Ezinbestean, Espainiako hauteskunde orokorrek utzitako arrastoa gogoan dugula ekin behar diogu udaletarako bozketek ekar dezaketenaren azterketari. Hala ere, gauza jakina da ez dagoela batetik besterako estrapolazio zuzenik egiterik, boto-emaile ugarik hautu desberdina egiten baitute hauteskundeak mota batekoak edo bestekoak izan, eta horrez gain oso kontuan hartzekoa baita udaletakoek eduki ohi duten berezitasuna: goragoko aginte bati men egiten ez dioten herri-hautagaitzak, independenteak alegia, gure eskualdean alkatetzarik izan ez arren gobernuan nor egongo den erabakitzeko giltza izan dutenak zenbaitetan. Gaur egun, Uribe Kostako hamar udalerrietako 150 zinegotzietatik, 23 dira udal-hautagaitza independenteetakoak.
Eskualde jeltzalea
Tradizioz, EAJ izaten da Uribe Kostako udal denetan alderdirik bozkatuena hauteskundez hauteskunde, eta alkatetza gehienak ere hark eskuratzen ditu. Azken agintaldietako salbuespen bakarra Sopela izan da: 2011ko udal-hauteskundeetan Bildu 200 botoko aldeaz gailendu zitzaten jeltzaleei, baita aginte-makila lortu ere. Plentzia da EAJren nagusigoa hausten duen beste udalerria: botorik gehien jaso arren, alkatetza beste batzuek eduki dute, koalizioak medio. Hala, EH Bilduk du gobernua gaur egun hiribilduan. Ikusteko dago, ordea, Plentziako Independenteek hauteskundeetan parte hartzeari uko egin izanak zer eragin izango duen. Gainerako udalerriei dagokienez, apirilaren 28an eskuratutako emaitza onek iradoki egiten dute jeltzaleak gorabehera handirik gabe gailenduko direla.
Eskualdeko hamar alkateetatik lau baino ez dira joango berriro zerrendaburu: Barrikakoa, Berangokoa, Plentziakoa eta Urdulizkoa. Horrek esan gura du gutxienez sei alkate berri izango ditugula. Bestalde, EAJ faboritotzat duten kinielak betez gero, hamarretik lau alkate izango dira emakumezkoak; bost, jeltzaleek Plentzian ere makila lortuko balute. Gaur egun, hiru dira emakumezko alkateak Uribe Kostan: Berangokoa, Gorlizkoa eta Leioakoa.
Elkarrekin Pidemos eta Vox
Eusko Legebiltzarrera aurkeztu zuten koalizioa udal-hauteskundeetara ere eroatea erabaki dute Elkarrekin Podemos osatzen duten hiru alderdiek (Ahal Dugu, IU-Ezker Anitza eta Equo Berdeak); Uribe Kostan, hain zuzen, sei hautagaitza aurkeztuko dituzte. Udalerri batzuetan, orain dela lau urte esparru ideologiko berean sortutako herri-hautagaitzak aurkeztuko dira berriro ere, eta horrek talkaren bat sortu du, barruko orrialdeetan xeheago aztertuko dugunez. Azkenik, Vox aipatu beharra dago. Alderdi ultraeskuindarra hutsaren hurrengoa izatetik 3.000 boto lortzera igaro da Uribe Kostan hauteskunde orokorretan, eta lau udaletan aurkeztuko du hautagaitza maiatzaren 26rako: Berangon, Erandion, Getxon eta Leioan.