Urriaren 10ean eta 11n egingo dute IV Surf Business Meeting, lehenengo egunean Getxon eta bigarrenean Sopelan. Aurrekoetan legez, sektoreko profesionalak batu eta elkarren esperientzien berri ematea da helburua. Berrikuntza izango da edizio honen ardatz nagusia, Teresa Fernandez Sopelako Enplegu eta Ekonomia Sustatzeko arloko zinegotziak azaldu duenez.
Kosta Festetik kanpo egiteaz gain, Getxora zabaltzea ere erabaki dute aurten; hala, egun bikoa izango da topaketa, eta ez batekoa, aurrekoetan legez. Lehenengoan kudeaketa egokiaren gaineko master class-a eskainiko dute bertoko enpresentzat. Bigarren eguneko egitaraua sektoreagaz zerikusia duten erakundeei begirakoa izango da batez ere. Besteak beste, hitzaldiak emango dituzte surf inklusiboaren sortzaileak, Cisco Araña brasildarrak, O´Neill markaren salmenta-presidenteorde Bert Aranburuk, eta Garazi Sanchez surflari profesionalak.
Berbaldiok goizez emango dituzte, eta ondoren, arratsaldeko saioan, enpresen erakusketa egingo dute hondartzan, eta herritarrek merkaturatutako azken produktuak probatu ahal izango dituzte. Gainera, musika, ikuskizunak eta surf- eta skate-tailerrak egongo dira.
Sopelako Udalak jakinarazi duenez, ekimen denak doakoak eta irekiak izango dira, baina parte hartzeko ekimenaren webgunean izena eman beharra dago.