Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, uraren kalitatea aztertzeko astero egin ohi duen osasun-kontrolaren emaitza aintzat hartuta, hondartzak bainurako zabaltzea erabaki dute; izan ere, hondartza denek osasun-kontrol hori gainditu dute.
Azken asteetako euriteen ondorioz, estoldetako ur zikina itsasbazterrera iritsi zen eta kutsadura maila altuagatik bainua debekatzea erabaki zuen Jaurlaritzak. Hala ere, hainbat hedabidek kontrakoa esan arren, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ukatu egin du uraren kutsadura eragin duen isuria Galindoko (Sestao) ur-araztegian gertatu zenik, eta euriteakaz gainezka egin zuen estolderia-sareari egotzi dio dena.
Azalpen-eske
EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, eta Osasun Sailak, URA agentziak eta Ur Partzuergoak Udalei eta hiritarrei informazioa ez ematea salatu du.
Alderdi Popularrak, berriz, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, saneamendu sarean "kolapsoa" eragin zuten arrazoiak azaldu ditzan.
Azkenik, Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, hainbat galdera erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzako kideek Legebiltzarrean azalpeak eman ditzaten.