Elkarrizketak

Leire Imaz: "Maskulinizatutako jakintza-arloen eskaintza gutxituz doa EHUn, zorionez"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko ira. 24a, 10:49

"Gaur egun gutxi dira gizonezkoen gehiengo nabarmena duten ikasketak, bagabiltza estereotipoa gainditzen; eta emakumeok ere ardura-karguak ditugu". HODEI TORRES

EHUko Berdintasunerako zuzendari izendatu zuten Leire Imaz Zubiaur Zuzenbide irakasle algortarra, 2017ko otsailaren 2an. Gaur egun, hirugarren Berdintasun Plana osatzen dabiltza unibertsitateko eragileak.

Erronka handia da zuretzat EHUko Berdintasunerako zuzendaria izatea?

Bai. Nekane Balluerka errektorearen agintaldia hasi zenean izendatu ninduten Berdintasunerako zuzendari, eta gaur egunera arte egindako lana aberasgarria izan da. Unibertsitatea handia da. Hiru campusetan banatutako 47.000 bat pertsonok osatzen dugu: 39.185 ikaslek, 5.664 irakaslek eta 1.891 administrazio eta zerbitzuetako langilek. Erdia baino gehiago emakumeak. Unibertsitate osorako emakumeen eta gizonen berdintasun erreala eta genero-aniztasuna sustatzeko politikak diseinatzeak eta martxan ipintzeak badu bere koska. Atzean sukaldeko lan itzela dago.

Zeintzuk dira zure buruari ipini dizkiozun helburuak?

Alde batetik, aipatutako politika horiek diseinatzeko eta martxan ipintzeko ekintzen bidez jorratu behar diren ildoak edo ardatzak daude. Askotarikoak dira, eta horiei ekitea ezinbestekoa da: genero-indarkerien kontrako protokoloa, online-formazio orokorra ikasleentzat eta langileontzat, III Berdintasun Plana, Akademe Programa…
Baina ekintzak eta ardatzak zelan landu behar diren erabakitzea ere oso garrantzitsua izan da, hasieratik, niretzat. Ekintzak aurrera eroateko moduak, bideak berak, askotan ekintzaren arrakasta eta hedapen egokia bermatzen du. EHUn berdintasun-sare bat jostea izan da hasieratik nire helburuetariko bat. Zuzendaritzak badauka Batzorde Aholkularia eta EHUko ikastetxe guztietan berdintasun-batzorde bat dago. Akademe Programan parte hartu dugun emakume akademikoak gaude beste alde batetik, LGTB kolektiboan parte hartzen duten kideak ere bai, Genero eta Feminismo ikasketak lantzen dituen Master espezifikoan diharduten irakasle eta ikasleak, Berdintasun Masterrean dabiltzanak, sindikatuetako ordezkariak, gai zehatzetan adituak diren ikerlariak... Orokorrean, berdintasunagaz eta aniztasunagaz konpromisoa duten ehunka lagun daude EHUn. Euren parte-hartzea ezinbestekoa dela deritzot, modu batean edo bestean: parte-hartze hori bermatzea; denon jarduna saretzea, konektatzea; elkar ezagutzea eta elkarregaz lan egitea... Modu horizontalean eta hiru kolektiboetako (ikasleak, irakasleak eta AZPko langileak) partaideak elkartuz, hiru campusetan arituz, ahal den neurrian. Genero-indarkerien kontrako protokoloan halaxe ibili gara lanean eta emaitza oso ona izan da. Bideak garrantzia dauka. Energiak ondo uztartzea, errespetuz lan egitea eta gure arteko muga ikusezin horiek gainditzea lorpen handia izan da, nire ustez. Batez ere horrelako zeharkako helburuei buruz berba egiten gabiltzanean.

Karguan daroazun denboran helburu horiek egingarriak direla sumatu duzu?

Bai, egingarriak dira. Ekintza eraginkorrak jorratzea posible da, EHUko berdintasun-sarea josten dugun bitartean. Bagabiltza horretan, gogotsu eta pozik. Hori bai, lan-karga handia dela ere onartu beharra dago. Lana sobera dago; ez da inoiz amaitzen.

EHUko bigarren Berdintasun Planak 2017rako epea zeukan. Daborduko hirugarrena lantzen zabiltzate?

Bai, urtarrilean hasi ginen jorratzen II Berdintasun Planaren Exekuzio Txostena eta, ebaluazio horretatik abiatuta, III Planaren edukia bera lantzen hasi ginen. Bide honetan ere sarea martxan egon da. Ikastetxeetako berdintasun-batzordeek ekarpenak egin dituzte, eta sindikatuetako ordezkariek ere bai, lan-harremanen ardatzari dagokionez batez ere. Unibertsitateko Berdintasun Batzordeak ere egin ditu hausnarketa interesgarriak, eta hainbat pertsona adituk ere bidali dizkigute ideia berriak. Badago gorpuztuta eta azken ukituakaz gabiltza. Abendurako izango dugu III Plana.

Aurreko biek jorratu ez dituzten alorrak betetzera dator hirugarren Berdintasun Plana?

Egia esan, II Planaren ebaluazioan islatzen denari jarraiki, aurreko planaren betetze-maila altua izan da. Badago hutsuneren bat eta, noski, bakan horiek jasotzen ditu III Planak. Baina badaude berrikuntza garrantzitsuak eta ausartak. Horietan ipiniko nuke nik arreta.

Zeintzuk izango dira horren ildo nagusiak?

Formazioaren atalak garrantzi handia dauka guretzat; izan ere, Unibertsitatearen muina hezkuntza bera da. Lehenengo aldiz hasi gara, aurton, eta jarraituko dugu III Planaregaz, doan, online-formazioa eskaintzen ikasle eta langileei. Lau ikastaro diseinatu eta martxan ipini ditugu: Hezkidetza (soilik euskaraz eta zenbait gradutako ikasleentzat, etorkizunean adin txikikoakaz lan egingo dutenentzat, hain zuzen ere); Berdintasuna eta maskulinitate berriak (horiek Emakundegaz batera landu ditugu); eta Hizkuntzaren erabilera inklusiboa, euskaraz zein gazteleraz azken hiru ikastaroak. Bi mila pertsonak egin zuten matrikula eta gutxi gorabehera erdiak gainditu du ikastaroa. Oso pozik gaude ekimen honegaz eta orain, udazkenean, beste deialdi bat egingo dugu. Kurrikularra den zeharkako formazio hau hainbeste hedatzea berria da Autonomia Erkidegoan eta bide honetan sakontzen jarraitu behar dugu, beste gai batzuk online-formazio bidez eskaintzen eta beste eremu batzuetara zabalduz.
Halaber, generoagaz lotutako irakasgaiak sartu gura ditugu, apurka, hainbat jakintza-arlotan. Zeharkakoak, hainbat gradutako ikasleei eskainiak. Hasieran hautazkoak eta, etorkizunean, derrigorrezkoak. Erronka potoloa da, baina berritzailea eta, gure ustez, eraginkorra izango dena. Genero-indarkeriari buruzko formazioa ere eskaintzen gabiltza hainbat ikastetxetan. Baita ikasleen eta AZPko langileen formazio programetan ere.
Bestalde, Akademe programagaz jarraituko dugu. Orain aterako dugu, hain zuzen ere, laugarren deialdia. Emakume akademikoen lidergoa bultzatzen duen programa da eta arrakasta handia izan du parte-hartzaileen artean. Hortik ere sare bat sortzen dabiltza: emakume akademikoen erreferentzia berri bat eraikitzen gabiltza, pausoz pauso. Ezinbestekoa da emakumeak ikerketa-proiektuen buruak izatea, sailetako buruak izatea, doktorego-tesiak zuzentzea, ardura-karguetan egotea...Hori bultzatu egin behar dugu, gogoz.

Bestelako ildorik daukazue eskuen artean?

Bai. Genero-indarkeriaren kontrako protokoloa ere martxan ipini behar dugu; horri lotutako hainbat egitasmo dauzkagu esku artean, planean ere txertatu direnak.
Bestalde, neska gazteengan maskulinizatuta dauden jakintza-arloekiko bokazio goiztiarrak lantzeak ere kezkatzen gaitu. Gure ekarpena egin nahiko genuke eremu horretan.
Genero-gaietan ikerketak bultzatu gura ditugu, horretarako diru-laguntza espezifikoak eratuz, ahal den neurrian. Baditugu hainbat sari, ikerketa-maila bat baino gehiagotan gauzatzen diren lanak saritzeko; gero eta ugariagoak dira. Berbarako, Francisca Aculodi, genero-ikuspegia jasotzen duten gradu-amaierako lan onenak saritzeko; Maria Goyri, genero-ikuspegia jasotzen duten master-amaierako lan onenak saritzeko; eta Micaela Portilla, genero-ikuspegia barnebiltzen duen doktorego tesi-onena saritzeko. Horiek sustatzen jarraitu gura dugu. Azkenik, lan-harremanetan ere, familia, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko baldintza hobeak lortzeko bidean sakontzen gabiltza. Horretarako Sektore Arteko Batzordea daukagu, unibertsitatean, sindikatuetako ordezkariakaz batera hainbat neurri aurrera ateratzen ahalegintzeko.

Zein paper jokatu behar du EHUk berdintasuna sustatzeko orduan?

