Babesa eskertu eta Bilbo betetzeko deia egin dute 11/13ko auzipetuek

ARGIA.EUS 2019ko ira. 10a, 10:00
Auzipetuen agerraldia. Argazkia: @47akHerrian

Irailaren 16an hasiko da epaiketa Madrilen. Iraganeko estrategia errepresiboak atzean uztea eta preso eta iheslari politikoentzako “soluzio agenda bat” eskatu dute auzipetuek. Asteburuan mobilizazioak egin dira haien herrietan.

11/13 makroepaiketako auzipetuek prentsaurrekoa eman dute irailaren 14rako deitu duten mobilizaziorako astebete falta dela. Epaiketa “jendartearen nahiaren kontrako norabidean” doala, eta “iraganeko estrategia errepresiboen” jarraipena dela adierazi dute. Iragan horrekin apurtzeko, 11/13 prozedurarekin amaitu ez ezik, preso eta iheslari politikoen auziak “soluzio agenda bat” beharko luke. Konponbide hori jendartearen mobilizazioak ekarriko duela iritzita, larunbatean Bilboko kaleak betetzeko deia egin diete herritarrei.

Epaiketaren aurretik akordio bat egiteko aukeraz galdetuta, auzipetuek azaldu dute egun ez dagoela akordiorik mahai gainean, baina ez dutela aukera baztertzen: "Aukera guztietara irekiak gaude. Aztertu eta erabakiko genuke, erantzukizunez, baina epaiketara goaz Madrilera".

Elkartasun olatua

Epaiketaren data ezagutu zenetik herritarren aldetik elkartasun “olatua” jaso dutela nabarmendu dute auzipetuek,esker ona adieraziz: “Pozik gaude jasotako babesarekin”.

Asteburuan, hain zuzen ere, auzipetuen herrietan sortutako babes taldeek dozenaka ekimen antolatu dituzte, haien herrikideei elkartasuna adierazi eta Bilboko manifestaziora dei egiteko.

Albiste hau Argia.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA lizentziari esker ekarri dugu.

* Irailaren 13an kaleratuko dugun 150. HIRUKAn Oscar Sanchezi egindako elkarrizketa sakona irakurri ahal izango duzue.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun