Udal-hauteskundeak 2019

Uribe Kostako Mankomunitatearen "gaur egungo errealitatea eraldatzeko" proposamena egin dute EH Bilduren alkategaiek

Erredakzioa 2019ko mai. 20a, 13:13

David Crestelo (Plentzia) eta Miren Tubet (Barrika) alkategaiek irakurri zuten adierazpena. @ EH BILDU

Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietako EH Bilduren alkategaiek adierazpen bat plazaratu zuten zapatuan Plentzian egindako ekitaldian. Mankomunitatea hasierako filosofiatik urrundu izana eta "egitura kontrolatzen duen alderdiaren zerbitzura" dagoen jarduera-mota batera hurbiltzea deitoratu zuten.

David Crestelo Plentziako alkategaiak eta Miren Tubet Barrikakoak irakurri zuten agiria zapatuko ekitaldian. Gogorarazi zutenez, udalerriek euren kabuz eskaini ezin dituzten zerbitzuak eman ahal izateko indar-batuketaren ondorioz sortzen dira mankomunitateak, "baina mankomunitate batek beste arlo batzuk ere jorratu behar ditu: epe luzeko helburu eta estrategiak, baliabideak baliatu eta optimizatzea...".

"Zoritxarrez, Uribe Kostako Mankomunitatea filosofia horretatik urrunduz joan da", esan zuten koalizio abertzaleko hautagaiek, eta kritikatu egin zuten, alderdiaren izena aipatu barik, EAJk bere mesederako darabilela egitura hori. "Gure zazpi herriotan bizi diren ia 40.000 biztanleen bizi-kalitatea hobetu nahi dugu, bai eta gure arteko harremanak gero eta estuago bilakatu ere", gaineratu zuten.

Ildo horretan, sei konpromiso plazaratu zituzten "errealitate hori eraldatzeko": ekonomiaren sektore denak aintzat hartuta toki-garapen orekatua bultzatzea; eskualdean ingurumenari mehatxu egiten dioten arriskuei aurre egitea; sektore ahulenak babesteko gizarte-politikak garatzea; euskara eta euskal kultura politikaren ardatz izatea; zazpi udalen arteko lankidetza garatzea; eta Uribe Kostako egiturak (bai Mankomunitatea bera bai Behargintza ere) demokratizatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun