Elkarrizketak

"Oso mitifikatuta daukagun figura maskulino horrek egun ez dio erantzuten langile herriaren kontzeptuari"

Oiane Valero. Argazkia: Hodei Torres

Euskal langile andreak. Antzinako erregimenetik kapitalismora IPES fundazioaren bekari esker, kolektibitatean oinarritutako ikerketa-lana dela dio Oiane Valero Belaskok. Historia irakasleak (Erandion ari da aurten, DBHn) diosku zapalkuntza hirukoitzaren ikuspegia jorratzen duen lanik ez dela egon orain arte, eta ikerketa abiapuntua dela etorkizunean lan gehiago egiteko.

Kapitalismoaren garatze prozesua non hasten da zuen lanean?

Kapitalismoaren sortze prozesua kokatu dugu 1789an, Frantziako iraultza burgesa eman zen urtean. Batez ere, Ipar Euskal Herrian eragin zuzena izango du eta hor hasten dira  kapitalismoak, industrializazioak eta liberalismoak ekarriko dituzten aldaketa guztiak.

Eta aldaketa nagusiak zeintzuk lirateke?

Soldatapeko lanaren egituratzea. Kapitalismoak ekarri du soldatapeko lana orokortzea eta dikotomia bat sortzea: andrazkoentzat, “ez-lan” deitzen duguna, edo maitasunagatik egindako lana; eta gizonentzat, soldatapeko lana, ofiziala. Baina andrazkoek beharra izango dute etxetik kanpo lan egiteko, gizonen soldata osatzeko, biziraupena bermatzeko; hori, baina, merkatu beltzean izango da. Horixe litzateke tesia: kapitalismoak ekarri du soldatapeko lana, baina andrazkoak hortik kanpo kokatu ditu.

Bizirauteko esaten duzu; gaur egun ere bizirauteko ekonomia-sisteman ari gara.

Gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Kapitalismoak egiten duena da forma aldatu, egoera berrietara moldatu. Lehen bertako andreek egiten zituzten hainbat jarduera, prekarioenak, gaur egun egiten dituzte emakume atzerritarrek, etorkinek. Eurak dira lan-baldintzarik kaskarrenak dituztenak, kontraturik gabeko jarduerak egingo dituztenak, euren familiak utzi eta besteenak zaintzera behartuta ikusiko direnak. Formak aldatzen dira, baina zapalkuntzak bere horretan dirau.

Zapalkuntza hirukoitza diozu, baita kapitalismoaren aurretik ere?

Euskaldun garen heinean, gure historia zapalkuntzaren historia da. Andre garen heinean, genero zapalkuntza pairatu dugu historikoki; patriarkatua zapalkuntzarik zaharrenetarikoa da. Ez dugu esango kapitalismoak sortu duela patriarkatua, baina baliatu du negozioa borobiltzeko. Bestetik, langileriaren kontzeptua XIX. mendearen amaieran sortzen da, langile klasearen sorrerarekin. Baina aurretik ere, matxinadetan, euskal jendartean nolabaiteko kontzientzia sortzen da, burgesiaren kontra altxatzeko.

Euskal feminismoak zer ekarri dio euskal langileen ikusgarritasunari?

70eko hamarkadan gorpuztuko da, batez ere Ipar Euskal Herrian (Hegoaldean oraindik diktaduran bizi ziren), 68ko maiatzari lotuta. Andrazkoak ohartu ziren ez zirela protagonistak iraultza hartan eta hortik hasi zen sortzen euskal feminismoa. Zapalkuntza bikoitza nahiko garbi ikusi zen orduan: langileak eta emakumeak gara; horri gehitu zaio nazio zapaldu baten parte izatea. Hirugarren zapalkuntza hori Aizan taldeak gehitu zion, 90eko hamarkadan. Hor bukatu nahi izan dugu, nolabait, bilakaera horren emaitza euskal feminismoa izan daitekeelako.     

Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen zaintza lanak eremu pribatura eraman direla, emakumea lan merkatutik ateraraziz.

Zaintza lanak egokitu zitzaizkien emakumeei eta, gainera, merkatu ofizialetik kanporatuak izan ziren, zaintza lan horiek egiteko. Baina emakumeak lan merkatu ofizialean sartzen hasi zirenean, zaintza-lan horiek berdin egin behar ziren; beraz, lanaldi bikoitza inposatu zitzaien, eta tranpak hor jarraitzen du. Ikusten dugu nork garbitzen duen mundua, besteen etxeetan daudenak, gure nagusiak nork zaintzen dituzten, gure umeak… Lehen guk egiten genituen lan horiek guztiak, orain atzerritik datorren migratzaile batek egiten ditu eta, gainera, oso diru kopuru murritzaren truk.

Garai batean Euskal Herrira etorri ziren emakumeak ere barne hartzen dituzu euskal nortasuna aipatzen duzunean?

Nazionalismo tradizionala etnizista izan da eta etorkin horiek guztiak nazionalismotik kanpo utzi dira. 50eko hamarkadan ezker ikuspuntutik sortutako abertzaletasun berriak, nolabait, langile horiek guztiak barne hartzen zituen. Hor dugu, esaterako, Argala ideologo gisa. Sekulako saiakera egin zen hemengoak ez ziren langileak "euskal langile herria" kontzeptuan sartzeko: "Euskalduna Euskal Herrian lan egiten duena eta bizi dena da". Egia da emakumeak ez zituela aintzat hartzen, ze langilea irudikatzen dugunean, burura datorkiguna da gizona, buzoduna eta fabrikako langilea. Hori tranpa da. Langileek aurpegi anitzak dituzte, hainbat jardueratan ari dira; are gehiago, langabetuak ere barne hartzea ezinbestekoa da. Oso mitifikatuta daukagun figura maskulino horrek gaur egun ez dio erantzuten langile herriaren kontzeptuari. Eta hortik dator, baita ere, gure liburuaren izenburua: "Euskal langile herria, euskal langile andreak".

Egindako azterketak ematen dizun perspektibatik, ondo ari ote gara?

Aurrerapausoak ikaragarriak izan dira, martxoaren 8ko mobilizazioetan, adibidez. Kontzientzia-hartze prozesuan bagoaz aurrera. Horrek ez du esan nahi berdintasun egoeran bizi garenik; bidea oraindik luzea da. Eman diren urratsak borroka baten emaitza dira, eta ondo antolatuta, estrategikoki gauzak ondo lotuz gero, aurrera jarraitzeko moduan gaude. Gaur egungo egoera ez da berdintasunean oinarrituriko egoera, baina urratsak eman dira eta gure aurrekoek egindako borrokaren ondorio dira.

Etxean ikusitakoa, ikerketa motibazio
“Nire amamek etxean egin dute lan, beti. Gogoan dut, Amorotoko amama Bilbora etorri zela zaintza lanak egitera, beste batzuen seme-alabak zaintzera. Oso ohikoa zen batez ere herri koxkorretako andreen artean; hori izaten zen askorentzat intenbide bakarra. Hala ere, ikusi dugu nola errepublika garaian andreek mentalitate irekiagoa zuten ondorengo belaunaldiko andrazko horiek baino, nire amamen belaunaldiko emakumeek baino. Frankismoak eragin nabarmena izan zuen”.

Albiste hau Argia.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.