Alkateak gutunean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako zuzendaritzaren asmoen berri urriaren 6an egindako informazio-batzar batean baino ez du izan Udalak: "Zuzendaritzak Udalari ezagutarazi dion bakarra da proiektua egiteko asmoa duela, ez besterik".
Honenbestez, proiektuaren txosten osoa eskatu dio Barrikako gobernu-taldeak Jaurlaritzari; "horrela, gure teknikariek aztertu ahal izango dute, eta aurreikusi ahal izango dugu zein irtenbide eman beharko litzaiekeen nahitaez sortuko diren afekzioei". Abenduan hastekoak diren obrek batez ere San Telmo inguruan bizi diren barrikoztarrei eragingo dietela adierazi du Udalak, "sarbideetan eta aparkalekuetan".
Azkenik, gaiaz zalantzak edota galderak dituzte herritarrei Udalagaz harremanean jartzera gonbidatzen ditu Muñozek sinatutako eskutitzak.
Proiektua geldiarazteko "presio-taldea" sortuko dute
Gaur, azaroak 8, batzarra egingo dute Plentziako hainbat herritarrek, ahoz aho zabaldu den deiari erantzunez, helburu argi bategaz: "Itsasadarrean hasteko zorian dagoen obra geldiarazteko presio-talde bat sortzea". Deialdi hori ez du elkarte edo talde jakin batek egin. Hainbat herritarrek azaldu dutenez, itsasadarra berrantolatzearen gaineko eztabaida sigla politikoetatik urruntzea da asmoetako bat.
Bestalde, "Plentziako itsasadarra berrantolatzeko proiektu honi ez!" goiburuagaz Change.org webgunean eskari bat ageri da, Eusko Jaurlaritzaren Portu zuzendariari, Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendariari eta Plentziako alkateari zuzendua. Sustatzailea Plentziako Itsasadarra Bizirik plataforma da, beren-beregi eskari hori egiteko oraindik orain sortutakoa. Lerro hauek idazteko momentuan 1.000 sinadura lortzear dago ekimena.
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eroan du gaia
EH Bilduk jakinarazi du legez besteko proposamena erregistratu duela Eusko Legebiltzarrean, dagokion batzordean bozka dadin. Jaurlaritzari egiteko honako eskariak ditu proposamenak: alde batetik, aurkeztu den proiektua bertan behar uztea; bestetik, berrantolaketari ekin baino lehen "itsasadarraren, portuaren eta bokalearen garbiketa zehaztuko duen egitasmoa" aurkez dezala eta portuan zein itsasadarrean "matrikulatuta, matrikulatu gabe zein abandonatuta dauden itsasontzi guztien inbentario zehatza egitea". Bertan behera utzita dauden ontziak ofizioz erretiratzeko ere eskatzen du koalizioak.
Azkenik, berrantolaketa-proiektu bat sortzeko helburuagaz parte-hartze prozesu bat abiarazi dadila eskatzen du EH Bilduren legez besteko proposamenak.