Praktikatun, mintzapraktika-egitasmoak antolatzen dituzte, mintzalagun/berbalagun; euskararen transmisioari begira, familientzako guraso-lagun programak; euskalkiak eta hitanoa ikasteko berbalagun-taldeak ere bai. Horretaz gainera, euskarazko harreman-sare berriak sortzen dituzte ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes-taldeak antolatuta.
Eskaintza
Berbalagun-taldeak bost edo sei laguneko taldeak dira, parte-hartzaileek libre noiz dauden eta euren adina eta zaletasunak kontuan hartuta osatutakoak. Lagun-giroan, eurek erabakitzen dute noiz eta non elkartu: kafetegian, paseoan…
Guraso-lagunak dira familientzako berbalagun-taldeak, eta helduak eta umeak elkarregazegiten dituzte jolasak, txangoak eta tailerrak. Asteburu-pasak ere antolatzen dituzte, urtean birritan, gutxienez.
Euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu AEKk: berbaldiak, irakurzale-klubak, sukaldaritza, kantu-lagunak, dantza-tailerrak… Kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak ere badira: bizikletaz ibiltzeko taldeak, martxa nordikoa, berbabentura (eskia, eskalada, surfa…).
Inguruko euskaltzaleak batzeko ekimenak ere antolatzen dituzte, Mintzodromoak, berbarako, herriko plazetan.
Eta etxetik irten barik berba egiteko Mintzanet.eus zerbitzua dago, bideo-konferentzia bidez jarduteko.
Hori dena doan! Parte-hartzea debalde da eta gainera, abantaila mordo eskura daiteke: emanaldietarako txartelak, opariak eta deskontuak ("Aizu!", "Argia", "Berria" eta "Gaztezulo"-ko harpidetzetan)... Ez geratu gogoz, euskaraz bizitzeko aukera mordo dago eta.
AEKko kideek adierazi dutenez, "Praktikaturen historia gure jendearen historia da, gure ekipoarena, gure bezeroena. Baina, batik bat, egitasmoetan parte hartzen duten lagun guztien historia da. Haiekin batera ikasten dugu, gozatzen dugu, eta haiei esker profesionalki hazten gara. Zerbitzu sortzailea eta diziplina anitzekoa gara, etengabeko hobekuntzan murgilduta; eta, batez ere, euskaraz bizi daitekeela sinesten duen lantalde baikorra gara". Eta gonbidapena ere luzatu dute: "Zurekin lan egin nahi dugu. Horregatik, zure herrian, auzoan, elkartean edota lantokian mintzapraktika programak abiatu nahi badituzu, jarri gurekin harremanetan eta elkarlanean egingo dugu".
[Artikulu hau Mirari Altubek idatzi du GOIENA.EUS-en eta cc-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn]