Arkaitz Fullaondo, Ikuspegi

"Migrazioa gora doa eta horixe izango da euskal gizartearen ezaugarri handienetako bat XXI. mendean"

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 22a, 12:22

Uribe Kostako migrazioaren egoera nondik norakoa den ikusteko abiatutako azterketa jarraituta, Arkaitz Fullaondo Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko kideagaz berba egin dugu. Adituak azaldu digunez, Euskal Herria Europako "anomalia" bat izan da urte luzez migrazioari dagokionez, "berandu" heldu delako fenomeno hori hemen. Zergatik? Segi irakurtzen.

Zer zelakoa da migrazioaren egoera Uribe Kostan?

Gogoan izan behar dugu Uribe Kosta Bilbo Handian kokatuta dagoela, hau da, Bizkaian; gainera, Hego Euskal Herriko udalerri handienetako bat dago bertan: Getxo. Egoera horrek eragina du migrazio-fluxuen dinamikan. Migrazioaren harira, Bizkaiak dituen ezaugarriak aztertuz gero, ikusiko dugu kanpotik datozenen artean jatorri nagusiena Latinoamerika dela, hau da, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikakoak. Eta historikoki eskualdean etorkin gehien jaso dituen udalerria Getxo izan da. Gerora, ikus dezakegu zelan hedatu den migrazio-fluxu hori inguruko udalerrietara, hala nola Leioara eta Erandiora.

Zergatik dira latinoamerikarrak nagusi inguruotan?

Orokorrean berton nagusi delako zerbitzuen sektorea. Getxora etorri dira asko etxeetan lan egitera, baina baita tabernetara ere, besteak beste. Are gehiago, gehienbat aurki dezakegun migratzailearen perfila emakumea da, eta horiek askotan etxeetan edo zaintza lanetan lan egin izan dute. Horixe izan da euren merkatu-hobia.

2000. urtetik aurrerako fenomenoa da migrazioarena gurean eta, ordutik hona, komunitateak sortu dira hemen, nolabait migrazio-sare gisa funtzionatzen dutenak. Jendeak migraziora jo behar duenean, normalean, ezagunak dituen guneetara joan ohi da. Hala, argi ikus daiteke Bilbo Handian ezartzen hasi direla eta jada aniztasunaren edo migrazio-sareen mapa bat eraikitzen lagundu dute.

2000. urtetik aurrerako fenomenoa da migrazioarena gurean eta, ordutik hona, komunitateak sortu dira hemen, nolabait migrazio-sare gisa funtzionatzen dutenak.

Getxon, berbarako, boliviarrak dira gehien...

Bai, bertan argi eta garbi ikusten da sare hori. Aztertuko bagenu horiek nondik datozen zehazki, seguruenik ikusi ahalko genuke asko gune zehatz batetik edo bestetik etorri direla. Horrek ikerketa-lan bat merezi du.

Getxon dagoen profil soziodemografikoagatik etxeko sektorean lan handia dago. Bi elementu nagusi dago hemen. Getxo da EAEko herrietatik diru-sarrera tasa handienetakoa duena, familietako bi kideek lan egiten dute eta horren ondorioz, askotan, beharra izaten dute pertsona bat kontratatzea kontziliazioa bermatzeko. Bestalde, bertako biztanleriaren zahartzeak ere badu zeresana, zaintza-lanak beharrezkoak direlako. Arlo horretan gero eta gehiago da beharrezkoa pertsona etorkinak kontratatzea, betiere ahalmen ekonomiko handia dagoelako hemen hori egiteko.

Etxebizitzaren prezioa oso altua da Uribe Kostan, bai erosketarako baita alokairurako ere. Zelan moldatzen dira pertsona migratzaileak hemen?

Eremu urbanoetan gertatu ohi dena errepikatzen da hemen; ez da berdina Areetan bizitzea edo Itzubaltzeta/Romon, ezta Leioako erdigunean edo Lamiakon ere. Uribe Kostaren zati handi bat urbanoa da, eta ezberdintasunak daude auzo batetik bestera.

Migrazio-prozesu bat ematen denean, etapa ezberdinak daude, eta horiek oso lotura estua dute etxebizitzarekin dagoen erlazioarekin.

Era berean, atzerritik etorritakoek ezarri diren leku horiek eraldatu egin dituzte, nolabait. Migrazio-prozesu bat ematen denean, etapa ezberdinak daude, eta horiek oso lotura estua dute etxebizitzarekin dagoen erlazioarekin. Hona datorren jendeak ez du segituan etxebizitza bat alokatzen; lehenik eta behin senide edo lagun baten etxera doa. Ondoren, agian alokatzen du ohe bat gela batean; gero gela osoa eta, ondoren, gauzak ondo doazenean, etxebizitza osoa. Seguruenik, azken kasu horretan, alokairu osoa ordaintzeko gela batzuk alokairuan jarriko ditu baita ere. Eta, azkenik, gauzak oso ondo doazkionean pertsona horri, etxea erosiko du. Honek esan nahi duena da alokairuaren prezioak handiak izan arren beraiek mugitu egiten direla beste merkatu batean, logelen alokairuaren merkatuan, alegia.

Egoera hori ez da oso arraroa gaur egun; izan ere, bertokoak izan arren, gazte askok etxebizitzak konpartitzeko beharra izaten dute ezinezkoa zaielako alokairu oso bat euren kabuz ordaintzea.

Lan-merkatuak baldintzatzen du leku bateko pertsona migratzailearen profila.

Alde handia dago Uribe Kostako egoeraren eta Euskal Herrian ematen denaren artean migrazioari dagokionez?

Uribe Kostan Bizkaia osoan ematen dena errepikatzen da. Araban Afrikan jatorria dutenak pisu handia dute, baita Nafarroan ere, magrebtarrak eta Saharaz azpikoak, batez ere. Gipuzkoan, aldiz, Hego Amerikakoak nagusi izan arren, Ekialdeko Europatik etorritakoak ere asko dira. Gurean, Bizkaian, Hego Ameriketakoak dira gehienak. Hala ere, Bilboko auzo batzuetan, eta baita beste eskualde batzuetan ere, Saharaz azpiko asko dago. Eremuan ezarrita dagoen lan-merkatuak du eragina horretan. Berbarako, senegaldarrak Ondarroan eta Lekeition daude, arrantza-guneak direlako. Latinoamerikarrak, esan bezala, zerbitzuen-merkatuan egiten dute lan, zaintza-lanetan edo etxeak garbitzen, baina baita tabernetan eta fruta-dendetan, besteak beste. Zergatik? Hizkuntzagatik.

Afrikar jatorria dutenek, magrebtarrak eta Saharaz azpikoak, arazo gehiago dituzte lana topatzeko eta langabezia arazo larria dute, % 40k inguruk ez du lanik; euren pobrezia-tasa oso altua da.

Bestalde, Eskualdeko Europatik etorritakoak, errumaniarrak eta inguru horietako gizon-emakumeak beste profil batekoak dira; emakumeek zaintza-lanetan egiten dute behar asko, baina gizonak industrian eta obretan ibiltzen dira, lan-manualak baina prestakuntza behar dutenak. Zergatik? Beraien lurraldetan kualifikazio hori dutelako.

Laburbilduz, esan nahi dudana da lan-merkatuek ezberdintzen dutela alde batetik besterako aldea. Hala ere, gehienen ezaugarria da prekarietatean egiten dutela lan.

Zergatik da altuagoa langabezia-tasa afrikarren artean?

Alde batetik, estigmatizatuta eta diskriminatuta daudelako, magrebtarren artean batez ere. Horiek oso lurralde txiroetatik datoz, eta kualifikazioa ez da altua izaten. Gasteizen asko dago, etxebizitzaren gorakadarekin eraikuntza lanetan ibiltzeko joan zirelako, eta bertan errotu egin dira. Gaur egun diskriminazio arazoak dituzte eta lan-merkatuan sartzeko ezintasunak dituzte, ez dituztelako behar diren profilak betetzen.

Saharaz azpikoek, aldiz, arazoa paperak eskuratzeko orduan dituzte. Asko egoera irregularrean daude eta kostatu egiten zaie beharrezkoak dituzten paperak lortzea. Gainera, horien artean ekonomia-sare batzuk daude, adibidez kalean saltzen ibiltzen direnen artean. Bizirauteko dinamika batzuetan sartzen dira eta zaila egiten zaie beste enplegu bat lortzea.

Paperak lortzeko bide nagusia enplegua lortzea da. Hala, lan-merkatuan enplegagarritasun handiena dutenek erraztasun gehiago izango dute paperak lortzeko.

Zerk baldintzatzen du paperak lortu ahal izatea?

Paperak lortzeko bide nagusia enplegua lortzea da. Hala, lan-merkatuan enplegagarritasun handiena dutenek erraztasun gehiago izango dute paperak lortzeko; eta horiek latinoamerikarrak dira, hizkuntzagatik. Gainera, komunitate-sareak dituzte. Migrazio-internazionalaren fenomenoa duela 20 urte hasi zen gurean, eta horrek eragin duena da familien elkartzea ematea urteotan; askok, gainera, ezkondu egin dira hemen. Baina enplegua da bide nagusienetako bat paperak lortzeko. Espainiar Estatura zelan ailegatzen diren ere badu zeresana.

Beste elementu bat da nazionalitatea lortzea. Hego Amerikakoentzako urte bi egonda hemen nazionalitatea lor dezakete, nahiz eta hori ez den prozesu automatiko bat. Afrikakoek, aldiz, hemen 10 urte igarota hasi dira nazionalitatea eskatzen.

Nazionalitatea edukita, familiakoei paperak lortzea ahalbidetu dezakete pertsona migratzaileek, baldin eta horrek egiazta badezake ekonomikoki mantendu dezakeela.

Prozesu ezberdinak daude, baina arazo gehienak legeak ezartzen ditu.

Paperak eta lana, amaierarik gabeko gurpila da hori...

Bai, norberaren borondatea da lehen pausoa pertsona migratzaile bat kontratatzeko. Susperraldi ekonomikoan jendea behar zen lanerako. Orain, aldiz, sektore batzuetan jendea behar da oraindik, baina beste batzuetan ez. Hala, ekonomiak baldintzatzen du dena. Hemen, migrazio-fluxuak oso argiak dira. Noiz hasi zen migrazioa gora? Ekonomiak gora zihoanean; eta noiz behera? Ekonomiak behera egin duenean.

Krisia heldutakoan, migrazio-fluxua gelditu eta egoera orekatu zen. Orain, aldiz, ekonomia, apurka bada ere, hazten hasi da eta migrazioak ere gora egin du berriro.

Noiz egin zuen migrazioaren fenomenoak gora hemen?

Euskal Herriko migrazio-dinamikak espainiar Estatuaren logikaren barruan kokatu behar dira. Hona datozenak Espainiara doaz, inolako ezberdintasunik gabe. Hala, 2000tik 2008ra bitartean Espainiako Estatuko ekonomia oso azkar hazi zen; jendea behar zen lan egiteko eta, horregatik, 8 urtean ia 5.000.000 etorkin hartu zituen Estatuak. Ordura arte, Europa maila migratzaile gutxien hartu zituen lurraldea zen Espainia, eta denbora gutxian, etorkin gehien jasotzen zuenenen artean kokatu zen.

Krisia heldutakoan, fluxu hori gelditu eta egoera orekatu zen. Orain, aldiz, ekonomia, apurka bada ere, hazten hasi da eta migrazioak ere gora egin du berriro. Denbora tarte horretan beste hainbat fenomeno eman da, hala nola errefuxiatuen krisialdia. Hala ere, estatistikoki oso pertsona gutxi etorri da Ceuta eta Melilla bezalako guneetatik. Gehienak Barajasetik (Madril) datoz, aireportutik, baina baita autobusez ere.

Euskal Herriko lan-merkatua Espainiakoa baino espezializatuagoa eta txikiagoa da, eta lan informalak ez dauka horrenbesteko pisurik beste lurralde batzuetan bezala.

Hala ere, Euskal Herrian berandu hasi zen migrazioa. Zergatik?

Susperraldi ekonomikoaren garaian, 2000tik 2008ra bitartean, espainiar Estatuan oso azkar hasi zen migrazioa, baina hemen oso gutxi. Hemengo lan-merkatua Espainiakoa baino espezializatuagoa eta txikiagoa da, eta lan informalak ez dauka horrenbesteko pisurik beste lurralde batzuetan bezala. Landa eremu askorik ere ez dago hemen, Araba eta Nafarroa hegoaldean izan ezik. Era berean, lana oso erregulatuta dago hemen; sindikatuek ez dute kontraturik gabeko lana onartzen eta indartsu daude hemen. Hala, ezinezkoa zen hemen fabrika batean kontraturik gabe lan egitea; baldintza txarretan egon zitezkeen, bai, baina kontratu barik ez.

Hala, hemen poliki-poliki hasi zen migrazioa, krisialdira arte. Garai horretan hasi ziren gurera etortzen Espainian zeudenak, bertoko ekonomia oraindik indartsu zegoelako, 2012ra arte. Urte horretan kolpatu zuen krisiak hemengo ekonomia, eta hemen ere migrazio-fluxua orekatu egin zen. Orain, aldiz, goraldi ekonomikoarekin, berriro hasi dira migratzaileak etortzen eta dinamika beste urte batzuetan baino askoz ere handiagoa da.

Zeintzuk ondorio izan ditzake kanpo-migrazioak gurean?

Euskal Herria anomalia bat izan da duela gutxira arte Europan. Gure ekonomia ondo zihoan, indartsua zen; eta, hala ere, ez genuen migrazio askorik, orain arte. Ondorioz, aniztasuna areagotu egin da; tentsioak sortu dira inoiz, baita elkarbizitzarako arazoak ere inon. Gaur egun dagoen gizartea migrazio prozesu horren ondorioa da. Eta horrek beste ondorio batzuk sortuko ditu, eta horiek kudeatzen ikasi beharko dugu ezberdintasun sozialak ez emateko. Hala ere, ez dugu ikuspuntu dramatiko batetik heldu behar erronka horri gizarte justu, kohesionatu eta berdintasunean oinarritutako bat eraiki ahal izateko.

Hau ez da problematikoki hartu behar, ez da arazo bat bezala ikusi behar. Kudeatu behar den errealitatea da, besterik ez.

Instituzioek pausoak ematen ari dira hori lortzera bidean?

Bai, gauzak egiten dituzte, nahiz eta beste batzuk ondo egin ez duten. Alderdi politiko batzuek gaia erabiltzen dute euren etekin propioak lortzeko; DSBE (Diru-sarrerak bermatzeko errenta) gora eta behera, xenofobiarekin erlazionatutako arlo ezberdinak... Hala ere, nik uste dut lan egiten ari dela, hobeto egin zitekeen arren. Hau ez da problematikoki hartu behar, ez da arazo bat bezala ikusi behar. Kudeatu behar den errealitatea da, besterik ez.

Inbasioa, kolonizazioa... Askotariko zurrumurruak daude kalean. Horrenbesterako da?

Eragina politikoa da eta komunikabideek eragiten dute hein handian. Adibidez, anbulatorio batera goazela 20 pertsona topatuko ditugu itxaron-gelan, eta horietako 2 etorkinak dira. Seguruenik azken horiei jarriko diogu arreta, ez besteei, “ezberdinak” direlako. Beste gauza bat da kontzentratu egiten direla, taldetan banatuta, baina guk ere egiten dugu hori. Janzkera ezberdinak, patroi kultural ezberdinak, klase sozial ezberdinak...

Elementu asko daude sentsazio horiek izateko. Gizartearen alde batek beti bilatu izan du kopla-buruko bat egoera jakin batean arazoak justifikatzeko eta errua norbaiti botatzeko.

Baina, esan behar dena da hemen migrazio-prozesu normal bat dagoela. Historikoki guk izan beharko genituzkeen pertsona migratzaile gutxiago izan dugu izan dugun gizarte eta eredu ekonomikoagatik. Orain, aldiz, hori aldatu egin da, migrazioa gora doa eta horixe izango da euskal gizartearen ezaugarri handienetako bat XXI. mendeko Euskal Herrian.

Erlazionatuak

Migrazioa Uribe Kostan, azterbide

Iker Rincon Moreno 2019 urr 03 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun