Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeen emaitzak herriz herri: hau da panorama

Unai Brea 2019ko mai. 27a, 00:03

Uribe Kostako hamar udalerrietatik bostetan gehiengo absolutua lortu du EAJk (Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia eta Urduliz), eta segurtasunez esan daiteke nortzuk izango diren bertako alkateak. Ikusteke dago besteetan zer akordio egongo den, baina denak ematen du aditzera jeltzaleek erabateko hegemonia izango dutela Uribe Kostan 2007tik lehenengoz. Hona hemen herriz herrikako emaitzak.

Barrika

Azken agintaldian ordezkaritza izan duten lau indarretatik batek, Orainek, ez du oraingoan zinegotzirik lortu. Hark galdutakoa EAJk irabazi du, eta horrek gehiengo absolutua eman die jeltzaleei. Hala ere, EH Bilduri hamabost boto baino ez zaizkio falta izan EAJri zinegotzi bat (eta gehiengo absolutua) kentzeko. Ikusteko dago, beraz, posta bidezko botoak zenbatu ostean behin betiko emaitza zein izango den; hala ere, Barrikak duen populazio txikia ikusita (denera 817 pertsonak eman dute botoa), ez dirudi emaitza aldatzeko tarte nahikoa dagoenik. 2015etik abstentzioa igo den Uribe kostako herri bakarra izan da Barrika.

  • BOTO-KOPURUA: 817
  • ABSTENTZIOA: %34,01
  • EAJ: 342 (%42,43).
  • EH Bildu: 259 (%32,13)
  • iBarrika: 94 (%11,66)
  • PSE-EE: 52 (%6,45)
  • Orain: 30 (%3,72)
  • PP: 16 (%1,99)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 5
  • EH Bildu: 3
  • iBarrika: 1

Berango

Gotorleku jeltzalea izaten da EAJ, baina ohi baino are emaitza hobea lortu du oraingoan: gehiengo absolutua lortzeko zorian dago. "Zorian" diogu, zortzi botoko aldea besterik ez dagoelako; horiexek dira EH Bilduk beste ordezkari bat lortu eta EAJk bat galtzeko beharko liratekeenak. Posta bidezko botoen zenbaketari irrikaz itxarongo diote denek, honenbestez. Kontuak orain bezala geratzekotan, EH Bilduk 2015ean baino emaitza okerragoak lortuko dituen eskualdeko herri bakarra izango da Berango, eta PPri Uribe Kostako mankomunitatean geratzen zaion plaza bakarra ere bai. Elkarrekin Podemosek zinegotzi bat lortu du, hau da, orain lau urte Denok Batera hautagaitzak eskuratutakoaren erdia. Eskualdeko joeragaz bat, parte-hartzea bost puntu igo da Berangon.

  • BOTO-KOPURUA: 3.742
  • ABSTENTZIOA: %31,44
  • EAJ: 1.577 (%42,78).
  • EH Bildu: 894 (%24,25)
  • Elkarrekin Podemos: 430 (%11,67)
  • PSE-EE: 418 (%11,34)
  • PP: 266 (%7,22)
  • Vox: 56 (%1,52)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 7
  • EH Bildu: 3
  • Elkarrekin Podemos: 1
  • PSE-EE: 1
  • PP: 1

Erandio

Gutxi gorabehera 2015eko emaitza berdina lortu du EAJk Erandion. Garaipenak ez dio gehiengo absolutua emango, ordea, eta akordioak beharko ditu. PSE-EEgaz eginez gero, arazorik ez du edukiko: sozialistek gora egin dute, eta bost zinegotzi izango dituzte, azken lau urteetan baino bat gehiago. EH Bilduk gorakada nabarmena izan du, eta hirugarren indarra dira PSE-EEren atzetik baina zinegotzi-kopuru beragaz. 2015ean baino 600 boto inguru gehiago jaso ditu koalizio abertzaleak. Horietako batzuk, seguruenik, orain arte udaleko bigarren indarra izandako Ganemos Erandiorentzat izango ziratekeen Espainiako Konstituzio Auzitegiak hauteskundeetan parte hartzea galarazi ez balio. Izen horregaz aurkeztu den beste indarrak botoen %1 ere ez du lortu. Elkarrekin Podemos zinegotzi bigaz sartuko da Udaletxean, eta PPk zeukan ordezkari bakarra galdu du. Parte-hartzeak hiru puntu egin du gora.

  • BOTO-KOPURUA: 11.901
  • ABSTENTZIOA: %37,37
  • EAJ: 4.527 (%38,44)
  • PSE-EE: 2.508 (%21,30)
  • EH Bildu: 2.366 (%20,09)
  • Elkarrekin Podemos: 1.372 (%11,65)
  • PP: 459 (%3,90)
  • Solidaria: 211 (%1,79)
  • Vox: 105 (%0,89)
  • Ganemos: 95 (%0,81)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 9
  • PSE-EE: 5
  • EH Bildu: 5
  • Elkarrekin Podemos: 2

Getxo

Uribe Kostako beste udalerri batzuetan jazo den legez, Getxon ere indar gutxiagok lortu dute ordezkaritza: lehengo seien ordez bost izango dira datorren legegintzaldian. EAJk zinegotzi bi gehiago lortu ditu, baian hori ez du nahikoa izango bakarka gobernatzeko; bere orain arteko bazkideak, PSE-EEk, emaitza ona izan du Getxon ere, eta bitik hiru izatera igaro da. Sozialisten laguntza izanez gero, arazo barik izango alkatea Amaia Agirre jeltzalea. EH Bilduk botoetan gora egin du eta eutsi egingo die lau zinegotziei. PP bigaren indarra izan da, ohi duenez, eta bost zinegotziei eutsi die, baina botoak galduta. 2015ean lau zinegotzi lortu zituen GUKi dagokionez, jakina da zatitu egin zela hauteskunde hauen atarian: kide batzuk Elkarrekin Podemosegaz aurkeztu dira (eta zinegotzi bi lortu), eta besteak, hau da, sigla berdinakaz joan direnak, kanpoan geratu dira. Bestalde, Ciudadanosek galdu egin du bere zinegotzia, amaitu den agintaldian EAEn izan duen bakarra.

  • BOTO-KOPURUA: 42.059
  • ABSTENTZIOA: %32,49
  • EAJ: 16.344 (%39,06)
  • PP: 6.908 (%16,51)
  • EH Bildu: 6.167 (%14,74)
  • PSE-EE: 4.550 (%10,87)
  • Elkarrekin Podemos: 3.296 (%7,88)
  • Ciudadanos: 1.344 (%3,21)
  • Libres por Euskadi: 1.164 (%2,78)
  • GUK: 871 (%2,08)
  • Vox: 679 (%1,62)
  • Ganemos: 110 (%0,26)
  • Solidaria: 78 (%0,19)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 11
  • PP: 5
  • EH Bildu: 4
  • PSE-EE: 3
  • Elkarrekin Podemos: 2

Gorliz

2015ean bezala, gehiengo absolutua lortzeko zinegotzi bat falta izan zaio EAJri. Sei lortu dituzte jeltzaleek. EH Bilduk eta GIGeko independenteek, berriz, trukatu egin dituzte orain dela lau urteko emaitzak. GIGek bat galdu, EH Bilduk bat irabazi. Hauteskundeen aurretik hiru indarrak agertu dira azken legealdiko gobernu partekatuaren formula errepikatzearen alde, eta oraingo panoramak iradokitzen du horixe izan daitekeela bidea. Auskalo. Gainerako indarrek ez dute ordezkaritzarik lortu, baina PSE-EE hurbil ibili da: EH Bilduri zinegotzi bat kentzeko hamazazpi boto falta izan zaizkie. Postaz bidalitako bozei begira egon beharko dugu Gorlizen ere? Parte-hartzea, bide batez esateko, ia bost puntu handitu da, eta %70era ailegatu da.

  • BOTO-KOPURUA: 3.200
  • ABSTENTZIOA: %29,89
  • EAJ: 1.300 (%41,11).
  • EH Bildu: 857 (%27,10)
  • GIG: 694 (%21,95)
  • PSE-EE: 198 (%6,26)
  • PP: 68 (%2,15)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 6
  • EH Bildu: 4
  • GIG: 3

Leioa

Berriro ere bederatzi zinegotzi lortuta (2015ean baino askoz boto gehiagogaz, hori bai), gehiengo absolututik bi aulkira geratu da EAJ. Bestela esanda, PSE-EEren laguntza beharko du berriro. Lau zinegotzi lortu dituzte sozialistek, aurrekoan baino bat gehiago. Hau da, EH Bilduk bezalaxe, baina oraingoan abertzaleak botoetan gailendu zaizkio arrosaren alderdiari, eta udaleko bigarren indar bilakatu dira. Galtzaileak Elkarrekin Podemos eta PP izan dira. Popularrek bi zinegotzitik bat galdu dute; alderdi moreak, berriz, hiru eskuratu ditu, eurakaz batera aurkeztu den Esnatu Leioak aurreko legealdian zituenak baino bat gutxiago. Izan ere, Esnatu bigarren indarra izan zen Leioan 2015ean, eta Elkarrekin Podemos laugarrena da orain. Hori bai, antzeko boto-kopuruagaz.

  • BOTO-KOPURUA: 16.062
  • ABSTENTZIOA: %35,84
  • EAJ: 6.520 (%40,98)
  • EH Bildu: 2.887 (%18,15)
  • PSE-EE: 2.692 (%16,92)
  • Elkarrekin Podemos: 2.246 (%14,12)
  • PP: 1.168 (%7,34)
  • Vox: 186 (%1,17)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 9
  • EH Bildu: 4
  • PSE-EE: 4
  • Elkarrekin Podemos: 3
  • PP: 1

Lemoiz

Erraz azaltzen dira eskualdeko herri txikieneko emaitzak: EAJk bost, EH Bilduk lau. Gehiengo absolutua berretsi dute jeltzaleek, baina tartea murriztu da, 2015ean 6-3 geratu baitzen partidua. Boto-kopuruan ere mokadu handia kendu dio bigarren indarrak lehenengoari, orain dela lau urteko hauteskundeakaz konparatuta. Eta PSE-EE eta PP? Hutsaren hurrengoa. Uribe Kostako parte-hartzerik handiena izan du Lemoizek: %73,58.

  • BOTO-KOPURUA: 727
  • ABSTENTZIOA: %26,42
  • EAJ: 360 (%50,21).
  • EH Bildu: 334 (%46,58)
  • PSE-EE: 14 (%1,95)
  • PP: 2 (%0,28)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 5
  • EH Bildu: 4

Plentzia

Aldaketa nabarmena ekarri du Plentzia independenteen alderdiak ez aurkezteko hartutako erabakiak: oraingoan, botoetan irabazle izateak alkatetza lortzeko balioko dio EAJri, gehiengo absolutuagaz gainera. Lemoizen bezala, alderdi bikoa izango da Udalbatza, eta azken lau urteetan aginte-makila eduki duenari oposizioa izatea egokituko zaio oraingoan. Gorlizen bezala, Plentzian ere gutxigatik ez du lortu PSE-EEk zinegotzi bat aspaldiko partez: 51 boto falta izan zaizkio EAJri jesarleku bat kentzeko. Parte-hartzea handia izan da, %72 ingurukoa. 

  • BOTO-KOPURUA: 2.463
  • ABSTENTZIOA: %27,88
  • EAJ: 1.153 (%47,29).
  • EH Bildu: 1.021 (%41,88)
  • PSE-EE: 142 (%5,82)
  • PP: 78 (%3,20)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 6
  • EH Bildu: 5

Sopela

Eskualdeko herri handienetan, Sopela da EAJ eta EH Bildu parekatuen ibili ohi direna, eta hala izan da oraingoan ere. Dena dela, EH Bilduk ez du orain zortzi urteko ezustekoa errepikatzea lortu, eta ondorioz Josu Landaluze jeltzalea izango da hurrengo alkatea, ezer arraro gertatzen ez bada. Lehenengo indar biek 2015eko zinegotzi-kopuru berak lotu dituzte, eta gainerakoan ere aldaketa gutxi: aurrekoan Podemosen arima zelanbait "ordezkatu" zuen Denok Batera hautagaitzak zinegotzi bi lortu zituen, eta oraingoan Elkarrekin Podemos bera izan da udalbatzan aulki bi bereganatu dituena. Hala ere, Denok Batera berriro aurkeztu da, eta lortu egin du zinegotzi bat. PSE-EEk bereari eutsi dio, eta Orainek galdu egin du zeukan bakarra, aurten ez da aurkeztu eta.

  • BOTO-KOPURUA: 7.316
  • ABSTENTZIOA: %31,94
  • EAJ: 2,731 (%37,67).
  • EH Bildu: 2.360 (%32,56)
  • Elkarrekin Podemos: 887 (%12,24)
  • PSE-EE: 583 (%8,04)
  • Denok Batera: 391 (%5,39)
  • PP: 190 (%2,62)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 7
  • EH Bildu: 6
  • Elkarrekin Podemos: 2
  • PSE-EE: 1
  • Denok Batera: 1

Urduliz

Gehiengo absolutua mantendu du EAJk Urdulizen, baina Lemoizen gertatu den antzera, esan daiteke daborduko ez dela "hain" absolutua. Zinegotzi bat galdu dute jeltzaleek, hain zuzen ere EH Bilduk irabazi duena. Udalbatza osatzeko falta den aulkian, sigla-aldaketa baina ez pertsonena: lehen Denok Batera zena Elkarrekin Podemos izango da orain. Eta Urdulizen ere, Gorlizen eta Plentzian legez, udaletxeko atarian geratu da PSE-EE, 26 botora. Ez dago jakiterik posta bidezkoen zenbaketak ezusterik ekar dezakeen alde horretatik, baina ekarriko balu galanta litzateke, sozialistek nori eta EAJri kenduko bailiokete zinegotzi bat, eta horregaz batera gehiengo absolutua. Hala izanda ere, noski, arazorik ez lukete izango jeltzaleek beste lau urtez agintzen jarraitzeko, kontrakoa baizik. Euskal Herrian lurrikara politikorik gertatu ezean behintzat.

  • BOTO-KOPURUA: 2.426
  • ABSTENTZIOA: %30,29
  • EAJ: 1.111 (%46,47).
  • EH Bildu: 756 (%31,62)
  • Elkarrekin Podemos: 265 (%11,08)
  • PSE-EE: 160 (%6,69)
  • PP: 69 (%2,89)

Udalaren osaketa (zinegotzi-kopurua):

  • EAJ: 6
  • EH Bildu: 4
  • Elkarrekin Podemos: 1

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun