Lan handia egin duzue azken hilabeteetan antzezlana aurrera ateratzeko?
Bai, nahikotxo. Uda baino lehenago hasi ginen, eta oporraldiaren ostean, irailean, berriro ekin genion antzezlana. Orain azken ukituak ematen gabiltza.
Daborduko entseguakaz hasi zarete. Zelako itxura hartzen dabil antzezlana?
Nik uste dut antzezlana taularatzeko prest gaudela: herritar soilak izan arren, antzezleetariko batzuk euren kabuz eginda zeuzkaten antzerki-tailerrak. Horiek legez, aurretik interpretazioaren munduan ezertxo ere egin ez duten lagunek hortzez eta haginez defendatzen dituzte euren paperak. Horrenbeste jendek parte hartzen duen horrelako prozesuetan ez dago entsegu asko egiteko aukerarik; hala ere, oso ondo egiten dute. Alde batetik, musika egin dugu; beste alde batetik, eszenografia. Momentu honetan, horregaz guztiagaz "puzzle-lana" egiten gabiltza.
Zaila izaten da esperientzia ez daukan jendeagaz antzezlan bat martxan ipintzea?
Aurten errazagoa izan da joan den urtean askok "Plasentzia 1577" antzezlana egin zutelako; ez gara hasieratik abiatu behar izan. Zer edo zer aurreratuta geneukan. Hala ere, joan den urtekoari errepasoa eginda, zail samarra da zerotik hasten den jendeagaz antzezlan bat martxan ipintzea; izan ere, hasiera batean, askok ez dute ondo ulertzen antzerkiaren hizkuntza edo entsegu bat zelan garatu behar den, berbarako. Orain ezberdina da, denek edo gehienek ezagutzen dute eszenarioa zein izango den. Hala ere, hasiberriak izan edo esperientzia eduki, jendeak borondate handia erakusten du hasiera-hasieratik; hori eskertu egiten da.
Zeintzuk dira herri-antzerkiaren onurak?
Komunitate edo herri berberetako kideak izan arren, antzerkiaren bitartez ohituta ez dauden modu batean hartu-emanetan hasten dira antzezlanean parte hartzen duten lagunek; energia ezberdin bat sortzen da. Oraingo honetan askoz gazte gehiago animatu da antzezlanean parte hartzea; polita da eurak baino nagusiagoak diren pertsonakaz lanean ikustea neska-mutilak.
Zelanbaiteko zaletasuna piztu da Gorlizen eta Plentzian ekimen hauen bitartez?
Nik uste dut bazegoela; herri bietan dago kulturaren inguruan interes handia erakusten duen jendea. Horrelako ekimenek zaletasun hori bideratzeko aukera ematen diete herritarrei. Aldi berean, honek denak erakusten du askotan ez dugula lagun horiek dauzkaten interesak asetzeko behar bestelako lanik egiten.
Zer esango zenieke gainontzeko herritarrei antzezlana ikustera hurreratzeko?
Eszenografian, musikagintzan eta koreografian nahiko adituak diren lagunak dabiltza lanean; pauso bat aurrera egin dugu. Herrian eta herritarrakaz antzezlan handi bat egin dezakegula erakusten gabiltza aurten.