Gure Zuzendaritzaren eremua EHU bera da. Eta eremu handia da, oso. Gure ekimenak unibertsitatean jorratzekoak dira, unibertsitatearen eremua osatzen dugunontzat. Berdintasuna lantzen duten beste hainbat agente, teknikari, elkarte eta instituzio dago udaletan, aldundietan, Eusko Jaurlaritzan eta kalean. Gure eremua espezifikoa da; mugatua. Baina badakigu, zelanbait, gizarteari begira, Unibertsitateak ere baduela erreferentzialtasun-erronka bat. Hezkuntza da gure oinarria eta berdintasuna zein aniztasuna goi-mailako hezkuntzan txertatzen ditugun heinean, etorkizuneko langileek genero ikuspegi landuagoa izatea bermatzen dugu, astiro bada ere; genero-estereotipoak desagerraraziz, eta ahal den heinean generoak eurak desagerraraziz. Berdintasun formalaz harago, berdintasun erreala helmugatzat hartu behar dugu. Aldaketa sakonak behar ditugu, munduaren, bizitzaren eta pertsonen arteko harremanak ikusteko eta garatzeko moduetan; bizitza ereduetan. Eta hezkuntza ereduetan eta diskurtsoetan ere bai.

Maila akademikotik jendartean eragitea beharrezkoa da berdintasuna sustatzeko?

Maila akademikoak berak behar du generoari buruzko hausnarketa sakona egitea. Gure artean ere, badago zer aldatu, zer irauli. Gure egitura bertikala da eta mendetan oso maskulinizatuta egon diren jakintza-arloak izan ditugu gure hezkuntza-eskaintzan. Gune horiek badoaz gutxitzen, zorionez. Datuek argi islatzen dute hori. Gaur egun gutxi dira gizonezkoen gehiengo nabarmena duten ikasketak; bagabiltza estereotipoa gainditzen. Eta emakumeok ere ardura-karguetara heltzen gara. Lehenengo errektore emakumea daukagu EHUn.  
Aldi berean, maila akademikotik eredu berri hau gizarteratzen laguntzeko beharra dago; eredu izatea ere neurri batean badagokigu. Ardura handia dakar horrek; denon esku dagoen ardura, partekatu beharrekoa.

2018ko ekainean onartu zuen EHUk indarkeriaren kontrako protokoloa. Zein da helburua?

Urtebeteko lana izan da ,lan ederra eta oparoa. 2017ko maiatzean hasi ginen lanean 30 pertsonak osatutako lantalde misto batean: AZPko langileak, irakasleak, ikerlariak, sindikatuetako ordezkariak, ikasleak eta adituak zeuden bertan. Estatuko unibertsitate publiko guztietako protokoloak aztertu genituen, eta euskal instituzioenak ere bai. Nafarroako Unibertsitate Publikoko berdintasun-teknikariaren bisita jaso genuen, hango prozesua hurretik ezagutzeko. Udazkenean prozesu parte-hartzailea zabaldu genuen EHUko hiru campusetan. Unibertsitatea osatzen dugunon iritzia jaso gura genuen, jendeak esateko zeukana entzun gura genuen. Hala, 300 pertsonak parte hartu zuten prozesu hartan, eta gehiagok helarazi dizkigute euren ekarpenak eta kezkak. Horren guztiaren fruitua izan zen ekainaren 7an Gobernu Kontseiluak onartu zuen testua.  
Tresna berri honen helburu nagusia genero-indarkeria jasaten duten pertsonei laguntzea da. Ez ditugu auzitegiak ordezkatzen. Ez ditugu beste instituzioek dauzkaten baliabideak ordezkatzen. Tresna osagarria da. EHUko kide batek, unibertsitatean edo bertatik kanpo, genero-indarkeria jasaten badu, gugana etor daiteke laguntza eske. Ez du salaketarik ipini behar polizian edo auzitegian, laguntza jasotzeko. Entzun egingo zaio, errespetu osoz, konfidentzialtasun osoz; beharrezkoa den beste, pertsonak gura beste. Horregaz batera, diziplinarteko batzorde bat osatuko dugu, beharrezkoak diren neurriak ebazteko.

Genero-indarkeriatik libre dagoen eremua da EHU?

Ez, EHU ez da gizartetik kanpo bizi den burbuila. Ez dago erasoetatik libre. Erasoak egon dira, bai. Hainbat motatakoak. EHU, Estatuko unibertsitateetan Pikara Magazinek egin zuen azterketa bati jarraiki, genero-indarkeriei dagozkion barne salaketa-kopuru altuenetako du. Eta hori guretzat datu positiboa da. Indarkeria beti egon da, datu hori ukaezina da. Baina gurean gero eta salaketa gehiago dagoela nabarmentzen dute datuek. Hori aurrerapauso garrantzitsua da. Genero-indarkeriak bizi dituzten pertsonak hurbiltzen hasi dira. Berba egiten hasi dira. Laguntza eskatzen hasi dira. Eta neurriak hartzen ditugu, kasu guztietan, beharrizanen arabera. Aurrera daroatzagun berdintasun-politiken eraginkortasuna ere islatzen dute datu horiek, neurri batean.

Erasorik egotekotan, zelan jokatu behar da?

Erasoak bizi dituzten pertsonek badaukate Zuzendaritzara jotzeko aukera; eta euren ikastetxeetara, zerbitzu medikura, sindikatuetako ordezkariengana eta arreta psikologikoko zerbitzura ere bai. Harrera-gune bat baino gehiago dago. Gurera barne-salaketa bat heltzen denean, entzute-prozesua hasten da. Indarkeria bizi duten pertsonengan ipintzen dugu arreta; haren erritmoa errespetatzea da gure irizpide nagusia, haren beharren araberako prozesua garatzea. Indarkeriaren intentsitatea, indarkeria eragin duen pertsonaren nortasuna eta Unibertsitatean daukan tokia zein den aztertzen da kontua. Bestalde, aztertu beharra dago zein neurri izan daitezkeen egokiak, indarkeria jasan duen pertsonaren nahiak errespetatuz eta beraren segurtasuna bermatuz. Inplikatua dagoen ikastetxeagaz edo zerbitzuagaz kontaktu zuzena egoten da eta haien erantzuna egokia izaten da. Gero eta konpromiso handiagoa dago. Indarkerien normalizazioa hautsi egin behar da; ez dira inola ere onargarriak. Eta horretan tinko mantentzea da gure helburua.
Baina genero-indarkeriako kasuez arduratzeko sortutako batzordeaz gainera, sentsibilizaziozko eta kontzientziaziozko kanpainak egingo ditugu. Arreta berezia merezi du, puntu honetan, diseinatzen ari garen prebentzio-programak. Gure ikasle neska gazteenakaz martxan ipini dugun programa da. Sukaldean dago orain, baina bigarren lauhilabetekoan martxan ipini gura dugu edizio pilotua. Adituakaz gaude harremanetan; ekimen serioa eta eragin sakonekoa izatea gura dugu. Bertatik, ikasleen saretzea ere sustatzea da asmoa. Sareetan dago koska, nire ustez. Olatuetan.

Jendarteak genero-indarkeriari aurka egin diezaion zer egin dezake EHUk?

EHUk barnera begira egiten dituen ekimen hauek guztiak badute, zelanbait, oihartzuna herritarrengan. Eta, pausoz pauso, eredu ere bilakatzen dira, neurri batean. Gazte asko igarotzen dira EHUtik, goi-mailako ikasketak egitera. Berton jasotakoa euren egunerokoan txertatzen badute, horra urte batzuetara ikus daitekeen fruitua. Baita langileengan ere, jakina. Eta inguruko unibertsitateetan ere. Azken horiek interesa agertu digute eta hori ona da beti.  
Bestalde, genero-indarkerien aurkako EHUren protokoloa hedatzeko kartel-lehiaketa antolatu dugu. Oraindino deialdiko datuak ez dauzkagu eskura, baina ikasle askok deitu digute udan zehar, zalantzak argitzeko. Seinale ona da hori, interesa piztu du. Harrera ona espero dugu. Sari bi egongo dira: publikoarena eta epaimahaiarena. Eta kartel irabazlea EHUko zentroetako ikasgeletan eta gune komun guztietan ipiniko dugu. Artea beharrezkoa da, oso, prozesu honetan. Sortzen gabiltzan bide berri honetan, irudimena, pizgarriak eta elementu berritzaileak ezinbestekoak dira. Diziplina guztien arteko fusioa beharrezkoa da; sormenezko ekintzak beharrezkoak dira.

Bestelako ekimenik daukazue gogoan?

Genero-aniztasuna lantzea ere ezinbestekoa da. EHUko dokumentazio ofizialean sexu-generoko markatzaileak bi izan dira orain arte: emakumea eta gizona. Orain beste bat dago: ez-bitarra. Markatzaileak desagertu bitartean, behin-behineko neurri inklusiboa da azken hori. Komunetan ere aldaketak egingo ditugu; EHUko zentro eta espazio denetan komun mistoak egongo dira. Eta kartel hori eroango dute. LGTB kolektiboagaz adostu da komun horiek non ipini behar diren zentro bakoitzean eta zein kartel ipini behar den euretan. LGTB-gunea ere sortzea da gure helburuetariko bat. EHUn errespetua izan dadin gidari, baita eremu honetan ere.
Jakintza arlo maskulinizatuetan emakumezko ikasleen matrikulazioa areagotzeko gure ekarpena egitea ere badaukagu eskuen artean, beste agente batzuekaz elkarlana sustatuz. Horrez gainera, emakume ikerlarien lanak ikusarazi eta emakumeen ekarpenak mahai-gainean ipini gura dugu, gazteentzat erreferente bilaka daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun