Jaitsiera handiagoa espero zen arren, azkenean puntu bi baino gutxiago egin du behera parte-hartzeak atzoko hauteskundeetan, estatu osoari dagokionez. Uribe Kostan, ordea, sei puntu eta erdikoa izan da abstentzioaren igoera. Hala ere, estatuaren batez bestekotik gorakoa izan da parte-hartzea gurean: %71,5 (%69,9 estatuan).
EAJ izan da berriro ere eskualdean boto gehien eskuratu duena, baita udal denetan irabazi ere. 2.100 boto inguru galdu arren, apur bat hobetu egin du apirileko portzentajea: denera, botoen %39 inguru izan dira jeltzaleentzat.
Bigarren indarra PSE-EE izan da, aurreko hauteskundeetan bezala, baina oraingoan alde handiagoaz. Izan ere, jeltzaleei bezala, abstentzioak ez die hainbesteko kalte egin sozialistei, eta boto-portzentajean ia puntu oso bat galdu arren, tartea handitu dute Podemos-IUrekiko.
Izan ere, alderdi moreak, parte-hartzearen jaitsiera ez ezik, Más País bere eszisiora joandako botoen falta ere igarri du, eta 3.600 galdu ditu denera (%21eko beherakada). Apirilean hamar botoko alde baino ez zuen izan PSE-EEgaz Uribe Kostan, eta orain berriz, eskualdeko hirugarren indarra izateko "ohorea" galtzeko zorian egon da, EH Bilduren mesederako. Bederatzi botokoa izan da aldea
Koalizio abertzaleak udal denetan egin du gora boto-kopuruari dagokionez, abstentzioa handitu arren, eta ia Podemosen mailan jarri da. Lorpen bera izan du PPk, alegia, Uribe Kostan udal denetan jaso du apirilean baino boto gehiago. Popularren kasuan askoz handiagoa izan da igoera, hori bai: 1.500 boto inguru. Horietako askoren jatorria argia da, estatu osoan izan duenaren mailako zartakoa hartu baitu Ciudadanosek hemen ere: apirilean eskuratutako 4.200 boto ingurutik ia 3.000 galdu dituzte.
Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortu diren gainerako alderdien artetik, Más País sortu berriak 1.663 boto lortu ditu Uribe Kostan (%1,7), hau da, Ciudadanos gainditu du. Vox ultraeskuindarrak, berriz, ez du estatuko joera bera izan gurean, eta udal batzuetan boto gutxi batzuk irabazi arren, jaitsi egin da apirileko hauteskundeetatik hona, eta %2,79an geratu da.
Goiko grafikoan kus ditzakezue atzoko emaitzak eskualde osoari dagokionez (udalez udalekoak ikusteko, kontsulta egin dezakezue Espainiako Barne Ministerioaren webgunean).