Udal-hauteskundeak 2019

Hauteskunde primarioak egingo ditu PSE-EEk Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 26a, 18:48

Luis Almasa ez zen aurkeztu 2015eko hauteskundeetarako alkategaia izateko.

Joan den domekan itxi zuen Bizkaiko PSE-EEk 20.000 biztanletik gorako udalerrietako alkategai- eta Aldundiko hautagai-proposamenak egiteko epea. Getxon, Carmen Díaz eta Luis Almansa aurkeztu dira alkategai izateko.

Uribe Kostako primarioei dagokienez, Erandion Jorge González Berdintasun zinegotzia izango da alkategaia; Leioan, Juan Carlos Martínez bigarren alkateordea. Biak ala biak hautagai bakarrak izan dira udalerri horietan.

Getxon, ostera, urriaren 5erako beharrezko abalak lortuz gero alkategai biren arteko botazioa egin beharko dute militante sozialistek datorren urriaren 21ean, orain dela lau urte gertatu legez. Hautagaiak honako hauek dira: Luis Almansa, 1999 eta 2015 bitartean zinegotzi eta bozeramaile izandakoa; eta Carmen Díaz, 2007tik 2015era bitartean Erandioko zinegotzia izan zena. Horretaz gainera, Díaz Agus Ruiz Itzubaltzeta eta Areetako PSE-EEko idazkari nagusiaren emaztea da. Ruiz orain dela lau urte aurkeztu zen alkategaia izateko, baina Txefo Landak irabazi zuen barne-botazioa, %55 lortuta. Getxoko Udal Gobernuko Ingurumen zinegotzia da Landa, gaur egun.

Foru-primarioak

Modu berean, getxoztarrak ez ezik eskualde osoko afiliatu sozialistak deituko lituzke alderdiak, urriaren 21ean botoa eman dezaten, Diputaziorako zerrendaburu sozialista izateko hautagai biek abalak batzekotan. Kasu horretan, militanteek aukeran izango lituzkete Teresa Laespada Berdintasun eta Enplegurako foru-diputatua, EAJgaz koalizioan gobernatzen duena; eta Juan Manuel González PSE-EEren zuzendaritzako kide eta sektore kritikoko partaidea, EAJgaz sinatutako gobernu-akordioen aurka dagoena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun