Elkarrizketak

Tantaka TV: "Herrigintzako gaiak ez dira agertzen komunikabide hegemonikoetan"

Unai Brea 2019ko ots. 7a, 08:00

Eneko Calle eta Tamara de Gracia, Tantaka TVren sortzaileetako bi. HODEI TORRES

"Telebista soziala", horrela aurkezten du bere burua Tantaka TV komunikazio-proiektuak. Barrikan bizi den Tamara de Graciak eta Eneko Calle urduliztarrak azaldu dizkigute haren nondik norakoak. 

Euskadi-Cuba, Mugarik Gabe eta Duintasuna Eta Bakea gobernuz kanpoko erakundeak 2016an hasi ziren lantzen telebista bat sortzeko proiektua. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zioten, baina orduko hartan ez zuten lortu behar zuten finantzazioa. Bai ordea 2017an. 2018 gehiena euren burua prestatzen eman zuten, eta azaroan hasi ziren edukiak sortzen, lau laguneko lantaldeagaz. Aurreikusitako programazioaren erdiagaz jarri ziren martxan, baina daborduko lortu dute parrilaren %100 osatzea. Hamaika Telebistak utzitako estudioak baliatzen dituzte zenbat saio grabatzeko. Zabalkunderako, berriz, Internet.

Argi zeneukaten proiektuak telebista izan behar zuela. Zergatik?

TAMARA DE GRACIA: Ikusten genuelako gure arloan ez zegoela halakorik. Badaude gauza batzuk Ahotsa.info-n eta beste batzuetan, baina horiek gaurkotasunari jarraitzen diote. Guk bideoteka bat osatu nahi genuen... Tira, hori ere ez da, baina kontua da momentuz ez dugula gaurkotasuna jorratzen; hamasei saio daukagu, baina atenporalak. Gazteei begira ere nahi genuen aritu eta haiei zuzendutako saio batzuk sortu ditugu. Egin ditugu elkarrizketa eta solasaldi burutsuak, sakonak, baina beste mota batzuetako saioak ere bai, umorezkoak, arinagoak...    
ENEKO CALLE: Hegemonikoekin konparatuta, herri-komunikabideek daukaten gauza interesgarri bat da herritarrak informazioa kontsumitzetik ekoiztera pasatzen direla. Guk hori egiten dugu, eta sarean ipini. Euskadi-Cubak egiten duen Cuba Información bada aurretik ere hedabidea, eta guk, Bakea eta Duintasuna eta Mugarik Gabe GKEok, lehendik ere egiten genituen ikus-entzunezkoak… Tantaka plataforma bat da horiek guztiak sarean jartzeko. Badaukagu esperientzia hedabide batzuekin elkarlanean, beraz…

Zuen gaineko informazioa bilatuz gero, "alternatibo" berba ageri da behin eta berriro, baita "kontrainformazioa" ere. Zelan interpretatzen duzue hori? Zer da alternatiboa?

T.D.G.: Hedabide hegemonikoek kontatzen ez dutena esatea, edo gustatzen ez zaigun moduan kontatzen dutena gure erara esatea. Batez ere, dakitenei hitza emanez. Jende aditua ekartzen saiatzen gara, baina guztiek ulertzeko moduko hitzak erabiliz, gai konplexuak gizarteari hurbiltzeko.    
E. C.: Azaroan Tantaka TV aurkeztu genuenean, herri-hedabide batzuetan galdetu ziguten "zergatik beste hedabide bat? Esaten duzue Ahotsatik, Hala Beditik, Arrosa Saretik, Argia-tik… ikasi duzuela, edota haiei begira sortu duzuela Tantaka, baina zergatik beste hedabide bat horiek egonda? Zer hutsune ikusi duzue horietan, Tantaka sortzeko?". Eta gure erantzuna izaten zen hutsunerik ez dugula ikusi, gu horiek osatzera gatozela batez ere. Guk ditugun harremanek, kontaktuek, ezagutzek… lagundu egiten digute horretan.  

Zuen elkarteek jorratzen dituzten gaietatik, zer isiltzen dute hedabide hegemonikoek?

T.D.G.: Ia dena, esango nuke. Baditugu bizpahiru saio kontrainformazioaz, bat Zentsurabideak izena duena. Zentsura jasan dutenei hitza ematen diegu horretan, hori ezinezkoa da komunikabide hegemonikoetan. Beste saio batean aztertu egiten dugu nola osatzen dira hedabideen botereak, argi dago haiek ez dutela hori inoiz kontatuko.    
E.C.: Esango nuke herrigintzarekin zerikusia duten gaiak ez direla agertzen komunikabide hegemonikoetan. Bilbori buruzko informazioa, komunikabide horietan, turismoa izango da, hiriaren garapena… Eta beste gauza asko kanpoan geratzen dira: testuinguruak azaltzea, gatazka armatuenak esaterako; multinazionalen boterea, nola multinazional horiek dauden hedabide hegemonikoen jabegoan sartuta erabat… Horietan ez duzu entzungo Iberdrolaren kontrako albisterik, eta Tantakan berriz, bai.    
T.D.G.: Telebista nagusiek emango dizute, beharbada, BBVAren kontrako urteroko ekintzaren berri, baina zergatia sakon azaldu barik. Eta gauza bera munduko gatazkei dagokienez: Sahara, Kurdistan... Oso konplexuak dira, eta jendeak izenburu nagusia baino ez dakizki horietaz. Gu 5-10 minutuko saioetan ematen dugu haien berri, datuekin, irudiekin...

Egin daiteke hori, 5-10 minutuan?

T.D.G.: Bai. Denbora horretan nahikoa irudi hurbila eman daiteke egoeraz. Jende asko ez da egoten prest Palestinari buruzko ez dakit zenbat orrialdeko txosten bat irakurtzen hasteko, baina modu horretan azalduz gero ikusi egingo du...

Hizkuntza aldetik zein irizpide duzue? Helburua elebidunak izatea dela irakurri dut inon.

E.C.: Ez ditugu kontuak egin orain arte. Otsailean izango dugu lehenengo ebaluazio-bilera Kontseilu Politikoarekin [ikusi azpiko testu gehigarria], eta hori izango da irizpideetako bat. Baina esango nuke elebitasunaren helburutik hurbil gaudela, uste genuena baino errazagoa izaten ari da euskaraz ekoiztea. Hala ere, oreka horren barruan, saiatzen gara gonbidatzen ditugun pertsonei adierazten Tantaka Telebistak duen abantaila bat dela Euskal Herrian jaio arren estatuan ere oso jarraitua dela, baita Latinoamerikan ere. Eta gai batzuk gazteleraz jorratu nahi ditugu. Esaterako, tortura. Badira gai batzuk Euskal Herrian beti euskaraz lantzen direnak, ETB1en baino agertzen ez direnak, eta badirudi ETB2 ikusten dutenei, erdaldunei, ez zaizkiela interesatzen.    
T.D.G.: Tortura bera, motxiladun umeak...    
E.C.: Badakigu ahalegina eskatzen diegula gonbidatu batzuei, euskaldunak izanda gazteleraz egiteko eskatzen diegulako, gero beste kanal batzuetan zabaldu ahal izateko.

Bilbon egiten da Tantaka, baina Euskal Herri osokoa izatea da asmoa, ezta?

T.D.G.: Hala Bedik oso ondo esan zuen hori bere buruaz eta ez dakit zergatik gu ez garen umilak horixe bera esateko. Hala Bediren ikuspuntua Euskal Herri osokoa da, baina Gasteizen dago eta, beraz, Gasteizko gauzak hurbilago dauzkate. Gu Bilbon gaude, baina Euskal Herri osoan gertatzen diren gauzak kontatzen ditugu. Orain Altsasukoaz dokumentala aterako da, joan gara irunera Fermin Muguruza elkarrizketatzera, egon gara Gasteizko Errekaleor auzoan… Joan behar dugun lekuetara joaten gara. Ezin gara egon denbora guztian Tuteran, baina saiatzen gara kontatzekoak diren gauzak kontatzen. Momentuz Iparraldea daukagu ahaztuta; egiteke dauzkagun gauzetako bat Kanaldude telebistarekin harremanean jartzea da…

Eusko Jaurlaritzak emandako diruari esker hasi zineten martxan. Horrez gainera badaukazue bestelako finantzazio-iturririk?

T.D.G.: Oraingoz ez. Publizitatea? Ez dugu pentsatu etorkizunaz. Oraingo finantzazioa abenduan amaituko da, eta gure asmoa beste urte birako eskatzea da. Baina oraintxe ez dugu gogoa horretan.    
E.C.: Hor badago tentsio bat. Herrigintzatik sortu diren hedabide gehienak autogestionatuak dira. Hor talka bat dago: GKEak, diru-laguntzak eta autogestioa. Umm, ikusiko dugu. Tantakaren Kontseilu Politikoan dauden eragile batzuek autogestioaren alde egiten dute, uste dute Tantakak bide hori egin beharko lukeela. Baina nola egiten duzu bideragarri holako proiektu handi bat? Eztabaida hori hor egongo da, beti existitu da herri honetan. Zer puntutaraino administraziotik diru-laguntza bat jasotzeak baldintzatzen duen hedabide bat… Momentuz askatasuna daukagu, baina tentsio hori egon badago.

 

Baloreak zaintzeko, Kontseilu Politikoa

Lau baloreren arabera definitzen du bere burua Tantaka TVk: feminista, internazionalista, plurala eta jasangarria. Ildo horiek betetzen direla behatzeko eta proiektuak izaera kolektiboari eusten diola ziurtatzeko, Kontseilu Politikoa sortu dute, hainbat hedabidek, elkartek eta kazetarik osatua. Besteak beste, Pikara Magazine, Ekuador-Etxea, Resumen Latinoamericano, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Reas-Euskadi, Ernai, Ekologistak Martxan, Hala Bedi, Komite Internazionalistak eta Feministalde daude Kontseiluan.

 

Telebista egiten ikasi

"Borondatea, ilusioa eta gogoa dauzkagu, baina lantaldearen erdiak ez du izan kazetaritza edo komunikazioan eskarmenturik. Azaroan edukiak sortzen hasi aurretik formazio trinkoa egin dugu, lau urteko karrera egin dugu hiru hilabetean, kar kar. 2019rako erronketako bat da guk ikasitakoa beste herri-eragile batzuei irakastea, eurek euren saioak ekoiztu ahal izateko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun