100 familia behar dira udan ume errefuxiatu sahararrak hartzeko

Erredakzioa 2019ko urt. 18a, 15:59
56.000 ume saharar bizi dira errefuxiatu-kanpamentuetan, basamortuan. OPORRAK BAKEAN

Badira 30 urte baino gehiago euskal familiek, udako hilabeteetan, ume sahararrak euren etxeetan jasotzen dituztela. 2018ko udan 316 neska eta mutil saharar etorri ziren EAEra, eta aurten beste horrenbeste etortzea gura da. Horretarako, gutxienez, 100 familia gehiago beharko dira.

Oporrak Bakean programa antolatzen duten elkarte eta udaletxeek euskal gizartea kontzientziatu eta egiten duten lana ezagutarazteko helburu duen kanpaina abiatu da Orain bi familia ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian lelopean. Kanpainaren ordezkarien hitzetan "esaldi horrek oso modu egokian laburtzen du programan parte hartzen duten neska eta mutilen esperientzia, baita horiek hartzen dituzten harrera familiena ere". Horregatik Euskal Herriko familiak animatu gura dituzte haur errefuxiatu sahararrak etxean hartzeko uda garaian.

Kanpainak ikus-entzunezko hainbat euskarri ditu, eta hainbat urtean Euskal Herrira etorri diren umeen testigantzetan oinarritzen da. Testigantza horien bitartez, euren egonaldietatik gustukoen dituzten gauzak edo arreta gehien deitu diena kontatzen dute.

Udan, bi hilabetez, euskal familiakaz bizitzen

Herri Sahararrak 40 urte baino gehiago daroatza errefuxiatu-kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde-gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura-baldintzen ondorioz. Hori dela eta, Oporrak Bakean programak sustatu egiten du 10 eta 12 urte bitarteko ume saharar errefuxiatuak udan, bi hilabetez, euskal familiakaz bizi daitezela. Egonaldi horien helburuak dira umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzea (gerizpean 55 ºC-ra heltzen dira tenperaturak), hazten dauden adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzea, azterketa medikuak egitea eta euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzea.

Edozein motatako familia izan daiteke harrera-familia: pertsona bakanak, elkarbizitza-unitateak, seme-alabadunak zein seme-alabarik ez dutenak. Baldintzarik garrantzitsuena denbora eta gogoak izatea da, umeari arreta eskaini ahal izateko, eta bizi eta lo egiteko tokia eskaini ahal izatea.

Informazioa jaso eta programan parte hartzeko

 

Ume saharar bat uda honetan harreran hartzeko interesa duten familia edo pertsonek dagokien elkarte edo udalagaz jar daitezke kontaktuan (http://oporrakbakean.eus/nortzuk-gara/elkarteetaudalantolatzaileak/), edo lurralde bakoitzeko pertsona arduradunagaz: 665711947 (Araba), 658751359 (Bizkaia) 696014786 (Gipuzkoa)

 

oporrakbakean@gmail.com

 

Informazio gehiago: oporrakbakean.eus

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun