Udal-hauteskundeak 2019

EAJk udal-hauteskundeetarako alkategaiak aurkeztu ditu

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 2a, 08:30

Amaia Agirre Getxoko alkategaia, bigarrena eskumatik. CCBYND EAJ

EAJk "udalerri bakoitzean duen onena" eskaini zion atzo gizarteari, "gure erantzukizuna eta herri honekiko gure konpromisoa delako", Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentearen berbetan. Ekitaldian parte hartu zuten Aitziber Oliban, Amaia Agirre, Iban Rodriguez, Maria Isabel Landa, Elixabete Uribarri, Javier Bilbao eta Josu Landaluze alkategaiek, besteak beste.

Atutxak azaldu zuenez, Euzko Alderdi Jeltzalea berriro aurkeztu da, gizartearen aurrean, "lanak ondo eginda, herritarrei udalerri bakoitzean duen onena eskainiz. Gure erantzukizuna delako; herri honekiko gure konpromisoa delako". Horrela definitu zituen Itxaso Atutxak 2019ko maiatzeko foru- eta udal-hauteskundeetarako hautagai jeltzaleak aurkezteko Bilboko Euskalduna jauregian antolatutako ekitaldian. "Euren ibilbidea da euren abala. Gure aurrekariak harro egon daitezke. Gure ondorengoak lasai egon daitezke. Zuokaz, zuen udalerrien, Bizkairen eta Euskadiren etorkizuna bermatuta dago", gaineratu du.

Amaia Agirre Getxoko alkategaiak adierazi zuen bere "ametsa" dela "bizi-proiektuak garatzeko aukera ematen duen Getxo, hazteko, bizitzeko eta gozatzeko herria". Horretarako, Getxo "XXI. mendera modernizatu eta egokitzeko proiektua" biribiltzen dabiltzala esan zuen; halaber, zenbait ekipamendu aipatu zituen, hala nola, Elkartegi eta BiscayTIK, Getxo Antzokia, Algortako Andrés Isasi musika-eskola, Romo Kultur Etxea eta Fadurako kiroldegiaren eraldaketa handia, kirol parke bihurtuta. Modu berean, Etxebizitza Planaren abiaraztea gogora ekarri zuen, udalerriko "gazteei zuzenduta".

Oliban eta Agirre

Aitziber Oliban alkategai erandioztarrak, berriz, adierazi zuen EAJren erronka dela "modu integralean ekitea ekonomiaren gorabeheren aurrean sendoagoak izan eta gure auzokide denen ongizatea bermatzeko".

Dozenaka hautagairen babesagaz, Atutxak nabarmendu zuen, halaber, EAJk izen berri asko daukala datorren urteko hauteskundeei begira, "aurrerapausoa eman duten emakume eta gizonak, Euskadi hazi arazteko apustua egin dutenak bertoko udalerri bakoitzetik. Eurak denak dira Bizkaiko herri bakoitzeko proiektua, etorkizuna eta errealitatea, baita Euskadikoa ere. Gure udalerriak zenbat eta handiago eta hobeagoak izan, orduan eta handiago eta hobeagoa izango delako Euskadi ere", adierazi zuenez.

Herrigintza jomugan

Bizkaiko 112 udalerrietatik, EAJk 110etan aurkeztuko ditu hauteskunde-zerrendak, Amoroto eta Gizaburuagak erregimen berezia dutelako. Gainera, Batzar Nagusietako lau hauteskunde-barrutietan  hautagaitzak aurkeztuko ditu alderdiak. "Emakume eta gizon asko dira; alkateak, zinegotziak, batzarkideak, eta gehien gehienek, modu altruistan eta beren aisialditik ordu asko emanda, proiektu baten aldeko konpromisoa hartzen dute eta beren udalerrietako etorkizunaren eraikuntzan lagundu nahi dute”, azaldu zuen Atutxak. "Pertsona prestatuak, konpromisodunak eta ilusioz beteak, beren auzokideentzako proposamen zehatzak prest dauzkatenak. Proiektuak, etorkizuna eta errealitatea. Horiek dira pertsona horien denen ezaugarriak eta jomuga bat dute buruan: herrigintza".

Atutxak azpimarratu zituen berak ordezkatzen duen alderdiaren balioak: "EAJkoak inoiz baino gazte eta indartsu sentitzen gara". "Gure iragana da daukagun abala, eta iragan horrek behartzen gaitu, atzetik etorriko direnentzako Bizkaia eta Euskadi aberatsago, solidarioago, eta askeagoak eraikitzeko lanerako, gure aurretik egon zirenek utzitako ondarearen mailan egon behar dugulako. Gure iragana aldarrikatzen dugu, oraina bizi dugu eta etorkizunera begira gaude. Hiru gauza horiek bateragarriak dira", aldarrikatu zuen.

Atzoko ekitaldiaren gunea Bizkaiko EAJren hautagai gehienak jendartearen aurrean aurkeztea izan bazen ere, herrialde zuzendaritzako presidenteak esker oneko berbak izan zituen "erreleboa ematen duten emakume eta gizon guztientzat. Izan zirelako gara eta garelako izango dira". Denei eskertu zien "emandako dena, zuen ardura, zuen laguntza, zuen lana, zuen konpromisoa…".

EAJren "olatu ona"

Unai Rementeriak ere ekitaldian parte hartu zuen. Bizkaiko ahaldun nagusi berriro izateko hautagaiak mezu garbia bota zuen: "Bizkaiak olatu ona hartu du. Urrun hel gaitezke; oso urrun. Egonkortasuna eta oreka behar ditugu bakarrik. Aurrera begiratzen jarraitu. Eta gauzak ondo egiten jarraitu. Horretarako bermea gara. EAJren bermea. Bizi-kalitatearen bermea. Guztientzat. Konfiantza, ilusio eta harrotasunaren bermea". Horrez gainera, orain arte egindako lana nabarmendu zuen: "orokorrean, duela urtebete, bost urte eta hamar urte baino hobeto gaude" eta "hobeto gaude hobeto egoteko lan egin dugulako. Hitza bete dugu; berbako jendea gara. Bizkaia hobe bat uzten dugu". Rementeriak nabarmendu zuen "aukera-berdintasuna" dagoela Bizkaian, "handi eta txikientzat. Eta gurditik tiraka jarraitzeko prest dagoen Aldundi batekin. Nora? Aurrera. Beti aurrera. Eta beti elkarrekin. Denok batera".

Bestalde, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak eta berraukeratua izateko hautagaiak bost berba azpimarratu zituen bere hitzaldian: "Esker ona", alderdiari eta ordezkatzen duen erakundeari; "harrotasuna", Bizkaiko hautagai-zerrendaren parte izateagatik; "erantzukizuna", Bizkaiko Batzar Nagusiak, "gugandik hurbilen dagoen legebiltzarra", ordezkatzearren; "ilusioa", emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko urrats erreal eta aitzindariak ematen jarraitzeko; eta "konpromisoa", Bizkaiko Ganbara eraginkorragoa, parte hartzaileagoa eta modernoagoa egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun