Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren final beroa izan da, bertsolariek bezala zaleek ere euren onena eman baitute Bilbao Arena bete ondoren. Jon Enbeitak jantzi dio txapela Onintza Enbeitari entzuleen txalo artean; Etxahun Lekuegaz jokatu du buruz-burukoa Enbeitak. Hirugarren, Xabat Galletebeitia geratu da, eta bere atzean Jone Uria algortarra, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza, Eneko Abasolo eta Aitor Bizkarra, hurrenez hurren.
Zortzi bertsolariek hainbat ariketa egin dituzte. Lehenengo atala amaitu denean, Etxahun Lekuek eta Onintza Enbeitak lortu dute puntu gehien batzea eta eurek kantatu dute buruz-burukoan. Azkenean, Enbeitak jantzi du txapela Jon Enbeitaren eskutik. Jone Uriari Miren Loizaga Algortako Bertsolari Eskolako kideak eman dio saria, Aitor Bizkarrari legez. Beste sariak, bertso-munduagaz lotura zuzena duten hiru lagunen eskutik jaso dituzte beste finalistek: oserra Bilbao Bilboko plazetako eragile, Santutxuko bertso eskolako kide eta BBK Sariketaren sustatzailea; Leire Bilbao idazlea, bertso munduan hasi eta orain literaturaren munduan dabilena; eta Pilare Baraiazarra bertsozaleetan bertsozaleena, plazarik plaza ibiltzen dena beti. Txapeldunari makila Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Elkarteko lehendakariak eman dio Onintza Enbeitari.
Gai emaile beharretan Idoia Anzorandia Kareaga eta Maite Berriozabal Berrizbeitia aritu dira. Epaimahaia, ostera, hurrengoek osatu dute: Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga aritu da.
Berri Txarrak, ontziola ixtear eta Altsasuko gazteak
Miribillan hainbat harribitxi entzun dira bertsolarien ahotan; horietako lehena Nerea Ibarzabal markinarrak bota zuen, hasierako agurrean. Gazteak Berri Txarrak taldearen "Bueltatzen" kantaren lehenengo hiru estrofak erabili zituen doinu berria sortzeko, taldeak 25 urte bete eta agurra iragarri ostean. Ibarzabalek abestiaren lehenengo bertsoa mantendu eta kanta orijinalaren hainbat berbakaz eraiki zuen bertsoa:
Mundua ikusi nahi dut, betazalak jasoz
katu baten pausoz
zure aurrean jantzi gaiztoz
umez, basoz
lorpenez, frakasoz
izan be bertsozale beti zintzo zatoz
zure txalo emari animo eta poz
helduiguzu eskutik estu eta gogoz
eman diguzun dena, bueltzatzera gatoz!
Gai puntuagarriak Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak estreinatu dituzte, euskal prentsako krisi ekonomikoaren gaia ipinita. Komunikabide baten zuzendari rola hartuta, politikariei eta administrazio publikoei konpromiso gehiago eskatu die Galletebeitiak, zortziko nagusiko ofizioan:
Berrialagun zein "Argia"-ko irakurlea da berdin
hemen eskean gu ez bagabiltza beste batzuek bezain fin
baina ohartu beharko dute ez duten arren atsegin
hemen berdinek ezin dutela esfortzu guztia egin
Halere, zortziko nagusirik biribilena Aitor Bizkarrak eta Jone Uriak abestutakoa izan da. Biak ixtear dagoen ontziola bateko beharginak dira, Euskal Herrira orain dela 30 urte heldutakoak; enpresak eskaini dien aukera bakarra da lanera Andaluziara edo Galiziara joatea da. Konformatu egin da Bizkarra:
Euskal Herrira heldu ginela zer ginen bi gazte ñaño
Extremaduran abiatuta ailegau Sestaoraino
Baina itsaso horrek dakargu hainbat lanbro eta behe-laino
nahiago bueltan barkua hartua hemen hondoa joa baino
Baina aurre egin dio Uriak, bestelako iritzia azalduta:
Badajozetik etorri ginen bateko eta besteko
kostata baina Sestaon lortu leku haina eta errespeto
orain joateko Galiziara edo Andaluziara jaisteko
nik jada indarrik ez daukat, Aitor, berriz hutsetik hasteko
Zortziko nagusiko azken ofizioa, berriz, saioan txalo gehien jaso du bertsoaldietako bat izan da. Miren Amurizak eta Eneko Abasolok Altasuko gazte presoen egoera salatu dute, euren lagunen roletik. Amurizak berandu barik askatuko dituztela uste du: "Nahiz eta euren kontra oldartu justiziaren balantza / gure lagunei kondenak moztu egingo deutsiez antza / baietz etorri guk uste baino askoz lehenago etxerantza / eurek horixe falta dabe ta ez daigun galdu esperantza". Abasolok, ordea, ez dauka inolako esperantzarik justizian: "Baina esperantza guk mantentzeko ba al da aski motibo? / Nahiz orain gutxi Madril aldetik Euskal Herrirantza igo / zelako mina sortu omen zuten diote behin eta berriro". Horrelakoak ulertu arren, presoekiko ardura nabarmendu du berriztarrak: "Hurrengo astean goaz bisitan geure lagunen defentsan / lokutorioan egongo dira milaka ideia errez han / esango dabe ze uste duzue ze agertzen da prentsan / barkatu baina nik ezin dautsien etsita gaudenik esan". Abasolo bat etorri da Amurizak esandakoagaz:
Zuk badakizu etsigarria berez badela
kartzela nik animatu nahian egin dut ez badit zenbat gaubela
eta bisitan joango gara beste askotan bezela
eta guztiei esango diet herria eurekin dela!
Umorea dosi txikian
Ohi legez, zortziko txikia baliatu dute bertsolariek irribarreak eta algarak eragiteko. Lanekoen bazkaria eduki dute Onintza Enbeita langileak eta Nerea Ibarzabal enpresako zuzendariak. Parranda luzatu eta karaokean amaitu dutenetik Ibarzabalek ez du mikrofonoa askatu. Enbeita kantatzeko desiratzen dabil: "Gogotsu ikusten zara zuzendari maite / baina zure euforia besteontzat kalte / hau igual danontzako gaua izan leike / agintea ez baina hori soltau zeinke". Eta erasoan segitu du: "utzidazu mikroa zuk pozez beteta
paga doblea baino gurago dot eta". Ibarzabalek mehatxu egin dio: "ba emaizkidazu orain hementxe bi mosu", "paga erdia euki gura ez badozu".
Etxahun Lekuek eta Xabat Galletebeitiak ere lau mila aurpegitan marraztu dute irribarrea, Gabonetako familia-afari jendetsu baten kontura. Etxahunek, horrelakoak gorroto dituenez, hainbat keinu egin dio lekeitiarrari alde egiteko. Galletebeitiak, baina, ez du ezer harrapatu: "(...) Eta lerroartean ez ote naiz maisu / keinuka ari zara etengabe aizu / eztarrian zeozer trabatu al zaizu?". Etxahunek, zalantza barik erantzun dio: "bai zure familia da nik dodan traba / xanpainik ez dau eta hartuko dot kaba/ kortxoa botako dut nire begitara / ia eramaten nauzun urgentzietara". Halere, horrek ez dio ihes egiteko aukerarik eman larrabetzuarrari, Galletebeitiaren arabera: "xanpain-botila hartu eta kendu tapa / begietara bota ideia aparta / farmazialaria naiz gainera galanta / ta lasai gure aita medikua da ta".
Puntuari erantzuten ere nabarmendu da Lekue: "Bertso-ekosistema benetan anitza... / ekinean jakina horretan gabiltza / geure tresnak doinuak ta jakina hitza / begira zer ederra dan bertsolaritza".
Hamarreko txikiak ere utzi ditu hainbat bertso on, baita pentsarazteko hainbat kritika sozial. Xabat Galletebeitiak eta Ibarzabalek arropa-denda bat laster zabaltzekoak dira; lekeitiarrak manikiak kutxatik atera dituenean, Markinarrak esan dio ez dituztela gorputz errealak irudikatzen eta ez dituela ipini gura. Galletebeitia ez da ados egon: "baina Nerea, hasi nahi dugunerako / ezin gara kokatu merkatutik kanpo". Feminismotik erantzun dio Ibarzabalek, sendo: "Merkatuak baditu bere atakeak / ta estu-estu lotzen gaituzten kateak / hain ugariak dira hemen pasarteak / guri begira daude neskato gazteak / ispilu bihurtzen dira eskaparateak"; hurrengo bertsoan ere, bide beretik segitu du: "maniki begirada zorrotzak horkoak / lodi dituzu esanez izterrak, orpoak".
Bakarreko lanean, Miren Amuriza bizkartzainak plazaratu zuen hausnarketarako gakoa, bortxakeria matxista pairatu duen emakumea babesten lehenengo eguna eman ondoren:
Kotxerantza bueltatu naz ta egunak dakarrena
letra xehez apuntau dot kuadernotxoan barrena
retrobisoretik ilun-ilun ikusten da dena
lehen eguna izan da ojala balitz azkena
bizkartzainok badakigu zer dan ein behar geunkena
eta frustratzen nabena lehengoa barik da aurrena:
badakit andre barik gizona zaindu beharko neukena.
Buruz burukoa
Bakarkako ariketaren ostean, buruz burukorako sailkatu ziren Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue. Seiko motzeko ofizioan, andre preso baten senide izan ziren biak: Enbeita alaba, eta Lekue, senarra. Enbeitak ez du Andaluziara bisitan joan gura, kuadrilla-afaria dauka eta. Etxahunek ez du begi onez ikusi; azaldu duenez, "Jakin disgusto itzela hartu barria dotela / nahiz jakin adin arraro baten berez zagozela / hemen geldituz horrela baina barkatu al dela / amari igual esango dotset gaixorik zauzela". Enbeitak aldarrikatu du bere espazioa izatea: "(...) berba mutilez ta modaz eta jolastu alkoholaz / ama maite dut baina lagunak beharrezko dodaz". Lekuek, baina, erronka bota dio alabari: "Neska handi zara hazi ta gazte kontutan hasi / ondiño ez dot behar bezala jazaten ikasi / amari adierazi guran behar naz nahasi / zer dela eta ez zaren joan gutun bat idatzi". "Zuk emon mozu itzela nire partetik horrela / eta esaiozu ahal dodanean joango naizela", bukatu du ofizioa Enbeitak.
Kartzelako "Zorotzat hartu zaitue danek baina bardin deutsu" gaiari erantzun behar izan diote gero. Enbeitak ekin dio aurren:
Bizimodua ez da ederra edonon dauka malkarra
baina bakarra daukagu eta daukagu bizibeharra
sekula ez naz neska bat drogosoa edo txarra
baina aspaldi galduta neukan nire ametsen iparra
lagunei zeozer kontau gurean gastau dodaz mila barra
batek sorbaldak gorantza eta beste batek irriparra
atea itxi dut hau da egiteko falta jatan bakarra
aurrean daukat mundu oso bat atzean soilik senarra.
Lekuek ere ariketa polita sortu du, poto egin arren. Azken agurrean nabarmen utzi du gaur pasatutakoa: "Montaña rusan ibili bainaiz eta azkenean lurra jota".
Halandaze, Jon Enbeita Bizkaiko txapeldun ohiak ipini dio txapela Onintza Enbeita ilobari. Muxikarrak bere alde sentiberaren gaineko txantxa egin du: "makila eskuan dago erdi negarrez tuntuna" senideak eta bertsozaleak aipatzeagaz batera. Akabuan, plazan segitzeko bere berba eman du: "Sentiduarazi nozue hain etxekoa, kuttuna / plazaz plaza bueltau nahi dot jaso dodan maitasuna".
Sailkapena
- Onintza Enbeita Maguregi, 843,5 puntu
- Etxahun Lekue Etxebaria, 814,5
- Xabat Galletebeitia Abaroa, 493
- Jone Uria Albizuri, 489
- Nerea Ibarzabal Salegi, 489
- Miren Amuriza Plaza, 486,5
- Eneko Abasolo Txabarri 'Abarkas', 463,5
- Aitor Bizkarra Ruiz 461,5