Itsasadarraren azpiko tuneleko lanak, martxan

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 11a, 14:55

Atzoko agerraldia. © BFA

Getxo eta Portugalete lotuko dituen tuneleko obrak aurkeztu zituen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, atzo goizean, Portugaleteko Benedikta ditxoan. Gauean, Aldundiak itsasadarra zundatzeari ekin zion, tunela zehazki non egingo den erabakitzeko.

Abenduaren 10era arte zazpi zundaketa egingo dituzte, itsasadarraren azpian zer-nolako materiala dagoen jakiteko. Horren bidez, Ibaizabalen azpiko tunelaren trazadura eta eraikuntza-metodoa zehaztu gura dute. Izan ere, lan horiek eraikuntza-proiektua egin aurretik idatzi beharra dagoen bideragarritasun-azterlanaren barruan sartzen dira.

Unai Rementeria diputatu nagusiak obren aurkezpenean esandakoaren arabera, "Itsasadarraren azpiko tunela abian dago. Horrek ez du atzera egiterik. Aurreikuspenen arabera operatibo 2027an egongo den arren, gaur esan genezake tunel horren amaieran argia ikusteko apur bat gutxiago falta dela. Tunela funtsezkoa da itsasadarren bi aldeetarako eta  Bizkairako; Artatzako errotonda eta Ballontiko ardatza batuko ditu. Eta irauli egingo du Bizkaiko mugikortasuna", azpimarratu zuen.

Rementeriak azaldu zuen itsasadarrean egingo diren lagin-hartzeak eta zundaketak urrats oso garrantzitsua direla: "Lagin-hartze horiei esker tunel biak non eraiki behar ditugun jakingo dugu. Trazadurak zirkulazio azkarra eta segurua bermatu behar du. Azkarra eta segurua. Eta lagin-hartze horiei esker, halaber, tunelak eraikitzeko erarik onenak ezagutuko ditugu. Nola egin. Zein teknika erabiliz", laburtu zuen.

Ibilgailu-pilaketen aurkako Plan Integrala

Aldundiaren arabera, Itsasadarraren azpiko tunela eta Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea "obra osagarri bi" dira, Bizkaiko metropoli-gunean "ibilgailu-pilaketen arazoari dagokionez irtenbide integrala eskainiko dutenak". Bi egitasmo horien aurrekontua, denera, 580 milioi eurokoa da. Hegoaldeko  Saihesbidearen bigarren fasea 2023. urtearen inguruan egon daiteke abian eta tunela, arinen jota, 2027an.

Aldundiak egindako azterlan teknikoen arabera, egunero 53.000 ibilgailuk erabiliko lukete itsasadarraren azpiko tunela; Hegoaldeko Saihesbidearen kasuan, ostera, 24.000 ibilgailu izango  lirateke. Bestalde, tunelak 41.000 ibilgailu kenduko lituzke Arrontegitik eta 38.000 La Avanzadatik. A8 autobideari dagokionez, 17.500 ibilgailu gutxiago pasatuko lirateke Max Center aldean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun