Adimen artifiziala erabilita, albisteak filtratzeko aplikazio berria sortu du Sherpa enpresak. Gaur egun mota horretako askotariko aplikazioak daude merkatuan, erabiltzailearen gustuen arabera edukiak editatzen dituztenak. Zerk ezberdintzen du Sherpa News gainontzeko aplikazio horietatik?
Sherpa News aplikazioaren algoritmoek erabiltzailearentzat aipagarrienak diren albisteak aukeratzea ahalbidetzen dute. Algoritmo horiek erabiltzaileak aplikazioan egiten duen erabileratik ikasten du. Hala, erabiltzailearentzat interesgarria izan daitekeen albiste bat zein izan daitekeen asma dezakegu %97ko ziurtasunagaz. Era berean, hainbat ezaugarri atera ditzakegu albiste batetik, hala nola eduki horrek dituen informazioen aldekotasunak.
Laguntzaile birtualen etorkizuna egoerak aurreikustea da, eta hori da Sherpa News aplikazioak dakarren berritasuna. Erabiltzaileei aurre hartzen zaie euren behar informatiboei dagokienez.
Zelan funtzionatzen du app horrek? Zein modutara eragiten dute adimen artifizialak, machine learning delakoak eta erabiltzailearen gustuek?
Aplikazioa doan deskargatu daiteke iOS eta Android telefonoetan eta behin hori instalatuta, erabiltzaileak hainbat gai eta azpiatalen artean gustukoenak aukera ditzakete, hala nola bidaiak, politika eta moda. Gainera, geolokalizazioa aktiba dezakete albiste eta eduki lokalen berri izan ahal izateko.
Erabiltzaileak bilaketak egiten eta jasotako albisteak baloratzen dituen heinean, adimen artifizialeko eta machine learningean oinarritutako algoritmoek automatikoki jakiten dute zeintzuk diren erabiltzailearen preferentziak. Hala ere, app-ak beste hainbat eduki ere eskaintzen dizkio beste erabiltzaile batzuei gustatu izan zaizkien albisteak aurkitzen laguntzeko.
Hori dena lortzeko, hainbat algoritmo erabili dira, hala nola Gamma-Poisson, Multi-Arm Bandits edo Recurrent Neutral Network. Hala, aplikazioa gehiago erabili ahala horrek erabiltzailearen gustuak gehiago jakingo ditu, aurreikuspenak hobetu ahal izateko.
Eduki-editatzaile askoren kontrara, Sherparen aplikazioak iturriaren webgunera bideratzen du trafikoa.
Bai; Sherparen ezaugarrietako bat da plataforma independiente bat izan dela hasiera-hasieratik. Hori dela eta, guk edukiaren berri ematen diogu erabiltzaileari, gerora iturrira bideratzeko.
Zer motatako albisteak eskaintzen ditu aplikazio horrek? Aurretik aukeratutako hedabide batzuen albisteak bakarrik iragazten ditu edo existitzen diren medio denak arakatzen ditu? Ikusi ahal izan dugunez, hedabide handi eta generalistakaz egiten du lan soilik. Etorkizunean aurreikusten duzue hedabide txiki eta lokalak ere sartzea horretan? Zertan oinarritzen da app-a hedabide bateko edo beste bateko edukiak eskaintzeko?
Berez hedabide orokorren, espezializatuen eta tokikoen albisteak eskaintzen ditu. Hala ere, baten batek faltan botatzen baldin badu medioren bat, algoritmoari lagundu diezaioke app-aren menutik eta iturri berri bat gehitu. Hala ere, sistemak automatikoki aukeratzen ditu hedabideak, 1.000 faktore kontutan hartuta eta edukiaren adierazgarritasunaren arabera.
Nondik dator mota horretako aplikazio bat sortzearen ideia?
Albisteak eta testuak aztertzeko ikerketa bat abiatu zuen gure taldeak, gerora aurretik kaleratutako laguntzaile birtualaren gomendioen atalean txertatzeko. Lan horren emaitzak izugarri onak izan ziren; hori dela eta, aplikazio independiente bat sortzea erabaki genuen.
Irakurri ahal izan dugunez, programa horren algoritmoek albiste bat fidagarria den edo eduki faltsuak dituen jakin dezakete. Zelan izan daiteke hori? Google eta Facebook konpainiek fake news edo albiste faltsuei aurre egiteko kanpainak abiatu dituzte askotan, baina ez dute emaitza handirik lortu. Zertan oinarritzen da zuen teknologia edukiak egiaztatzeko?
Erabiltzaileek hasiera batean bilatzailean txertatu ez diren hedabideak gehitu ditzakete euren aplikazioan. Era berean, albiste faltsuren bat aurkituz gero, hori salatu dezakete, buloak eta desinformazioari aurre egiteko. Gainera, fake newsak automatikoki detektatzeko algoritmo berriak garatzen ari gara aplikazioan txertatzeko. Horretarako, albiste faltsu horiek komunean dituzten ezaugarriak eta patroiak bilatzen dituzten hainbat teknika erabili ditugu, besteak beste. Aurreikusi dugu urtearen amaierarako prest egotea hori.
Egingarria da eduki faltsuak atzematea teknologiaren bitartez?
Bai, eta horixe da Sherpa News aplikazioagaz lortu gura dugun helburuetako bat. Horretarako, aipatutako algoritmoan lan egiten gabiltza.
Albiste faltsuak eta egi-ostea gizarteari kalte handia egiten dioten fenomenoak dira. Zer uste duzu egin behar dela horiei aurre egiteko?
Duda barik, gaur egun aurre egin behar zaion desafiorik handienetako bat da hori. Gizarte moduan, arduraz jokatu beharra dugu mota horretako albisteei sinesgarritasuna eman eta horiek partekatzerako orduan. Hori dela eta, garrantzitsua da albisteak kontrastatzea iturri ezberdinekin eta horien egiazkotasuna baieztatzea.
Bestalde, egia da pertsonek, enpresek eta instituzioek kontzientzia gehiago hartzen ari direla gaur egun arazo honen inguruan. Horri esker, horien hedapenari aurre egiteko neurriak hartzen ari dira; hala ere, oraindino horien erregularizaziorako mekanismoak garatu behar dira.
Zentzu horretan, teknologia lagungarria izan daiteke fake news horiek detektatzen laguntzeko. Teknologiak eskaintzen dituen abantailen alde egitea beharrezkoa da, batez ere adimen artifizialak eta maching learning teknologiek eragin dezaketena.