Historiaurrearen II. Jardunaldietako hirugarren ekitaldia izango da Fernández Eraso Historiaurreko katedradunak 19:00etatik aurreraemango duen berbaldia. Zehazki, Neolito-Kalkolitoa Bizkaian zelakoa izan zen azalduko du EHUko ikerlariak eta irakasleak. Sarrera doakoa izango da, baina Kultur Etxeko Auditoriuma guztiz bete arte baino ezin izango da sartu.
Hurrengo egunetan, azaroak 23 eta 24, Bizkaiko Arkeologia Museora bisita egingo da, Barrikan eta Bizkaiko beste leku batzuetan aurkitutako materialak ikusteko. "Silexaren bila" goiburua ipini diote bisitaldiari, hain zuzen. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Santimamiñe kobazuloko, Pico Ramos kobazuloko, Artxandako Irumugarrieta mendiko dolmenetako, Barrikako Aranbaltza aztarnategiko eta Uribe Kosta nahiz Bizkaiko beste aztarnategi batzuetako arkeologia-materialen sorta bat ikusi ahalko da".
Neandertrail lasterketa, abenduaren 14an
Historiaurrearen Jardunaldien laugarren eta azken ekimena, hasiera batean irailerako iragarrita zegoena baina azkenik abenduaren 14an egingo dena, lasterketa berezi bat izango da: Neandertrail. Edestiaurrek azaldu duenez, Barrikako labarren alboko bideetatik egingo da proba, 8.400 metroko luzerakoa; abiapuntua eta helmuga Udaletxeko plazan egongo dira. Lasterketaren hasieran, Udaletxe ondoko zelaian prestatutako oztopoak gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek, labarretara abiatu aurretik.
Parte-hartzaileentzako aparkalekuak, aldagelak eta dutxak ipiniko dituzte antolatzaileek. Sariei dagokienez, hiruna emango dituzte ginonezkoei eta emakumezkoei. Kasu bietan, 300, 200 eta 100 eurokoak izango dira sariok, eta denek jasoko dute domina. Gainera, lasterkari denei oparia emango diete.
Web orri honetan eman daiteke Neandertrailen parte hartzeko izena.