Maiatzaren 5ean egin zen Sopelan azken urteetan ohiko izan den muralen pintaketa-eguna. Egun hartan, Ertzaintzak ekintza aldarrikatzailean parte hartzen zebiltzan bederatzi gazte identifikatu zituen. Mozal legea ezarri zieten, baina horrez gainera Sopelako Udalak salaketa ipini zien, kalteengatik; besteak beste garbiketa-lanen kostua eurek ordaintzea izan daiteke jaso dezaketen zigorra, Zigor Kodearen araberako isun batez gain.
Gaur joan dira bederatzi gazteak Getxoko 4. Instrukzio Epaitegira, baina ez dute deklaratu gura izan. Justizia Jauregira sartu aurretik HIRUKAri adierazi diotenez, "berez itsustea leporatu ahal ziguten, baina horren ordez kalteengatik salatu gaitu Udalak; garbiketa-kostuak guk ordain ditzagun saiatuko direla ailegatu izan zaigu udal-iturrietatik, 2.000 euro baino gehiago". Udalak, salaketa ipini arren, ez da auzian bertaratu, eta honenbestez epailearen esku dago hurrengo pausoa zein izango den erabakitzea.
Deklarazioen hasiera 10:00etarako zegoen aurreikusita. Ordu erdi lehenago, Zentsurarik Ez plataformak deituta, 50 bat lagun batu dira Justizia Jauregiaren aurreko aldean, "Ez gaituzte isilduko" zioen pankarta bategaz. Zentsuraren aurkako mezua zabaldu, eta bederatzi salatutakoei elkartasuna adierazi diete. Ondoren, elkarregaz gosaldu dute.