Lau urte igaro dira Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren Gorliz, Lemoiz eta Plentziako taldea sortu zenetik. Denbora tarte horretan, askotariko ekimenak antolatu dituzte eskualdean, tartean, bihar, zapatuan, egingo duten Marea Horia. Hirugarren urtea izango da aurtengoa mobilizazio hori egiten dutena; horren helburua da pertsona migratzaile eta errefuxiatuen egoera salatzea. Horrez gainera, pertsona horiek euren sorterria utzi ondoren Europara arteko bidea zeintzuk egoeratan egiten duten ere mahai-gaineratu gura dute antolatzaileek, baita Europako gobernuen migrazio-politikak salatu ere.
Eguerdiko 12:30ean jarri dute hitzordua, Arkoteko arrapalan eta Astondon; azaldu dutenez, talde bitan itsasoratuko dira parte-hartzaileak, badiaren erdian herri-besarkada egiteko eta pertsona migratzaileekiko elkartasuna irudikatzeko.