"Erakundeei dagokie migratzaileak artatzeko baliabideak ipintzea"

Unai Brea 2018ko abu. 16a, 15:59

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak, zapatuko ekitaldia hasiko den lekuan. © UNAI BREA

Orain dela hiru urte sortu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformaren Gorliz, Lemoiz eta Plentziako taldea. Zapatuan, abuztuak 18, errefuxiatuen eta migratzaileen aldeko ekitaldia egingo dute Gorliz eta Plentziako hondartzetan, "Inor ez da ilegala" goiburupean. Erakundeen inplikazioa eskatzen dute pil-pilean dagoen arazoari konponbidea emateko.

OEEko hainbat kidegaz berba egin dugu ekitaldirako egun bi falta direnean, zapatuko ekitaldia hasiko den leku berean: Arkote arrapala, Plentziako hondartzaren hasiera. Hitzordua, 12:30an. Batzuek oinez, beste batzuek itsasoz, Gorlizko badia zeharkatuko dute aldez alde, Astondoraino, "itsasoan hildako migratzaileak gogoratzeko".

"Hildakoak gogoratu", diozue. Gaiaz ahazten gabiltza?

Ez dugu uste. Irudiak orain hilabete batzuetakoak bezain krudelak ez izan arren, gaia pil-pilean dago, egunero gertatzen ari delako Mediterraneo aldean. Lehen ekialdean, orain mendebaldean, baina gertatzen ari da, eta erantzun egokia eman behar zaio. Orain, gainera, Euskal Herrira heldu da gaia. Eta hori dela eta sentsibilizazio-kanpaina egiten gabiltza. Horren barruan dago zapatuko ekitaldia.

Horixe, Euskal Herrian daukagu orain gaia, daborduko ez da urrunetik ikusten den zer edo zer.

Bai. Italiako bidea itxi da, lehenago Greziakoa eta Mediterraneo ekialdekoa itxi zen bezala, eta hau geldiezinezko marea denez orain migratzaile-kopuru handia heltzen ari da Espainiako hegoaldera. Haien bidea, Europara heltzeko, Euskal Herritik pasatzen da neurri handi batean. Orain arte era teorikoan planteatu ditugu arazoak berton dauzkagu orain, eta irtenbidea eman behar zaizkie. Ekain amaieratik denon ahoan dago heldu egin direla, eta harrera ez da nahikoa, ez dago bitartekorik harrera egokia emateko.

Zein da zuen eskaria?

Ailegatzen ari direnen %95 inguruarentzat pasabidea da Euskal Herria, eta %5ek, berriz, asiloa eskatu du hemen. Pertsona horiek guztiek ez daukate non egon, eta gura genukeena da harrera-gunea izango zirela deklaratu zuten herriek lehenbailehen ipin ditzatela bitartekoak jende horri harrera egiteko, denbora luzea eman behar dute euren asilo-eskaerari erantzuteko itxaroten. Apirilerako ematen dabiltza hitzorduak poliziagaz. Bitartean, kale gorrian leudeke, ez balitz orain Bilbon (baita Irunen ere, eta Donostian) haiei harrera egiteko antolatu den sareagatik.

Herritarrek osatutako sarea...

Bai. Auzoz auzo dabil sare hori. Orain, esaterako, 150 pertsona artatzen ari diraq Santutxun. Bilboko Udalak, aldiz, Gurutze Gorriaren 80 ohe besterik ez dauka ostalaritza-eskola batean, ikasturtea hasitakoan libre utzi beharko direnak. Guk gura dugu gure herriak ere harrera-guneak izatea. Badaude adibide batzuk, Lemoiz tartean.

Nork hartu behar du ardura?

Udalek, erakundeek. Haiei dagokie sarea osatzea, baliabideak ipintzea... Badakigu gaitza dela, baina momentu honetan erantzuna herritarrek ematen dute. Eta migratzaile hauei modu ofizialean eman behar zaie erantzuna, ez banakoen aldetik.

Zer diote udalek, berba egin duzue eurakaz?

Harremana daukagu eta horretan gabiltza; erantzuna ez da berdina herri guztietan. Ez dira ongi betetzen ari giza eskubideak bermatzeko adostutako itunak. Gure nahia da haien inplikazioa askoz handiagoa izatea. Udal batzuek bidea hartu dute daborduko, eta guragenuke hemengo herrietan ere hala izatea. Adibideak daude; esate baterako, gura genuke udalek ematea, beste batzuek egiten duten bezala, pertsona hauek garraioa edota kiroldegiak erabili ahal izateko txartel batzuk.

Herritarrok sentiberatasuna galtzen gabiltza gaiarekiko?

Agian polarizatzen ari da gaia. Uste dugu gizartearen erantzuna paregabea izan dela, aipatu ditugun adibideetan adibidez. Badago jendea laguntzeko oso prest, baita erakundeei presio egiteko eta kanpainetan parte hartzeko ere. Beste aldetik, badago honen aurka kokatzen denik, begien bistakoa da. Eta beste batzuek uste dute erantzuna ematea ez dagoela euren esku, eta ez da hala. Denok egin ahal dugu zer edo zer.

Zelan?

Salatuz, ekimenetan eta mobilizazioetan parte hartuz, sortzen diren laguntza-ekimen jakinetan zuzenean lagunduz. Nahasmena dago jendea askorengan. Arazoaren berri daukate eta elkartasuna agertzen dute, baina laguntza zehatza emateko aukera heltzen zaienean kezkatu egiten dira, hedabideetatik jasotzen baitute etorkin-olde bat datorkigula eta abar… Lan handia dago zurrumurruak uxatzen: migratzaileek eroaten dituztela zerbitzu sozial guztiak eta abar... Ez da hala eta datu oso zehatzak daude horretaz. Herri guztietan lan egin beharra dago zurrumurru horien kontra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun