Leioaztarrek azaldu dutenez, "gaur, urriaren 12an, Betiko Ikastolako langile, irakasle, ikasle eta guraso batzuk ikastolara etorri gara lanera. Auzolanean ibili gara ikastola atontzen, espazio ezberdinak margotzen". Euren ustean, gaurko datan "ez dugu ezer ospatzeko". Hala, iaz antolatu zuten Txukun Egunari segida eman diote aurtengo auzolanaren bidez.
Bekoako patioa eraldatzen
Erandioko Altzaga Ikastolan ere, gurasoek, irakasleek eta umeek ekin diote auzolanari, "Ari gara" goiburuaren pean. Nerea Olaziregi irakasleak azaldu duenez, hezkuntza-sistema aldatzeko martxan dago ikastolako komunitatea, "ametsak errealitate bihurtzeko". Gaurkoan eraldatu gura izan dituzte Bekoa ikastetxeko patioan dauden guneak eta materialak, baliabide naturalak erabiliz eta sorkuntzarako lekua eginez. Hala, landareak, lurra eta area sartu dute asfaltoz eta adreiluz betetako patioan. Bestalde, baliabide birziklatuen aldeko apustua egin eta plastiko dena kentzea erabaki dute; halandaze, zabuak, kulunkak eta enparauak oihalakaz, gurpilakaz eta birziklatutako beste material batzuakaz sortuko dituzte. Modu berean, "kartzela diruditen hesiak artistikoki eraldatu" dituzte.
Halere, gaurkoan dena ez da auzolana izan Bekoan: hausnarketa egiteko eta proposamenak aurkezteko beta izan dute, ikastolaren 50. urtemugako jardunaldiak aurkeztu, materialaren eros-salmenta egin, eta Euskaraldia ezagutarazteagaz batera.
Etzidamu, astelehenean, segituko dute gaurko lana. Hala, hurrengo ekimenak izango dira patioan areaz betetako guneak sortzea, umeek jolas dezaten; jostailu desegituratuak eratzea, birziklatutako materialakaz; atsedena hartzeko lekuak prestatzea, koltxonetak ipinita; liburutegia atontzea; eta patioan musika lasaia ipintzea.