Orain dela urtebete egoera latzean zegoen HIRUKA, eta erabaki latzak hartu genituen aurrera egin ahal izateko, ondo jakinda 2019. urteak zekarkigunaren araberakoa izango zela gure etorkizuna. Ia urte bat geroago, "aizue, hemen gaude" esateko moduan dago proiektu hau, eta egokia iruditu zaigu haren parte garen guztion bizipenak elkarregaz partekatzeko eta, bide batez, denok batera egun ederra igarotzeko hitzordu bat ipintzea.
Azaroaren 16an egingo dugu HIRUKA Eguna, Algortan. San Nikolas plazan batuko gara eguerdian, eta kalez kale ibiliko gara bertsolariek eta trikitilariek lagunduta; gutxika, Azebarri Kultur Elkartera hurbildu eta hantxe, elkarren berri eman eta argazki batzuk egin ostean, bazkaria egingo dugu, 15:00etan hasita. Baina erne, denentzako lekurik ez da egongo eta!
Bazkarian izena emateko, publi@hiruka.eus posta elektronikoko helbidera idatzi, 94 491 13 37 zenbakira deitu (bulegoko ordutegian) edo 688 693 195era wathsapp mezu bat bidal dezakezu, izen-abizenak eta zenbatentzako txartelak gura dituzun adieraziz. Bai, bai, badakigu, menua zein izango den interesatzen zaizu zuri... Tira ba, kartel honetan dituzu argibide denak:
Bazkalostean, 17:00ak aldera (behin honaino ailegatuta ez dugu konpromisorik hartzen ordutegiak zehatz errespetatzeko) bingo musikatua egingo dugu hurbildu gura duten guztiakaz, eta ondoren (18:30ean, demagun) Josu eta Unai bikotearen kantaldia hasiko da. Euskarazko kantu klasikoak eta ez hain klasikoak, guztiz ezagunak eta batere ezagun ez direnak, erritmo bizikoak eta apaltxoagoak... gorputzak tregoa eskatzen duen arte.
Horixe gure proposamena HIRUKAzale denentzat. Urte askoko tradizioaren oinordekoa da proiektu hau; Uribe Kostak merezi eta behar du euskarazko informazioa, eta horretarako ezinbestekoa da denon bultzada. Euskaraz pentsatu gura baduzu, euskarazko prentsa gura baduzu, gorde data: azaroak 16, HIRUKA Eguna.