Etxeko zerbitzuaren bilakaera aztertu duzu frankismoan eta trantsizio-garaian.
Hala da. Horretarako dokumentazio-lan handia eta elkarrizketa asko egin ditut, Bilbo Handian bereziki, baina Madrilgo eta Valentziako hainbat emakumerekin ere egon naiz, besteak beste. Azken batean, diktadura zentralista izan zen, hortaz, dokumentazioa Madrilen dago, eta antolamendua berdina da erkidego guztietan. Nire lanean arreta bereziki Euskal Herriari eman diodan arren, testuingurua Espainiako Estatu mailakoa da.
Horrelako lan bat osatzeko ahalegin handia egin beharra dago. Zenbat elkarrizketa egin duzu?
Modu profesionalean 30 bat inguru egin ditut, baina modu informalean asko, ez nuke asmatuko zehazten. Taldeka ere egin izan ditut batzuk, eta horietako gehienak ez dira liburuan izen-abizenarekin idatzita agertzen, baina lana bideratzeko garaian oso lagungarri eta esanguratsuak egin zaizkit, bereziki nondik nora jo nahi eta behar nuen jakiteko.
Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Unibertsitatean historia ikasten nenbilela, emakumezkoen lan-tasen bilakaera aztertu genuen. Konturatu nintzen grafiko guztietan agertzen zela U formako parabola antzeko bat, hau da, XIX. mendean goi-goian dago puntua, frankismo garaian, aldiz, behe-behean kokatzen da, eta 70eko hamarkadatik aurrera gorantz egiten du. Ez nekien zein zen bat-batean eta horrenbeste jaistearen arrazoia. Izan ere, nire amama biak langileak ziren, baita nire lagun eta ezagunenak ere. Kontua da estatistikak diskurtsoaren arabera egiten direla.
Frankismoan oso txarto ikusten zuten ezkondutako emakumeek lan egitea. Hortaz, egin egiten zuten, noski, baina beti modu ezkutuan. Bilboko San Inazio auzoan, esaterako, kromoak eta jostailuak egiten zituzten emakume askok, industria-lana, baina nork bere etxetik. Hori oso merke ateratzen zitzaion enpresari, gainera, ez zuelako egoitzarik, argirik eta bestelakorik ordaindu behar.
Horrez gain, gai hori aukeratu nuen ikusgarritasuna eman nahi nielako beti ezkutuan egon direnei, eta iruditzen zait ikusezinen artean ikusezinenak etxeko langileak izan direla.
Zelakoa zen etxeko langileen profila?
Euskal Herriari dagokionez, oso gazte zirela hasten ziren lanean, zazpi edo zortzi urterekin, eta gehien-gehienez hamalau. Bilbo inguruan lanean zebiltzan gehienak bizkaitarrak ziren hasiera batean, baina denbora pasa ahala gero eta etorkin gehiago zegoen. Orokorrean goseteari aurre egiteko egiten zuten etxeko zerbitzua lehenengo urtetan, eta bizi-kalitatea hobetzeko ondoren. Dena den, profila garaiaren araberakoa da.
Zure lana hiru etapatan banatu duzu. Zeintzuk dira garai horietako bakoitzean etxeko zerbitzuan lan egiteko zituzten arrazoiak?
Lehenengo etapa gerraostekoa da. Goseteari aurre egin behar ziotelako egiten zuten etxeko zerbitzua. Ez zuten soldatarik jasotzen, ohea eta janaria ematen zieten trukean. Horrez gain, errepresioari aurre egiteko estrategia ere bazen, izan ere, bertakoek harreman ona bazuten erregimenarekin, onurak izan ahal zituzten etxeko langileek ere. Nire elkarrizketatuek ez didate horrelakorik azaldu, baina dokumentuetan irakurri izan dut. Nolabait, bazekiten txiroak izateagatik, edota errepublikaren aldeko aita izateagatik, ez zutela ikasteko aukerarik izango. Hortaz, arrazoi ekonomikoez gain, politikoak ere bazituzten.
Etxeko zerbitzuari dagokionez, egoera oso latza zen. 24 orduz egiten zuten lan, lotan zeudenean ere adi eta prest egon behar zutelako. Noski, zerbait gertatzen bazen, adibidez, umeak botaka zeudela, beraiek altxatu behar ziren. Berez, lan-eskaintza handia zegoen garai horretan, hortaz, gustura ez bazeuden, erraz aldatu ahal zuten etxea. Baina errealitatea ez zen hori. Lotura handiak egiten zituzten zaintzen zituzten ume eta pertsona nagusiekin, eta hori oztopo bat zen baldintza txarrak salatzeko orduan edota etxea uzteko garaian. Ez zuten beraiengandik banandu nahi, etxeko jabeek bazekiten hori, eta txantaje emozionala egiten zieten langileei.
Bigarren etapak frankismoaren erdialdeari dagokio. Migrazio handia zegoen, bereziki Burgos, Extremadura eta Galiziatik etortzen ziren Euskal Herrira, eta gehienbat bizi-kalitatea hobetzeko. Beraz, ordurako arrazoi nagusia ez zen gosetea, hobetzea eta aukera gehiago izatea baizik, eta horretarako, kasu askotan, migratzea eta etxeetan lan egitea beste biderik ez zuten. Garai honetan ez zegoen ondo ikusia emakumeek etxetik kanpo lan egitea ezkondu ostean. Hortaz, emazte izan arte egunean 24 orduz egoten ziren lan egiten zuten etxean. Ondoren, aldiz, zortzi bat orduz. Horrez gain, «zerbitzari» hitza aldatu zuten, eta "enplegatu" terminoa erabiltzen hasi.
Azken etapa trantsizio-garaia da. Hainbat alderdi eta sindikatu borrokan hasi ziren, eta 1985ean etxeko zerbitzua arautzea lortu zuten. Dena den, modu oso berezian arautu zuten, eta berezia zentzu txarrean diot. Adibidez, baja hartzean 29 egun igaro behar ziren dirua kobratzen hasteko, hortaz, gaixorik egon arren, ez zuten hartzen. Langabezi eskubiderik ere ez zuten. Izan ere, oso zaila zen etxeko langileen eskubideak aldarrikatzea, sindikatu eta alderdiak oso maskulinizatuta zeudelako. Azkenean, mugimendu feministak hartu zuen borroka bere gain, eta Etxeko Langileen Elkartea sortu zuen, gaur egun ere bizirik dagoena.
Zelako harremana zuten etxeko jabeakaz?
Harremana ere erabat ezberdina da garaiaren arabera. Lehenengo etapan esaten zuten familiarren arteko harremana zutela, eta etxeko zerbitzurako emakume bat hartzea adopzio baten antzeko zerbait zela. Noski, etxeko langileek bazekiten hura ez zela euren familia, eta orokorrean oso txarto iruditzen zitzaien hori esatea, hipokresia hutsa zela salatzen baitzuten. Esan bezala, ez zuten soldatarik jasotzen, horren ordez etxea eta janaria ematen zieten, baina baita bergizarteratzeko aukera ere. Hau da, etxeko zerbitzua erabiltzen zuten Gerra Zibileko galtzaileei lotutako klase sozial txiroa berrezteko sistema modura. Denak ez ziren Errepublikaren aldekoak, baina frankismoarentzat txiroak zirenak, automatikoki, erregimenaren kontra zeuden. Horrez gain, emakumeak fintzeko modua zela zioten ere.
Bigarren etapa mistoa da. Soldata jasotzen hasi ziren, baina familiaren eta adopzioaren irudi horrek jarraitu zuen indarrean, eta horrela justifikatu egiten zuten ordaintzen zuten lansari hori oso murritza izatea. Dena den, garai honetan etxeko zerbitzua lantzat hartzen hasi ziren apurka-apurka.
Azken etapan zuten harremana enplegatuaren eta enplegu-emailearen artekoa zen gehienbat, familiaren eredua guztiz desagertuta baitzegoen. Egia da ez zirela beste langile batzuen modukoak, orokorrean ez zituzten berdin tratatzen eta baloratzen, baina beraien lana bazegoen araututa, bazegoen lege eta mugimendu bat horren atzetik.
Salatu egiten zituzten lan-baldintza txarrak?
Bai, noski. Errepublika garaian etxeko langileentzako sail berezi bat zuten CNT eta UGT sindikatuek. Frankismo garaian, aldiz, oso zaila zen salatzea, bereziki ez zelako lantzat hartzen, arautu gabeko zerbitzua zen, eta familiek tratatzen zuten. Hala ere, ikusi izan ditut gutunak. Hainbat emakumek idatzi zioten frankismoaren organismoari lana arautzeko eskatuz
Hirugarren etapan erraztu ziren gauzak, 1985eko legeak, nahiz eta txarra izan, bide eman zuelako salaketak egiteko. Esate baterako, hamarkada horretan zehar Euskal Autonomia Erkidegoko udaletxe gehienek emakumeak kontratatu zituzten etxeko laguntzaile lanak egiteko. Dena den, ez ziren udaletxeko langileak. Udaletxeak zerbitzu horien onuradun izango zirenei ematen zien dirua, gero eurak ordaindu zezaten zerbitzua. Emakume horiek ez zuten elkar ezagutzen, baina kartelak ipintzen hasi ziren, eta bata bestearekin biltzen, eta 1989an erkidegoan greba egin zuten. Herri askotan egin zituzten protesta eta mobilizazioak.
Zelako mobilizazioak?
Getxon lanean ari zirenak udaletxean giltzapetu ziren, adibidez, eta hainbat eserialdi egin zituzten. Horrez gain, urte hartako martxoaren 8ko manifestazioaren buruan izan ziren etxeko langileak, Ezkutuko lanak emakume izena du lemapean.
Eta zelakoak izan ziren emaitzak?
Askotarikoak izan ziren. Herri batzuetan kooperatiba bat sortzea lortu zuten, Erandion adibidez. Getxokoak, aldiz, kaleratu egin zituzten, eta beste asko ere. Epaiketa askoren ostean, 1995ean, milioi askoko sententzia ezarri zuten euren alde.
Zer ekarri zuen lorpen horrek?
Mugimendu feministarentzat izugarria izan zen, ekonomia feministaren aurrekontuak konprobatzeko modu bat baita. Horrez gain, lorpenak argi eta garbi utzi zuen etxeko langileak existitu egiten direla, egiten duten lana monetaz zenbatzeko modukoa dela eta, beraz, balioa eman behar zaiola. Azken batean, ikusgarritasun handia eman zion, eta hori oso garrantzitsua da.
Zelakoa da gaur egungo egoera?
Esango nuke, zenbait gauzatan hobera egin duen arren, beste askotan atzerantz goazela. Uste dut arrazakeria handitu dela, eta ausartuko nintzateke esatera klasismoak ere gora egin duela. Erabat desagertuta zegoen 24 orduz lan egiten duen emakumearen figura, eta gaur egun badaude horrelako asko, atzerritarrak bereziki. Batzuetan ezkutuan lan egitea besterik ez dute. Gertatzen da enplegu-emaileak paperak egin nahi ez izatea, ostean beste lan batera joango diren beldurrez. Mehatxuak ere badaude, eta askotan langileek badakite baldintza txarrak salatuz gero etxeko jabeak poliziari deitu diezaiokeela, esateko paperik gabe daudela hemen.
Dena den, esan dudan bezala, zenbait gauzatan hobera egin dugu. Mugimendu feminista inoiz baino indartsuagoa da, sendagai gehiago ditugu, eta emakume askok eta askok borrokatzen dute legalizazioa eta erregulazioa lortzeko.