Hezkuntza  Erandio  Leioa  Uribe Kosta 2018-11-14 09:07

Martxoaren 8an ikasle biri eraso zien irakaslea hilabetez zigortuko du EHUk

EHUk lana eta soldata kenduko dizkio, hilabete batez, joan den martxoaren 8an ikasle bi makilaz jo zituen Medikuntza Fakultateko irakasleari. Erasoa jasandako emakumezko biak greba feministaren mobilizazioetan parte hartzen zebiltzan.

Martxoaren 8an ikasle biri eraso zien irakaslea hilabetez zigortuko du EHUk
Leioako campuseko Medikuntza Fakultatea. CC ZARATEMAN | Ikusi handiago | Argazki originala

Gertakarien ostean, Leioako Ikasle Feministak taldeak salatu zuen zigortutako irakaslea oldartu egin zitzaiela eta, hainbat irain egin ostean, euretako bi makilaz jo zituela. Ez zuten salaketarik ipini epaitegietan, baina EHUko Errektoretzara jo zuten, kexatzeko.

Unibertsitateak apirilaren 10ean hasi zituen izapideak, HIRUKAk eskuratutako agirian ikus daitekeenez, eta horien ondorioz irakaslea hilabetez kargutik kentzea erabaki du Errektoretzak. Azaroaren 5eko data dauka ebazpenak, baina orain ezagutu da haren edukia, feministek EHUren pasibotasuna salatu eta egun gutxira. Legearen arabera, zigorraren berri espedientatutako irakasleari baino ezin diezaioke eman unibertsitateak, eta debekatua dauka ebazpena publiko egitea.

Correo egunkariak jaso duenez, zigortutako irakasleak erabakiaren aurkako helegitea ipintzeko asmoa dauka, baita epaitegietara jotzeko ere bide horretatik ezer lortuko ez balu. "Niri neuri egin zidan eraso buruak estalita zeramatzaten hainbat pertsonak", adierazi dio egunkari bilbotarrari, "eta ez nuen inor ere makilaz jo".

Mota horrako gertakari batengatik ipin daitekeen zigor handiena da EHUk ezarritakoa. Erasoa arau-hauste larritzat jo dute unibertsitateko agintariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa