Elkarrizketak

Las Sexpeares: "Momentu polit hau gogoz disfrutatu nahi dugu"

Asier Barruetabeña Rivallo 2019ko mar. 5a, 08:30

© LAS SEXPEARES

Gela itxi baten iluntasunean, koloredun ileak agertu dira; erritmoa markatu dute baketen hiru kolpek, eta grunge doinuak entzun ditugu. Las Sexpeares dira, talde indartsu bezain ezkorra.

HIRUKAren galderei erantzuteko prest dago gaur egun emakume bik (Belén eta María) eta gizon batek (Aitor) osatzen duten hirukotea. Laugarren lana kaleratu berri dute, eta 2019an hainbat jaialdi garrantzitsutan jotzeko deitu diete daborduko.

Nortzuk zarete Las Sexpears? Azaldu egiguzue labur zeuen historia...

Las Sexpeares 2009. urtean sortutako punk-rock/rock alternatibo taldea da. Hamar urte hauetan hainbat kide-aldaketa eduki ditugu, eta horren adibide argia da hiru baxu-jotzaile eduki izana Aitor baino lehen. Denbora honetan lau EP atera ditugu eta LP bat, azken EPa El Dromedario Records zigiluarekin. Guretzat kristoren pausoa izan da diskoetxe indartsu batekin egotea.

Zertaz berba egiten duzue zeuen letretan?

Gure hitzek taldekideen bizipenei buruz hitz egiten dute, gure beldurrez, gogoez, pozaz eta amorruaz. Amorruaz jeneralean, kar kar....

Iazko amaieran grabatutako disko berria dakarzue eskuetan. Pozik zaudete lan berriagaz? Non egin duzue grabaketa?

Oso pozik gaude gure disko berriarekin, lan indartsu eta freskoa atera dugula uste dugu. EPa Zestoako Gaztain estudioetan grabatu genuen, eta Donostiako Doctor Master-ekin masterizatu, Estanis Elorzarekin.

Urte asko daroazue eszenan. Hasieratik hona zerbait aldatu dela esango zenukete?

Egia esan, dena profesionalizatu da, beste ikuspegi batetik ikusten dugu musika momentu honetan. Eszenari dagokionez, emakume taldeek geroz eta presentzia handiagoa daukate festibaletan, baita herriko agertokietan ere.

Azkenaldian estatuko hainbat festibaletako karteletan agertzen zabiltzate; zelakoa suertatzen ari zaizue bizipena?

Guretzat aspaldiko amets bat betetzea da hau guztiau. Oraindik ez dugu sinesten Iruña Rock eta Viña Rock festibaleko karteletan egotea, pilo bat miresten ditugun hainbat talderekin oholtza konpartitzen.

Etorkizunari begira, badaukazue ideiaren bat gogoan? Proiektu berririk edo?

Gure asmoa lan eta lan jarraitzea da, momentu polit hau gogoz disfrutatu nahi dugu eta. Lan berria atera dugu udazkenean baina dagoeneko abesti gehiago egiten gabiltza. Kontzertu akustiko bat prestatzea gustatuko litzaiguke, baina hainbeste gauza egiteko denbora falta zaigu, egia esan behar badugu...  

Amaitzeko, zeintzuk izango dira zuen hurrengo kontzertuen datak?

Viña Rocken eta Extremusika festibaletan izango dira; oraindik ez dakigu zeinetan joko dugun lehenengo, baina biak asteburu berean izango dira, maiatzeko lehenengoan, 2, 3 eta 4an. Gainera, areto txikietan jotzeko bira laburra prestatzen ari gara kontzertu horiek baino lehen, baina oraindik ez daukagu ezer lotuta. Gu proposamenak entzuteko prest gaude beti ere, kar kar...  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun