Umeen kontrako indarkeriaren "zigorgabetasuna" salatu dute 800 lagunek Algortan

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 25a, 13:22
Ehunka pertsona atera zen kalera, umeen aurkako indarkeraia salatzera.

Zortziehun bat pertsonak eman zion atxikimendua atzo Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez! plataformak Algortan antolatutako manifestazioari, esparru horretan dagoen zigorgabetasuna salatzeko.

Plataformaren ekimena babestu dute 24 elkarte feministak eta dozenaka eragile gehiagok. Denek salatu dute umeen kontrako indarkeria patriarkala eta "babes osoa" agertu diete eraso dituzten umeei. Manifestarien ahotan ere, "txikitxo, nik sinesten dizut" izan zen oihurik entzunenetako bat atzo.

Hala, erasotzaileen "zigorgabetasun izugarria" agerian uztea izan zen atzoko martxaren beste helburuetako bat: "batetik jendarteak errealitate horri aurrez aurre begiratzen ez diolako eta, bestetik, eta bereziki, epaitegietan adingabeak euren erasotzaileen esku uzten dituztelako". Antolatzaileek oroitarazi zutenez, sexu-gehiegikeriei dagokionez, eguneroko errealitate lazgarria dira: Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformak ohartarazi zuen lau neskatiletatik batek sexu-abusuak jasaten dituela 13 urte bete aurretik, eta egoera bera bizi dutela zazpi mutikotatik batek. Kasu horien %90etan, erasotzaileak familia barruko gizonezkoak direla azaldu zuten. 2010ean Europako Kontseiluak berak Bostik Bat kanpaina abiatu zuela gogora ekarri zuten.

Atzoko ekimenaren bidez, plataformak apurtu gura izan du umeen abusuak "etxean gelditzeko kontuak" direneko ideiagaz: "Ez ditugu umeak bakarrik utziko", agindu zuten, "nahiz eta ikusten den legez, kasurik gehienetan salatzeko gai izan ez direnean". Izan ere, umeek jasandako sexu-abusuengatik aurkezten diren salaketen %90 ez da ahozko epaiketara heltzen. Plataformaren esanetan, kasu askotan salaketak artxibatzen dira Justizia-administrazioak neska-mutilen testigantzari sinesgarritasuna ukatzeko joera duelako eta epaileek ez dituztelako errespetatzen perituen, forentseen eta zerbitzu sozialetako langileen lekukotasunak eta balorazioak: "Langile profesionalak daude sare publikoan eta aintzakotzat hartu behar dituzte, froga-balio berezia behar lukete. Epaileak epai dezala, baina balorazioa adituen esku uzteko obligazioa du", oroitarazi dute. gaur egun horrela ez denez, faltsuan itxitako kasuak berrirekitzea exijitu du plataformak.

Antolatzaileek salatu dutenez, indarkeria horren gotorleku nagusia da patriarkatuaren oinarria den familia nuklearra. Gehienetan, familia eredu hori eta bere inguruko sarea dira umeen aurkako indarkeria isildu horren "babesleku". Gainera, atzo salatu zutenez, neska-mutilek oso txikitatik bizi dute biktima berriro izatea: "Ez dituzte sinesten, euren berbak ez dituzte aintzat hartzen, ez du ezertarako balio izaten sufritu dutena adieraztea, berba eginez, irudiak eginez, behin eta berriz kontatzera behartuta badaude ere". Nahiz eta perituek babestu, auzien %90 bat artxibatzen dute, eta beste %10eko kasu askotan erasotzailea absolbitzen dute, Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez! plataformaren arabera.

Umeak ez dira Justiziak sinesten ez dituen bakarrak. Salaketa gehienetan amek ipintzen dute eta euren berba zalantzan jartzen da, "sistema judizialaren egitura patriarkala dela eta". Seme-alabak manipulatu dituela edo gezurra esan duela leporatuta, seme-alaben zaintza kentzeraino prozesuak abiatzen direla gogoratu zuten atzokoan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun