Gerra, Uribe Kostatik mundura

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 26a, 16:35
Gaurko martxa, Senerren.

Yemengo eta beste lekuetako gerrak Uribe Kostan hasten direla salatu du Euskal Herriko mugimendu feministak, Areetako Sener enpresan.

Areetan egoitza nagusia duen Sener nazioarteko enpresak ingeniaritza-proiektuak ez ezik armak ere ekoizten dituela salatu du gaur Euskal Herriko mugimendu feministak. 120 bat pertsonak baino gehiagok parte hartu du Bizkaia Zubian hasitako manifestazio feministan, "Feministok Gerrari Planto!" leloaren pean. Martxak aurrera egin du Areetako eta Neguriko kaleetatik, sozietatearen egoitzara heldu arte. Bakezaleek "Gerra hemen hasten da!" goiburuko pankarta eta gezurrezko misilak zintzilikatu dituzte lantegiko hesian, manifestazioagaz segitu aurretik.

Oihane Landazabal Haziak Algortako gazte feministak taldeko kidearen arabera, "manifestazioa antolatu dugu Areetan badagoelako Sener armagintza-enpresa; gura genuen adierazi gerra ez dela gerra-esparruetan bertan sortzen, baizik eta hemengo armagintza-enpresetatik bertatik edo Armadaren sostengutik eragiten dela. Hori salatzera etorri gara".

Izan ere, feministek irmoki salatu dute gerra Euskal Herriko hainbat tokitan hasten dela, berton hain errotuta dauden enpresek armagintzarako egiten duten jarduna dela medio. Martxan, "bortizkeria heteropatriarkalik gabeko mundua eraikitzearen" aldeko aldarria egin dute, Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko Eguna eguenean izan zela gogoan hartuta.

Gerrak "gure eskualdetik propio eragiten dira"

Ane Lada Muñozek ere argi utzi du "gerrak ez direla lubakietan hasten; gure eskualdetik propio eragiten dira, eta ondoan daukagun Santurtziko portutik ere armak atera izan dira eta suposatzen dugu ateratzen segitzen dutela. Ekimen honen bidez espero dugu hori ikustarazi izana eta argi azaltzea gerra Uribe Kostatik ateratzen dela", azaldu du Haziak taldeko kideak.

Emakumeak gerrateen kontra agertu dira feministen martxa antimilitaristan. Hala, suntsipen eta heriotzaren aurka ez ezik, gatazka-garaietan emakumeak hartutako posizionamendu ausartez ere berba egin dute eta, halaber, bakearen bidea eraikitzeko momentuetan feminismoaren presentziaren premiaz.

Feministek ozen salatu dute Euskal Herriko lurraldeetan armagintzaren negozioak duen presentzia; Euskal Herriko ehun enpresa inguruk parte hartzen du gerraren negoziorako industria militarrean. Eta, gaurkoan, Sener Ingeniaritza hautatu dute salaketarako ikur gisa. Gogorarazi dutenez, Areetako enpresa historikoa aditua da elektronika militarrean, zaintza, tiroketetarako sistemak eta misilen kontrolerako sistemak diseinatzen. "Hori da, hain zuzen ere, enpresa horren marka; finean, heriotzarako teknologia eraginkorragoa izateko berrikuntza, eta, batez ere, sistema bat elikatzeko, non boteretsuak gerragaz aberasten diren, zibilen artean eta herrietan miseria eta suntsipena eraginez, hondamendi naturalak eragiteaz gain", salatu dute mugimendu feministako kideek.

"Badakigu gerra horren sostenguak interes ekonomikoak ekartzen dizkiela boteretsuenei; horregatik interpelatu ditugu erantzukizuna daukaten boteretsuak" azpimarratu du Oihane Landazabalek. Izan ere, gaurko martxak salatu ditu erakunde publikoen, gobernuen eta bankuen papera gatazkei eta militarizazioari eusteko, baita gatazkei "etekin ekonomikoa ateratzeko politikak" ere. Hala, ikusmiran ipini dituzte enpresa transnazionalen rolak, "herri osoak suntsitzen dituztelako, zibilen sarraskiak eragiten dituztelako eta horien defendatzaileak kriminalizatzen dituztelako sarri".

Bestalde, gastu militarrak bertan behera uztea erreklamatu dute emakumeek. Horregaz batera, "arma-erosketarako, base militarren instalazioetarako, armadaren mantenurako eta halakoen azpiegituretarako erabilitako aurrekontu publikoen erabilera" eta Armada bera amaituko lirateke ere. Gainera, proposamenak egin dituzte parte-hartze parekideak sustatzeko, bai gatazken prebentzio eta kudeaketa garaian bai gatazkek dirauten bitartean zein berauen ondoren, emakumeen eta gizonen arteko desoreka apurtu eta maila berean jarduteko beharra nabarmenduta. Horri lotuta, ezinbestekotzat jo dute gerretan emakumeek pairatutakoak onartzea, baita bakearen alde emakumeek historikoki egindako lana aitortzea ere.

Hezkidetza herrikoia eta bakerako hezkuntza dira feministen ikuspegitik aurrera egiteko bideak, eta biolentzia eta jarrera sexistak goraipatzen ez dituen elkartasun-sistema bat eraikitzea aldarrikatu dute, "alternatiba bakarra" legez; hortaz, deitu dute kontzientzia eta ardura kolektiboak hartzera eta emakumezkoen gorputzekiko, askatasunarekiko, lurraldeekiko eta bizitzekiko mehatxuakaz amaitzera.

Gerra, heteropatriarkatuaren muturrik bortitzena

Gerra eta bere bortizkeriaren aurka, feministek aldarrikatu dute bizitza erdigunean ipintzea eta bestelako mundua eraikitzea: "Gerra hondamendia da, feminismotik aldarrikatzen dugun bizitza jasangarri baten kontrako adierazpena. Gure herrian armak ekoiztu eta esportatzen direla badakigu, eta arma horien helmugak, industria militarrak behin eta berriz elikatzen dituen gatazkak dira. Feminismoak ez duelako emakumeok, gure gorputzak, gure bizitzak, gure askatasuna eta gure lurraldeak zapaltzen dituen eredu sozialik gura".

Modu berean, emakumeek adierazi dute gerretan heteropatriarkatua esponentzialki biderkatzen dela "infinitura arte", eta "emakumeen aurkako muturreko biolentzia, suntsiketa estrategiaren parte" bihurtzen dela. Armadan ipini dute fokua, jendartearen "erakunde patriarkal garrantzitsuenetarikoa" dela adierazi dute, gizon-emakume dikotomiaren berezko desberdintasunen adierazgarrienetakoa delakoan: "boterearen hierarkizazioa, buruzagia eta bere dominazioa gurtzea, obedientzia, biolentzia fisikoa, kritikotasun falta, 'mutilen' zirkulu itxia", eta abar. "Indarrean eta agresibitatean oinarritutako maskulinitate-eredu hori" gazteen artean zabaltzen dabilen erreferentzia dela esan dute, kezkatuta.

Bestalde, historikoki emakumeek gerraren gaitzak psikologikoki, sozialki, ekonomikoki eta fisikoki pairatu dituztela ekarri dute gogora. Besteak beste, emakumeen bortxaketa masiboak gerraren parte integrala izan dira, oroitarazi dutenez. Emakumeak eta euren gorputzak "gerra-harrapakin" gisa jo izan dira batzuetan, besteetan "txanpon-truke, gerlariaren atseden edota gudu-zelai" gisa, besteak beste. Kasu horietan denetan, emakumea objektu-mailara beheratua izan da eta gizonaren jabetzatzat hartua, salatu dute.

Bakezaleek nabarmendu dutenez, "gerretan kapitalismoa eta patriarkatua bateratzen dira, interes ekonomikoak direlako gerrak eta euren makinaria osoa mantentzen dituztenak; gerrek landa-eremuak suntsitzen dituzte eta, horrenbestez, herritarren baliabide eta mantenu-gaiak zapuzten dituzte. Horrela, pobrezia ekonomikoa areagotzen da, mendebaldearenganako menpekotasuna handitzen den bitartean. Gertakari hori enpresa eta transnazional handiek euren mesederako erabiltzen dute, gobernu eta instituzioen isiltasuna dutela medio. Kolonialismo basati horren areagotzea dela eta, emakumeak menpekoago bihurtzen dira".

Gerraren aurkako emakumeen eguna

Euskal Herriko mugimendu feministak gaur Areetan gogora ekarri duenez, 1982. urtean, NATO-ren kontra emakumeek burututako borroken oroimenean, Bakea eta Armagabetzearen aldeko Emakumeon Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zen, bereziki, Greenham Common-en egindako protesta eta ekintzetan parte hartutako emakumeen memorian. Izan ere, urteak dira feminismotik gerra eta armagintzaren negozioa arbuiatzea aldarrikatzen dabilela: Greenhameko kideek egin zuten bezala Wipnet-kideek (Women in Peacebuilding) ere ekin zioten, Women in black-eko ahizpek egin bezala, beste askoren artean. Euskal Herrian, berriz, mugimendu feministak lehenengo urratsak eman zituen duela hainbat urte, NATO-ri uko egin zionean. Aipatutako protestak historiaren hainbat momentutan mantendu ziren (Golkoko gerran, Bosniako gerran emakumezkoen gorputzek pairatutako bortxaketa masiboak gertatu zirenean, edota Afganistango inbasioa salatu zenean, zein Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako dinamiketan ikuspegi feminista txertatuz...), "beti ere antimilitarismoan, internazionalismoan eta elkartasunean oinarritutako ikuspegi batetik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun