoa oso garrantzitsua da, ia hiztunen erdia dira… Bizkaian bazegoen, Sabino Aranaren bidetik, konfederazio bat egin behar zelako ideia, euskal estatuen artean… Horren arabera, euskalki guztiak landu behar ziren. Batasuna bizkaieraren inguruan izan balitz, jende askok baietz esango zuen Bizkaian, baina ez zen hori kontua, kontua zen batasun orekatua eta euskaldun guztientzakoa behar zela. Eta begien bistan dago ertzetako dialektoak, mundu guztiko hizkuntzetan, urrunduenak izaten direla.

Hori gainditzeko 50 urte behar izan zituen Euskaltzaindiak, 1918an sortu zenetik.

Kontuan hartu behar da 50 urte horiek ez zirela urte normalak izan. Francopeko Euskaltzaindia legez ez zen existitzen; toleratua bazen, baina… Batasuna ez zen planteatzen planteatzeko modurik ez zegoelako.

Azkenik, 1968an abiatu zen batuaren sorrera. Zelan bizi izan zenuen zuk prozesu hura soldadutzako «erbestetik»?

Batasunaren aldekoa banintzen soldadu joan baino lehen ere. Beharrezkoa iruditzen zitzaidan. Munduko hizkuntza guztiek, ofizialtasun-maila batera heltzen direnean, nahi eta nahi ez batasunaren desafioa gainditu behar izan dute. Irakaskuntza, publizitatea… Horrek eskatzen du hizkuntza homologatu bat izatea. Kontua da Lekuonak, orduko euskaltzainburuak, esaten zuela euskalki guztiak landu behar zirela eta abar… Azkenik, Gabriel Arestik bultzatu zuen Arantzazuko batzarra egiteko, Euskaltzaindiaren 50. urteurreneko ospakizunak ikusita. "Ondo dago jatea eta edatea, baina egiteko bat ere badauka erakunde honek", esan zuen, eta aktan ipini zedila eskatu. Horrek ekarri zuen gero Arantzazuko bilera egitea.

Aresti bultzatzaile, baina Mitxelena gidari.

Batasunaren liderra, produktuaren diseinatzailea, Luis Mitxelena izan zen, bai. Haren euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna dudagabekoak ziren, gerra-denboran hiltzera kondenatuta egon zen... Esan nahi dut sabindarrentzat ere onargarria zela, begi onez ikusten zuten. Hori oso inportantea zen, garai hartan batasunaren alde egiten genuenok ezkertiarrak izan ohi ginelako. Komunista, marxista... ez dakit zenbat gauza esaten ziguten. [Aita] Villasante marxista, bai ba!

Modu batean edo bestean, kontua da batuaren oinarriak ipini zituztela Arantzazun.

Bai. Lehenengo eta behin, ortografia. Gero deklinabidea, eta aditza. Gauza sinpleak erabaki ziren, baina bidea markatu zen. Ni aditza aztertzen ari zirenean itzuli nintzen Euskaltzaindira, soldadutzatik. Eta ikuspegi politiko batetik harrigarria izan zen: nahiz eta batuaren sorrera oro har ezkerreko jendeak bultzatu, lider modura Mitxelena aitortzen genuela guztiok, eta Mitxelena EAJkoa izanda, oso erraza izango zukeen EAJk esatea "Mitxelenak egin du batasuna eta hau gure gain hartuko dugu, gure gizona da eta". Gutako inork ez zukeen txintik esango. Baina ez zuten jakin horretaz baliatzen. Esango nuke garai hartako EAJko buruek ez zekitela batasuna egiten ari zenik, Jupiterreko gauza arraro bat balitz bezala. Garaikoetxea lehendakari izan arte ez zen inolako pausorik egin alde horretatik, Mitxelenaren alde. Esango nuke Mitxelena nahiko bakarrik ibili zela, ezkerreko edo bestelako jendeak bultzatuta.

Zelangura, prozesuak aurrera egin zuen.

Bai, baina harrigarria izan zen Arantzazuko batzarra amaitu eta hasieran ez zela inolako pausorik eman bide horretatik segitzeko.  


Testuinguru politikoak ez zuen lagunduko. Hego Euskal Herrian frankismoa zegoen oraindino, besteak beste.

Ez zen horregatik, politikak ez zuen ez alde ez kontra egin, Franco eta hemengo abertzale gehienak ez ziren horretan sartzen.

Baina agian garai korapilatsu hartako abertzaleentzat hizkuntza ez zen lehentasuna.

Bilbon, herri deseuskaldundu batean, Sabino Aranak jarritako naziotasunaren oinarriak faltsuak eta oso kaltegarriak izan ziren. «Inportanteena ez da hizkuntza, arraza da». Eduki dugun etorkin mordoa integratu nahi baduzu, hori esatea suizida da. Giro hori zegoen, eta euskarak, ba tira, herrian, familian... bazuen lekutxoa, baina gauza praktikoetarako ez. Pentsa, gerra ondoan hasi zen euskara erabiltzen Euskaltzaindiko lan-hizkuntza moduan, lehenago erdaraz egiten zen. [Federico] Krutwigek bultzatu zuen euskara erabiltzea, bileretan eta. Krutwigek ikuspegi modernoa ekarri zuen Euskaltzaindira, nazioartekoa. Baita zenbait gehiegikeria ere.


Arantzazuko bileraren ostean, hasieran, bidean aurrera egiteko pauso handirik eman ez zela esaten zenbiltzan.

Bai, hala da. Azkenean hauteskundeak egin ziren Euskaltzaindian, euskaltzainburu berria aukeratzeko. Lehenago ez ziren egiten, baina norbaitek eman zuen estatutuen arabera egin behar zirela. Izan ziren hainbat "konspirazio" eta batzuek erabaki zuten Aita Villasante aurkeztea, Mitxelenaren onespenaz. Boto gehienak batu zituen. Eta Villasanteren denboran gauza garrantzitsu bat egin zen: ordura arte ia batzorderik ez zegoen, gauza guztiak guztien artean erabakitzen ziren. Eta hark esan zuen, "honela ezin da". Batzordeak egin ziren, bakoitzak nahi zuenean izena eman eta gero erabakiak osoko bilkurara eramaten ziren, bertan berresteko, zuzentzeko… Sistema horrekin eman zitzaizkion azken ukituak idazkerari, ortografiari. Egia esan horretan ez zegoen inongo arazorik. Gogorragoa izan zen aditz laguntzailea, ni batzorde horretan egon nintzen.

Zergatik gogorra?

Alde handiak daudelako euskalkien arabera: eman dizut, eman derautsut, eman dautsut. Gure artean, Krutwigek zeukan prestigioagatik, askok lapurtera klasikoaren alde egiten genuen. Mitxelenak, berriz, nahiago zuen gipuzkera eta nafarreraren sistema. Bizkaitarrok ikusi genuenean argi eta garbi bizkaierazkoa ez zela aterako, nahi genuen, gutxienez, euskara batuan ahalik eta bizkaieraren elementu gehien sartzea. Bizkaiko jendeak esan ez zezan "aizu, euskara batu hau ez da ulertzen, ez da gurea inondik ere". Horregatik, "izan" aditzean, esaterako, ni naiz, hi haiz, hura da, eta gu gara, gu gera-ren ordez. Gara Bizkaian esaten da, baina baita Lapurdin, Nafarroan eta beste leku askotan ere.

Tarteka bueltatu egiten da batuaren eta euskalkien arteko harremanaren gaineko eztabaida. Halako momentu batean gaudela esango nuke, gainera.

Hor badira irizpide zientifikoak eta irizpide interesatuak. Batzuek esaten dute "naturalena euskalkia da", "bizia hor dago"… Baina badira pertsona batzuk esaten dutenak "nik ez dut inoiz estudiatu ezer, ez euskalkia ez batua, baina gutxienez bizkaiera badakidanez, bizkaieraren alde egingo dut, horrela ez dut euskara batua ikasi behar". Behin Ermuko alkate batek esan zidan "nik euskara baturik ez dut behar, bertokoekin hitz egiteko nahikoa badut». Zelako pentsaera, "nik ez dut ezer irakurtzen euskaraz, ez dudalako ulertzen euskara idatzia". Baina ez dakizu euskara idatzia, ez batua ez euskalkikoa. Eta batuaren kontrako hori esaten duzu, zure euskalkian ezkutatzeko mintzatze-mailan, baina ez idatzizkoan. Jende asko dago horretan: dakien bakarra herrikoa da, eta orduan defentsa egiten du interesatzen zaiolako, lotsagarri ez gelditzeko. Ze, norbaitek esan dezake "zuk zergatik ez dakizu bestea, analfabetoa zara orduan? Eta analfabetismoa onartzen duzu?". Pertsona bati ezin diozu hori leporatu aurpegira, ez da gizabide onekoa, baina...  

Beti esaten da euskalki bat galduz gero euskara anputatu egiten dela, zelanbait. Bestalde, agerikoa da hizkuntza oso garatuetan dialektoen arteko aldea askoz txikiagoa dela euskalkien artean baino. Traumarik gabe onartu beharko genuke galera hori?

Dudarik gabe, munduko hizkuntza guztietan gertatu den galera da. Hala ere, gaineratuko nuke ahalegina egin behar dugula euskalkiek dauzkaten zenbait berezitasun "pertsonal" batuan txertatzeko. Hori bultzatu nahi dugu batzuok, Bizkaitik behintzat.

"Euskaltzaindia etengabe arau berriak ematen eta hiztunak zoratzen dabil". Egia, mitoa...?

Mitoa da. Eta gauza batzuk ez dira transmititzen arauaren bitartez, baizik eta irakurriz. "Hara, orain arte hau honela esaten zen eta orain begira nola dakarren idazle honek". Beraz, kontua ez da Euskaltzaindiak esaten duela, baizik eta usadioak aldatzen direla.

Zer ekarriko du etorkizunak?

Etorkizuneko euskara batua izango da, edo ez da izango. Eta izango ez bada, galduko delako da. XXI. mendean pentsatzea hizkuntza bat bizi daitekeela literaturatik aparte, dauzkagun medio teknologikoak aintzat hartu gabe, amets hutsa da. 

 

"Kintanakeriak"

"Idazleok, kazetariek... ahalegina egin behar dugu euskalkiek dauzkaten berezitasunak bultzatzeko", dio Xabier Kintanak. Arazoa da, ordea, Euskaltzaindia barruan ados ipintzea ez dela beti erraza. Bizkaian bakarrik erabiltzen den "neba" berbaren adibidea aipatu digu erakundeko idazkariak: "Ni batuan sartzearen aldekoa naiz, hau da, araua izan dadila, aberastu egiten du eta. Baina gipuzkoarrak ez dira hitz horrekin ordezkatuta sentitzen eta... Horiek `kintanakeriak´ omen dira".

Pintxo-potea, edo erdararekiko morrontza

"Esango nuke Sabino Aranaren garaiko purismo absurdotik kontrako muturrera pasatu garela. Pintxo-pote, esaterako". Bistan denez, Kintana kexu da euskarak bere lexikoa sortzeko daukan gaitasun (edo gogo) ezaz: "Edozein erdaldunek asmatzen du edozein gauza eta tx ipiniz gero euskara omen da. `Kuantiko´ esateko nazioarteko hizkera erabili beharko dugu, noski, baina `pintxo´ esateko ez geneukan hitz hoberik? Euskaraz badago txitxiburduntzia, pintxo morunoen modukoa. Janarian landarekia ez den partea da txitxia, okela, edo arraina. Nik proposatu nuen tabernetan zotz bat ipinita saltzen direnei txitxi-zotza esatea, edo halako zerbait. Jakina, sasoiaz asmatu behar da hitza, orain beranduegi da. Baina inork ez digu galdetu nola esango genukeen Euskaltzaindian. Pintxo-pote ipini eta kito". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun