Zein da deialdiaren arrazoia?
Uribe Kostako sexu-disidenteak batzea, gaur egun LGTBI+ izenak gogora ekartzen duen gizon zuri, erdi gazte eta dirudunetik aparte. Bereziki aurre egin nahi diogu irailean Bilbon egingo den EPOAren batzarrari. Europako Harrotasunaren Jaia (Pride jaia) antolatzen dutenak dira EPOA, izatez LGTBI+ kolektiboko elkarteen elkarte bat, eta jakin badakigu interes handia dagoela erakundeen aldetik jaialdi erraldoi hori Bilbon antolatzeko. Momentuz, iraileko batzarra egin dadin 120.000 euro gastatuko dituzte, sekulako dirutza.
Pink washing esamoldea datorkit gogora, horixe erabili duzue deialdiaren kartelean.
Hori da. Hau sortu dugu, alde batetik uste dugulako Pride-arekin egiten dena gure borroka merkantilizatzea dela, etekin ekonomikoak lortzeko erabiltzen dute. Bilbon orain LGTBI hotel bat ireki nahi dute… azkenean dirua besterik ez da. Eta nor dago ordezkatuta pride horren harrotasunean? Gizona, zuria, gorputz normatiboa duena, gaztea, dirua duena… Non geratzen dira transak, emakume bollerak, adinekoak? Azkenean borrokaren esentzia galdu da, eta jaia geratu da.
Uribe Kostan aitzindariak zarete, ez da egon horrelako mugimendurik ia...
Euskal Herrian, normalean, sexu-migrazioa ematen da hiriburuetarantz. Gure kasuan Bilbora. Hango giroa eta Uribe Kostakoa oso desberdinak dira, Bilbon ghettoa dago, jende asko elkartzen da eta eroso egon zaitezke.
Baina Uribe Kosta barruan, ez dira berdin izango Getxo eta Lemoiz, esaterako...
Bilborekin konparatuta, nahiko antzekoak dira biak. Uribe Kostan zure identitatea agerian uzten baduzu eraso bat jaso dezakezu. Eta gertatu izan da. Bestalde, Bilbon elkarrekin ibiltzen dira dirua daukatenak eta ez daukatenak, baina hemen badakigu zein den egoera, oro har jendea hobeto dabil diruz. Eta maritxu gazteak aurrezten ibili ohi dira dirua, umeak erosteko. Bollerak, berriz, bizimodu normatibo baten bila, haurdun geratzeko eta abar. Uribe Kostan egon badaude trans beltzak, esaterako, baina Bilbon baino askoz gutxiago. Azken batean Bilbo handia eta han badaude espazioak guretzat, eta Uribe Kostan ez. Hemen erasoak jasotzeko aukera handiagoak daude.
Non dago homofobia eskualdeko eguneroko jardunean?
Bada, egin ezazu saiakera mutila izanda beste mutil batekin kaletik joateko eskutik helduta. Begiratuko dizute, agian norbaitek zerbait esango dizu, edo agian ez, baina tentsio hori, beldur hori, beti dago. Lumafobia ere aipatu beharra dago; oso barneratuta daukagu. Sexu-disidenteok tentsioz bizi dugu egunerokoa, elkarrekin gaudenean "luma" gehiago azal dezakegu, lasaiago hitz egin, baina Heterolandian gaudenean, eta dena da Heterolandia, zaindu egin behar dugu zer diogun, nola diogun…
Zer ekintza-mota egiteko asmoa duzue asanblada sortutakoan?
Hori asanbladak berak erabaki beharko du. Momentuz Uribe Kostako jendea batzea, harremanak sortzea eta gure nahiak eta beharrak zeintzuk diren ikustea nahi dugu. Eta zer egin? Dena dago erabakitzeke. Manifak, jaiak, hitzaldiak... Espazioak irabaztea ere bada helburua, erabiltzen ditugun guneak seguru bilakatzea. Garbi daukagu, hori bai, ez dugula nahi gure borroka merkantilizatzea edota politika neoliberalak estaltzeko erabiltzea. Batzarra irekia da, baina badaude ildo batzuk: ez dugu jende eskuindarrik onartuko.
Eta izena? Zergatik transmaribibollo?
Gu izendatzeko beti erabili dituzten berbak geureganatzeko. Maritxu deitzen digute. Bada, bai, maritxuak gara. Modu praktikoa da homofobiari, transfobiari eta bifobiari aurre egiteko.