Gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubideen urratze-egoera desagerrarazi dadila eskatzeko dinamika abiatu duzue. Zer egingo duzue zehazki?
Preso askok dituzten gaixotasun larriak bateraezinak dira espetxearekin; eta hori ez diogu guk, osasunaren arloko profesionalek baizik, eta behin eta berriro plazaratu dute mezu hori. Legeek aukera ematen dute espetxe arindua ezartzeko, eta hala egin da Aitzol Gogorzaren edo Ibon Iparragirreren kasuan. Orain, etxean jasotzen dute tratamendua, konfiantzazko medikuen zaintzapean. Ekimen berri horren bidez, irizpide edo neurri hori gaixotasun larriak dituzten preso guztiei aplikatzeko eskatzen dugu.
Ez dugu ezer berezia eskatzen; ez gara eskatzen ari legedian edo nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legeak eta gizatasunaren arauak betetzeko eskatzen ari gara, besterik ez. Preso horietako batzuen kasuan, egoera kliniko larriei urruntze-politika gehitu behar zaie, hau da, mendeku bikoitza. Hala ere, esan behar da urruntze-politika senideen kontrako zigorra dela batez ere.
Hurrengo hiru hilabeteetan zehar, anbulantzia bat, hemen ondoan daukaguna, Euskal Herrian zehar ibiliko da, eta eskualde bakoitzean mobilizazioak antolatuko dira.
Egitasmo hori irudikatzeko anbulantzia noiz igaroko da Uribe Kostatik?
Gaur, astelehenean, Algortako Bidezabaleko anbulatorioaren aurrean egon gara, 09:00etan. 11:00etan, aldiz, Areetakora joan gara eta arrastian, 19:00etan, auto-karabana egingo dugu Plentziatik Sopelara. Azken udalerri horretan ere elkarretaratzea egingo dugu, 20:00etan.
Bihar, martitzenean, auto-karabana egingo dugu Berangotik Erandiora, 17:30etik aurrera, eta elkarretaratzea egingo dugu Altzagako metroko plazan, 19:30ean.
Bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu espetxeak dakarren gorrotoa eta mendekua izatea espetxe-legeriaren ordezkoa.
ETA desegin arren, presoek bizi duten egoera ez da gehiegi aldatu eta salbuespen-egoera batean bizi dira oraindino ere. Zer deritzozue horri?
ETAk erakundea bera desegiteko erabakia hartu zuenetik hilabeteak eta hilabeteak pasatu ondoren, esan daiteke euskal presoak salbuespen-egoeran bizi direla, eta zigorra dela arau nagusia. Bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu espetxeak dakarren gorrotoa eta mendekua izatea espetxe-legeriaren ordezkoa eta, presoak gizarteratzeko aukeraren ordez, preso asko heriotzara daraman bide luze eta iraunkorra aukeratzea.
Elkarbizitzaren eta konponbidearen alde aurrera urratsak emateko prest gauden herritarrak gara. Izan ere, horixe da Sare Herritarra osatzen dugunak dugun konpromisoa, presoen auziari aterabidea eman eta sufrimendurik gabeko etorkizun baten alde aurrera egitea. Herri gisa aurrera egin, elkarbizitzan sakondu eta presoen auziari aterabidea emateko herritarron aktibazioa eta konpromisoa ezinbestekoa dela adierazi nahi dugu.
Salbuespen-egoera horren eragina biziki handiagoa da larriki gaixo dauden presoen artean...
Euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politika, hala nola isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzuna dute, ezegonkortasuna, azaro psikologikoak, antsietatea eta harremanak garatzeko arazoak sortzen ditu, besteak beste. Gaixo diren presoen kasuan gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintzak duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.
Espetxeetako osasun-baldintza kaskarrak espetxeak berak instituzio giza, hala nola zentroak (masifikatuak, birus eta izurriteen zabalpenerako aproposak, zikinkeria pilatzen den gunea) medikuen jarrerak eta baliabide faltak, osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik ematen. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere.
Salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean larriki gaixo diren presoak heriotzara kondenatuak izaten ari dira.
Zer dio legeak ofizialki kasu horietan?
Zigor kodeak eta Espetxeetako Lege Organiko Orokorra dira kartzelan dauden pertsonen egoera eta eskubideak arautzen dituzten arau nagusiak; baina ezaugarri ezberdinak dituzte. Zigor Kodea legearen azpitik dauden arauen bidez garatu ezin den artean, adibidez, Gobernuaren dekretuen edo bestelako arauen bidez; Espetxeetako Lege Organiko Orokorrak, aldiz, bai egin dezake Espetxe Araudi Orokorra sortuta.
Zigor Kodeak ezartzen du larriko gaixo dauden pertsonak, beren bizitzarako “arrisku nabarmenean” daudenean, baldintzapean aske utzi behar direla. Horretarako, mediku txostena baino ez da behar. Espainiako Gobernuak, zehazki, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak, presoen kaleratze horiek eragotzi nahi ditu. Horretarako, bizitzarako “arrisku nabarmenean” hitzen esanahia zentzu mugatzailean interpretatzeko agindua emana du, “gaixo terminala” terminoaren parekide eginez, alegia. Agindu hori legez kanpokoa da ezin baita Zigor Kodearen garapenaren ondorioz agindurik eman. Zigor Kodeari dagokionean, lege-erreserba erabatekoa da, hau da, Zigor Kodea ezin da Gobernuak edo Administrazioak emaniko arauen bidez garatu.
Larriki gaixo egonda espetxean mantendu duten uribe kostarrak ere egon dira...
Bai, Anjel Figueroa Fernandez Algortako preso politikoa 41 urterekin hil zen. Epilepsia tenporala gaixotasun larri eta sendaezina zuen; Langraizeko espetxetik atera eta askatasunik eman gabe, etxera eraman zuten 2008ko azaroaren 12an, bertan zigorra bete zezan, espetxealdi arinduan. 1994tik zegoen preso, eta haurtzarotik gaixotasun larria izan arren, espetxeak eta espetxeko baldintzek gaixotasuna areagotzea ekarri zioten. Hainbat espetxetan egon zen sakabanaketaren ondorioz: Alcala-Meco, Dueñas eta Kordoba, tartean. Hura bisitatzeko bidean, 1997an bere senideek istripua izan zuten Aranda de Dueron (Burgos) Alcala-Mecora bisitan zihoazela eta Antonia Fernandez amona hil zen. 2005ean bere senideek beste istripu bat izan zuten Kordobara bidean. 2007an gose eta egarri greba egin zuen Figueroak espetxean bizi zuen egoera salatzeko.