Lehenik eta behin, zergatik greba feminista?
Uste dut gaur egun parekidetasun faltsu bat dagoela, berdintasuna deitzen dioten hori. Benetan ez gara heldu parekidetasunera inongo esparru batean ere ez. Hortaz, beharrezkoa da pasa den urtean egin ziren paroei buelta bat gehiago ematea eta irudikatzea, greba tresna modura erabilita, oraindik badagoela zer borrokatu. Orduan, zergatik greba feminista, ba aldarrikatzeko martxoaren 8a ez dela bakarrik Emakumearen Nazioarteko Eguna, borroka egun bat ere bada.
Zein da, hortaz, grebaren helburua?
Kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari planto egitea, lehenik eta behin. Eta ikusaraztea gure espazioak, gure lanak eta gure zaintzak garrantzi handia duela jendartean. Irudikatzea zer gertatzen den gu ez gaudenean, eta balioa ematea emakumeok egiten dugunari.
Zelakoa izan da feminismoaren garapena Uribe Kostan?
Azken urteotan gorakada handia egon da neska gazte eta feministen taldeen sorrerari dagokionez. Oso nabaria da Uribe kostako herri gehienetan sortu direla taldeak, eta talderik ez dagoen herrietan ere feminismoaren inguruko hainbat lanketa dagoela, batzuk udaletxeetatik eta esparru instituzionaletatik planteatuta, baina beste asko herri-mugimendutik. Orduan, munduan orokorrean ematen ari den tendentzia hori, gure eskualdean ere gertatu eta irudikatu da, feminismoak gorakada izan du.
Aldatu du gizarteak, oro har, feminismoarekiko duen jarrera?
Bai eta ez. Iruditzen zait alde batetik aldatu duela eta diskurtsoa gero eta onartuago dagoela. Baina beste alde batetik beldur naiz, iruditzen zaidalako horrelako diskurtsoek jendartean onarpen orokortu bat dutenean, batzuetan gehiegi desegin eta sistemaren apropiazio bihurtzen direla. Horren adibide da, besteak beste, Zara kateak "I am feminist" mezua duen kamiseta merkaturatu izana.
Hortaz, gai polemikoa da feminismoa modan egote hori. Alde batetik aukerak ematen dizkigu, mezua erraztasun handiagoarekin orokortu daitekeelako. Baina ezin dugu inolaz ere pentsatu gure borroka guztiz onartua dagoenik eta diskurtso bakarra eta alde bakarrekoa duenik, ez delako erreala jendarte feminista batean bizi garela.
Dena den, azken urtean eskuin-muturreko alderdiak hedatzen ari dira Espainiako Estatuan eta Europan. Zein ondorio dakartza horrek?
Nik uste dut ez garela ohartzen. Ez dakigu benetan zein ondorio mota heldu ahal zaizkizun eta zer nolako aldaketak ekar ditzakeen gure egunerokotasunera. Hasteko, eskuin-muturrak terreno handiagoa lortzen duen heinean, lortu ditugun aldaketak, txikiak izan arren, galduko ditugu. Beraz, adi egon behar dugu, eta ez bakarrik tendentzia faxistekin. Hain markatuta ez dauden eta hurbilago ditugun hainbat mugimendu ere oso kaltegarriak izan daitezke, eta horiei ere arrera jarri behar zaie.
Zer egin behar da horiei aurre egiteko?
Jendarte kritiko baten aldeko apustua egin, eta ez sinetsi komunikabideek esaten duten guztia. Ezin ditugu normaltzat hartu hainbat gauza, orain arte modu horretara egin izate hutsagatik. Ez hartu jarrera pasibo hori, jendartearen aktibazioa behar dugu.
"Bizitzak erdigunean" da aurtengo grebaren leloa. Azalduko diguzu zein den leloak atzean duen mezua?
Sistema kapitalistak etekin ekonomikoa edo kapitala jartzen du erdigunean, eta horren arabera antolatzen du bizitza. Horrek desorekak sortzen ditu, zapalkuntzak. Esango nuke, horren ondorio direla gaur egungo mila desgrazia. Ekonomia feministak bizitza erdigunean jartzeko ekarpena egiten du, bizitzak funtzionatu ahal izateko ez duelako diruak agintzen bakarrik. Lan produktiboa zaintza lanekin sostengatzen da, eta lan erreproduktiboarekin. Hortaz, ezin dugu kontuan hartu fabrikako lana besterik ez, bizirauteko beste hainbat behar baititugu. Horiek erdigunean ipinita eta daukaten garrantzia aitortuta sortu ahal izango ditugu bizitzeko eredu berriak.