Solstizioko sugarrak, kaleetatik erakundeen kontrolpera

Erredakzioa 2019ko eka. 21a, 20:29

Oso aspalditik, eguna luzeen edo laburren denean piztu izan dugu sua, behinola neguaren hasieran ere egiten genuela ia ahaztu zaigun arren. San Juangoari eutsi diogu, eta laster, herri denetan, ekitaldi ugari izango dira hainbeste liluratzen gaituzten garren aitzakian. Hori bai, guk eskua sartu barik.

Oso sasoi ezberdintzat ditugun arren, udako solstizioaren eta negukoaren, San Juan gauaren eta Gabonen arteko simetria aipatzen du Juan Antonio Urbeltz antropologoak. "Argi dago", dio folklorean beste aditu batek, Oier Araolazak, "dena dagoela lotuta eguzkiaren posizioarekin, eta horrek naturan eragiten dituen aldaketekin".

Bitxia da, dio Araolazak, sua gaur egun San Juan bezperari lotuta ezagutzen dugula, baina orain dela hamarkada gutxira arte neguko solstizioan, edo bestela esanda, Gabonetan ere, suek garrantzia izan dutela. Zelanbait esateko, eguzkiaren muturreko posizio biak gertatzen direnean zeruan, haren ordezkari xumea pizten dugu lurrean. "Ez hori bakarrik: birsortzeko duen botereagatik ere pizten dugu. Suak dena erre eta hiltzen du, baina aldi berean bizitza berria sortzen da errautsetatik, eta erraustutakoak indar handiagoa izaten du gainera. Neolitoaren lehenengo kulturetatik ezaguna da hori". Dena biribiltzeko, gaitzak sendatzeko ahalmena ere badu suak; sinbolikoki, gure bizitzetatik kendu gura ditugun gauzak uxatzeko balio digu. Ideia horren aldaera praktikoago bat ematen du Juan Antonio Urbeltzek: suak intsektuak aldentzen ditu, eta horrek izugarrizko garrantzia du uztaren aroa hastear dagoenean.

Gabonetan sua pizteko ohitura ia guztiz desagertuta dagoela, udan ere ez du inondik inora orain ez hainbeste izandako presentzia. Araolazaren esanetan, "sua orain landa-eremuarekin lotzen da, baina garrantzi handia izan du hirietan, eta azken hamarkadetan lekua galdu du"·. Adin batetik aurrerakoek ondo gogoratuko dute, ume edo nerabe zirela, San Juan bezperaren aurreko egunetako kartoi- eta paper-bilketa. Gaur egun, aldiz, debekatuta daude erakundeek "ofizialki" antolatzen ez dituzten suak, eremu urbanoan behinik behin: kalearen jabetza partekatua eta erabilera askea desagertu izanaren beste alderdi bat, hainbat egilek azpimarratu dutenez.

Zergatik 23an?

Uda zein negu, solstizioakaz lotutako ospakizunek ez dute zehatz-mehatz bat egiten fenomeno naturalagaz. Arrazoietako bat egutegiak historian izandako aldaketak izan daitezke. Bestela esanda, ekainaren 23a ez da beti izan gaur egun den une berean.    

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun