Euskarak gizartean duen egoerak kezkatzen zaitu. Zer dela eta?
Euskara bizirik dagoela diote erakunde publikoek, eta nik hausnarketa plazaratzen dut, eurek ematen dituzten datu faltsuetan oinarrituz. Gure hizkuntza ez erabiltzeak haren galera ekarriko du. Herri euskaldunak izan direnak erdalduntzen dabiltza, eta bertako biztanleek gero eta gutxiago erabiltzen dute euskara.
Gazteek ala helduek?
Gazteak erdara hutsean ikusten ditut euren artean askotan. Nire lanean egunerokotasunean aurkitzen naiz arazo honekin, eta uste dut gaur egungo gazteen euskara erabilpena eta maila oso baxua direla. Akats asko egiten dituzte, lexiko aldetik oso pobre dabiltza eta erdaratik euskarara kopiatzen dituzte egitura asko. “Ni naiz Miren” entzuteak, adibidez, mina egiten dit belarrian.
Gurasoek ez dute ardurarik horretan?
Bai. Gizartea lo dago, jendeak pentsatzen du euren seme-alabak ikastolara eramanda euskaraz jakingo dutela, eta hori ez da egia. Gainera, ingelesarekin orain, euskara hirugarren planoan dago.
Zein litzateke konponbidea euskara gizartean sustatzeko?
Erarik eraginkorrena, argi eta garbi: independentzia. Estatu bat sortzea lortuko bagenu, hizkuntza ofizial bakarra euskara litzateke, eta bere babesa izango genuke. Andorran, adibidez, katalanez dakite eta egiten dute berba denek, baina bestelako hizkuntza koofizialak ere erabiltzen dituzte. Gure hizkuntza gailentzea ez litzateke belaunaldi batean lortuko, baina urte askoren bueltan euskara bakarra izatea lortuko genuke, gure gobernuaren babesa bagenu.
Estatuaren erantzukizuna al da dena?
Kontzientziazioan sinisten dut nik, horregatik nabil kanpaina hauek egiten. Gaztelaniarekiko dugun menpekotasuna albo batera utzi eta euskaraz egiteari ekin behar diogu. Kanpoko bat dator eta beti gaztelaniaz egin behar diogu berba, eroan dezagun euskara harrotasunez.
Gaur egun Eusko Jaurlaritzak ez du euskara babesten?
Ez. Eredu izan behar du Jaurlaritzak, hots, ez du balio “egun on” esan eta garrantzitsuena erdaraz esateak. Bestalde, gaztelerako hedabideetan askoz ere diru gehiago gastatzen dute publizitatean. Argia, adibidez, publizitatean diru kopuru gutxien jaso zuen hedabidea izan zen 2017. urtean.
Uste duzu dirua banatzen dutela gogoak ematen dien bezala?
Dudarik gabe. Ez dago irizpiderik diru kopuru hori banatzeko, erabat subjektiboa da, eta errealitatea da euskara sustatzen duten hedabideak ez dituela lehenesten Jaurlaritzak. Gauza bat esaten dute, eta beste bat egin. Jendea engainatzen dute, nire ustez.