Edonork parte har dezake: euskararen bidea egiten dabilenak, praktikaren bidez euskara hobetu gura duenak edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak. Parte hartzeko gutxieneko euskara maila eskatzen da. Hona hemen aukerak:
Mintza-taldeak
Bospasei laguneko taldeak izaten dira; horiek osatzeko, kontuan hartzen ditugu parte-hartzaileak libre egotea, adina eta zaletasunak. Mintza-taldeak bildu ahal dira kafetegian, tabernan, edo paseoan ibiltzeko... parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun-giroan.
Guraso-lagun
Familientzako mintza-taldeak dira; jolasak, txangoak eta tailerrak egiten ditugu, helduek eta umeek batera jarduteko. Hainbat familia batzen denez, aukera aproposa ere bada lagun berriak egiteko. Asteburu-pasak ere antolatzen ditugu, urtean bitan, gutxienez.
Ekintza osagarriak
Gure ekintza osagarrien bidez, beste hainbat aukera topatuko duzu euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Besteak beste: berbaldiak; irakurzale-klubak; sukaldaritza-, eskulan-, yoga- edo dantza-tailerrak; kantu-lagunak...
Kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak ere egiten ditugu: mendi-lagun, bizikletaz ibiltzeko taldeak, martxa nordikoa, yoga, berba-abentura (eskia, eskalada, surfa...). Horrela lagun berriak egiteaz gainera, herrietako kultur eskaintza zabaldu egiten da.
Mintzodromoak
Mintzodromoak herriko plazan antolatzen dira, eta aukera ezin hobeak izaten dira inguruko euskaltzaleok batzeko. Jalgi hadi plazarat!
Mintzapraktika online
Etxetik atera barik berba egin gura baduzu, edo urruneko beste euskaldun batzuakaz, Mintzanet zerbitzua duzu bideo-konferentzia bidez jarduteko: Mintzanet.eus
Izen-emate epea zabalik
Eta dena doan! Parte-hartzea doakoa da, eta hamaika abantaila eskura dezakezu: emanaldietarako txartelak, opariak eta deskontuak; berbarako, "Aizu!", "Argia", "Berria" eta "Gaztezulo"-ko harpidetzetan...
Eman izena hemen eta euskaraz bizi eta praktikatzeko hamaika aukera izango duzu!
Edozein argibidetarako jo gure webgunera.