Elkarrizketak

"Eliza oso-oso produktu ona da; ondo 'saltzea' da gakoa"

Unai Brea 2018ko eka. 14a, 16:20

Uriarteren ustez "hutsegite ikaragarria" litzateke Elizak Jaungoikoa gutxiago aipatu eta lan soziala azpimarratzea. "Elizak zerbitzu sozial izaera dauka Jaungoikoa bere mezuan dagoelako, hain zuzen". HODEI TORRES.

Iazko abenduan ordenatu zen Borja Uriarte 26 urteko bilbotarra, eta honenbestez Bizkaiko abade gazteena da, hilabete batzuk barru seminarioko kide ohi batek "erreleboa" hartuko badio ere. Sopela, Urduliz eta Barrikako abadea da gaur egun.

Abade bat hiru herritarako, gero eta gutxiago zarete...

Egia da, gutxi ordenatzen gara eta asko jubilatu. Hor daukagu erronka bat. Joera, orain, parrokiak batzea da, hainbat parrokiatarako abade bakarragaz, eta bertako jendeagaz elkarlanean, egitekoak aurrera ateratzeko. Eskualdeak berregituratu behar dira abade bat egon dadin behintzat meza guztietan. Berbarako, herri bakoitzean ordutegi bat ipiniz. Horrez gain, erretiratutako abadeek asko laguntzen dute, eta ez meza emateko bakarrik.  

Hamazortzi urte zeneuzkala sartu zinen seminarioan. Zenbat zineten?

Lehenengo urtean bi sartu ginen, eta urte batzuk kanpoan emandako bat itzuli zen. Guztira zazpi inguru ginen. Baina amaitu nuenean hamaika geunden, eta gaur egun ere antzera.

"Nik uste nuen bakarra edo gehienez bi egongo zirela", pentsatuko du batek baino gehiagok. Bestela esanda, bokaziorik ez dagoela.

Hamaika gutxi dira Bizkaiko biztanleriagaz konparatuta, baita herrialdean dagoen abade-premia kontuan hartuta ere, baina ez da kopuru makala. Beharbada horixe da egon behar duen kopurua, eta guri erronka berriei eustea eta logistika-arloan zenbait gauza berregokitzea dagokigu.  

Izan ere, horretan zabiltzate, ezta?

Bai. Esan dezagun bokazio-falta Europako arazoa dela guztiz. Europa maila askotan dabil txarto, ez erlijioari dagokionez bakarrik. Besteak beste, biztanleria oso zaharkituta dago, eta halakoxeak dira ondorioak. Gainerako kontinenteetan Eliza hazten dabil, edo zenbakiak ez dira hain txarrak behintzat. Gazteagoak dira, eta espiritualtasuna beste modu batera bizi dute. Gaur egun, Hego Amerikatik, Indiatik... etortzen dira laguntzera behinola misiolari-lurraldea izandako Europara. Bizkaia bera izan da misiolari-iturri garrantzitsua. Orain, zelanbait esatearren, guri mesedea bueltatzera datoz eurak.

Mesedetzat daukazu?

Ebanjelizatzea oparitzat daukat, bai. Balioak transmititzen dira. Egia da oker handiak egin direla historiako momentu batzuetan, ez genituzke geure buruak zuritu behar, ezta epai anakronikorik egin ere. Baina ebanjelizatzen duzunean, eta ondo egiten duzunean, itxaropenezko mezua zabaltzen duzu. Gaur egun batez ere, zenbat zauri dagoen ikusita, fedeak lagundu egiten dio fedea daukanari.

Zenbat bider entzungo zenuen: "Hain gazte, eta abadea!".

Denboraz gainditu egiten dela esan ohi dut, kar kar.

Txantxak albo batera utzita, gaur egun gazteentzat dagoen kanpo-estimulu eskaintza izugarria kontuan izanda, gauza askori uko egitea da abade joatea?

Ukoak egon badaude, egia, eta ematen du abade izateagatik hemendik kanpora pentsaezinak diren gauzei egiten zaiela uko. Baina bizitzea uko egitea da. Unibertsitatean karrera bat aukeratzen baduzu, besteei uko egiten diezu. Norbaitegaz ezkontzen bazara, munduko beste pertsonei uko egiten diezu. Gaur egun modan dago ezeri uko ez egitea, aukera guztiak eskura edukitzea, gura dudana gura dudanean egiteko. Horrek ondorioak dauzka, eta bere horretan ukoa ere bada. Nik aukeratutako ukoak neure bizitzan txertatzen ikasi behar dut, modu sanoan, bestela korapilatu egiten da kontua. Erlijioari lotutako bizimodua, familia bat eratzeari uko egitea, zelanbaiteko bakardadean bizitzea... Naturaltasunez berba egiten dugu gauza horiez, ez dago ilunkeriarik hor.   

Bizimodu bakartia da abadearena?

Badago bakardaderik, ez familia bat osatzeko ukoagatik bakarrik, baita beste arlo batzuetan ere. Ni kide bategaz bizi naiz Plentzian, abade-etxe batean, nor bere apartamentuan, eta ez gara sarritan egoten elkarregaz. Baina bila daiteke bakardadea modu osasungarrian bizitzeko bidea; bakardadea ez da berez txarra. Ni, egia esanda, bilerak direla, topaketak direla, egun osoa parrokietan... ez nago bakarrik ia momentu batean ere, hala ere badago norberaren bizitzan txertatzen asmatu behar den bakardade moduko bat.

Zelibatua kentzeak ez luke lagunduko bokazio-kopurua handitzen?

Zenbakiek erakusten dute ezetz. Eliza protestanteetan eta anglikanoan baimenduta dago ezkontzea (horietan abade izateak beste esangura bat badauka ere, dena esan behar bada) eta kontua ez dago hobeto horietan. Arazoa soziala da, ez zelibatuarena. Eliza katolikoan diziplina-neurria da, beti egon ez dena, eta berriro kendu litekeena, ez da mugiezina.  

Kontuak kontu, "abadeak bai ondo bizi!" esan ohi da.

Hori egia da; ondo bizi gara. Ni ordenatu baino apur bat lehenago ranking bat argitaratu zuten ez dakit non, lanbiderik zoriontsuena gurea zela zioena. Bigarrena suhiltzaileena zen. Ondo bizi gara jendearengandik oso hurbileko lana egiten dugulako, eta horrek asko laguntzen duelako zoriontsua izaten, ordainean asko jasotzen baita. Bestalde, sufrimendu ugari partekatu beharra dago, baina horrek ere aberastu egiten du. Eta agerikoa da Jaungoikoagaz harremanak ere ekarpen handia egiten digula; suposatzen dut jende asko ez dela honegaz ados egongo, baina tontokeria kentzeko oso lagungarria da.  

Zein zentzutan?

Erreferentzia bat daukazu. Eta ez daukazu oso epe laburreko proiekturik. Bizitzaren zergatia (eta halaxe ikusten dut inguruan) ondo pasatzea bada, zer gertatzen da? Bada, aste-akabu osoan irteteko indar nahikorik ez daukadanean txarto pasatzen hasiko naizela, edo goizaldeko seiak arte eutsi ahal izateko zenbait gauza egiten hasiko naizela, gerora ordaina ekarriko didatenak; aste-akabuan ondo pasatzea baita nire bizitzako ideia nagusia. Hori oso zabalduta dago gaur egun. Hemen, berriz, horrela ez jokatzen laguntzen duten erreferentziak dauzkagu, eta nire ustez hori ondo bizitzea da.

Bat etorriko zara nigaz jendartea Elizatik urruntzen dabilela, bizitzaren errito garrantzitsu batzuetan oraindik indarrez zabiltzaten arren. Ezkontzak, hiletak...

Tira, ezkontzetan dagoeneko ez e? Hiletetan bai, hori bai. Arlo zibila indarra hartzen dabil, eta niri oso ona iruditzen zait hori.

Baina oro har zuengandik aldentzen dabil jendea. Birziklatu egin beharko luke Elizak?

Hainbat eremutan badabil. Baina ez da birziklatze-kontua, gauzak esateko moduarena baino. Uste dut Elizaren erronka nagusia marketina dela. Produktua oso-oso ona da, ondo «saltzea» da gakoa. Eta estrategia onena hurbiltasuna da, apaltasuna, gardentasuna. Erratu egiten bagara, esatea. Eta berba hutsalik ez erabiltzea, gizakiak garela onartzea. Benetakoak izan behar dugu, eta sinesten ez dugunik ez esatea. Aita sainduagaz hori jazo da: ulertzeko moduan esaten ditu gauzak.

Mezutik Jaungoiko apur bat kentzea eta arlo sozialean egindako lana gehiago azpimarratzea ez litzateke estrategia ona?

Ez, hutsegite ikaragarria litzateke. Elizak zerbitzu sozial izaera nabarmena dauka Jaungoikoa bere mezuaren barruan dagoelako, hain zuzen. Ostera absurdoa litzateke, beste GKE bat bihurtuko ginateke. Badago hala garela pentsatzen duenik, izan ere; pare bat garagardo edaten dugun bitartean eztabaidatu genezake horretaz [irribarre]. 

Eztabaidatu dezagun orain.

Elizak badauka GKE izaerarik, zerbitzu sozial parte bat daukalako. Hori agerikoa da. Beste inkesta bat aipatuko dut: ospe onaren ranking batean azkenetakoa suertatu zen Eliza, Espainiako Errege Etxeagaz eta alderdi politikoakaz batera, besteak beste. Zerrendaren goiko aldean GKEak zeuden hain zuzen, eta beharbada futbol-talderen bat.    Baina ranking hori bera bazterkeria-eremuetan egin zen, espetxeetan eta halakoetan, eta Eliza izan zen lehenengo edo bigarrena. Elizak zerbitzu sozial-sare liluragarria dauka: ospitaleak, eskolak, Cáritas bera... Cáritas ere eliza baita, Elizaren muinean dago izan ere, Elizak ez dauka zentzurik karitate barik. Are gutxiago Jaungoiko barik. Jaungoiko barik, amaitu egingo litzateke Eliza. Gauza biek egon behar dute.

Jendea elizetara bueltatzea da zuen helburua?

Ez, ez da kopuru-kontua. Gakoa da bertan dagoena benetan egotea. Benetakotasun handiagoa edukitzea da erronka nagusia. Hori da lehen aipatu dudan marketinaren muina, nire ustez. Horrek jendea erakarriko du? Auskalo. Oso gai konplikatua da, ez da Elizaren kontua bakarrik. Jendartean bertan sekularizatze handia dago, beste lehentasun batzuk dauzkagu orain, beste kezka batzuk daude, horietako asko oso ulergarriak noski. Orduan, Elizak badauka zer esanik? Jakina badaukala! Baina zenbait gauza esateko, lehenik eta behin horiek sinetsi beharra dago. Ez diot ez dugunik hala egiten; esan gura dudana da kanpoko jendeak ikusi egin behar duela zintzotasunez gabiltzala. Egiten diguten kritikarik handienetako bat da sekta garela, ilunpean gabiltzala... Tira, zergatik esaten da hori? Ezjakintasunagatik? Bai. Pertsona batzuek edukitako bizipenengatik? Baita ere. Horren gainean autokritika egin beharko dugu, bada.  

Egiten duzue nahikoa?

Ahalegindu egiten gara, eta pertsona bakoitzaren araberakoa ere bada. Eliza jainkotiarra da, baina gizatiarra ere bai. Elizan bekatua dago, noski. Konbertsioa ere egotea da helburua. Elizan, eta Elizatik kanpo.

 

Abade izateko bidea

Borja Uriartek  ez dauka gogoan abade izateko erabakia hartu zuen une jakinik. Apurka-apurka barruan hazi zitzaion sentsazio-multzo batek eroan zuen orain daukan bizibidera. Familia katoliko praktikante bateko semea, eskola erlijiosoan ikaslea... Ez zen hori nerabezaroan mugitzen zen giro bakarra, baina gustura zebilen hor. Batxilergoko bigarren mailan, etorkizuna planifikatzen zebilela, erabaki zuen "Jaungoikoa ekuazioan sartu" eta seminarioan proba egitea. Ez zaio damutzen.  

"Ez dut hau lanbide bategaz parekatzen"

Abade batek ez dauka eguneroko errutina finkorik, suertatzen dena baino. HIRUKAgaz egon ostean, berbarako, Urdulizko elizara joan behar zuen Borja Uriartek, elikagai-bankukoakaz egotera. Eta ondoren Gorlizko ospitalera, gaixoak bisitatzera. Parrokiako boluntarioakaz bilerak, diru-kontuak egin... Bulego-lan gutxi, hala esatea zilegi bada: "Meza prestatzea otoitz egitea da batez ere; esan behar den gehiena badago aurretik ezarrita". Egunero-egunero eman behar du meza, eta oporrik ez dauka, baina suerta dakioke oso zeregin gutxiko goizen bat, hamalau orduko jardunaldia suerta daitekeen bezala. "Ez dut hau lanbide bategaz parekatzen, ez dut egunero joan behar obrara, edo zortzi orduz bulego batera; lanbidea baino, bizitzeko modu bat da". Hilean mila euroren truke, bide batez esateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun