Euskaraldia 2020

Euskara "gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" egiteko saiakera

Iker Rincon Moreno 2019ko aza. 29a, 09:08

Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira hiri eta herri bakoitzean garatuko diren dinamiken sustatzaileak.

Azaroaren 20an aurkeztu zuten Euskaraldiaren bigarren edizioa. Hamabost egunez, belarriprest eta ahobiziak izango dira berriro Euskaraldiaren protagonistak. Gainera, oraingoan askotariko entitateak batuko zaizkie ariguneak osatzeko. Daborduko entitateek arigune horiek sortu eta inskribatzeko aukera dute Euskaraldiaren webgunearen bitartez.

Urtebete igaro da Euskaraldiaren lehenengo edizioa egin zenetik. Saiakera hark izan zuen arrakastaren ondorioz, bigarren edizioa egitea erabaki dute, 2020ko azaroaren 20tik aurrera. Oraingoan, ahobiziek eta belarriprestek hizkuntza ohiturak aldatzeko hamabost egun izango dituzte; horrez gainera, taldeetan ere eragiteko aukera izango dute mota denetako entitateetako kideek. “Horretarako, Euskaraldian garrantzi berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea”, azaldu zuten arduradunek azaroaren 20an Donostian egindako aurkezpenean. “Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak”. Daborduko Euskaraldian inskribatu eta ariketarako martxan ipiniko diren ariguneen berri eman dezakete entitateek.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak Donostian aipatu zuenez, “ekimenaren bigarren edizioaren leloa aurkezteko baliatu dute Euskaraldiaren bultzatzaileek gaurko ekitaldia. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango dituela azpimarratu dute. Lehen edizioaren balorazioan aipatu modura, ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ematea da helburua”. Ildo horretan, Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topagunearen lehendakariak, honakoa gehitu zuen: “Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate-zentzua hurrengoan sendotu egin nahi dugu, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara”.

Euskaraz egiteko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira taldean jarduteko guneak.

“Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”

Ekimenaren bigarren edizioaren leloa aurkeztu zuten Euskaraldia egitasmoaren bultzatzaileek Donostiako ekitaldian. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango dituela azpimarratu zuten. Lehen edizioaren balorazioan aipatu modura, ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia 2018an eta edizioz edizio urrats berriak ematea da horren helburua. Joan den irailean aurkeztutako ikerketaren arabera, abiapuntu ona izan zuen euskararen aldeko ariketa sozial berritzaile horrek; hala ere, eragina handitzeko, gehiago jardun beharra dagoela nabarmendu dute arduradunek.

Garapen horri erantzuteko asmoz, Euskaraldiak egun gehiago izango ditu hurrengo edizioan, hamabost hain zuzen; 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Beste berritasunetako bat da taldekako ariketak ere protagonismoa izango duela bigarren edizio horretan. 2018ko ariketak banakako harremanak hartu zituen aintzat; oraingoan, aldiz, banakako harreman pertsonal horietan ez ezik taldekako eremuetan ere ariketa egiteko aukera izango dute herritarrek. Horretarako, entitateetan Euskaraldian parte hartzeko aukera zabalduko da, hala nola lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan eta taldeetan. Horietan denetan ekimenak “aukera emango die ahobizi eta belarriprestei eremu berrietan inertziak hautsi eta hizkuntza-ohitura berriak barneratzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Zer da zer

Ahobiziek euskaraz ulertzen duten guztiakaz egunero euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean ere, lehenengo berba, beti, euskaraz egingo dute eta euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko dute. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eutsi beharko dio kideek hizkuntza ulertzen duten bitartean.

Euskaraldiak abiapuntu “ona” izan zuen lehenengo edizioan. Hala, bigarrena indartzen saiatuko dira.

Belarripresten kasuan, aldiz, norberaren gaitasunaren eta aukeren arabera erabakiko dute euskaraz noiz eta nogaz egin. Beti ez dute euskaraz egingo ulertzen duten guztiakaz, baina euskara dakitenek argi eta garbi jakin beharko dute beragaz uneoro euskaraz berba egitea gura dutela; horretarako, txaparen bidez jakinaraziko dute nahi hori, modu esplizituan.

Entitateak ariguneen sustatzaile

Edizio berriak iazko dinamika “zabaldu eta sakontzea” du helburu: “Ekimenera ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak ongi lantzea, alegia” Kontuak hala, rol bi horien figurak zer diren azaltzen segituko dute: “Portaeran dago gakoa, ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean”.
Ariguneak eta entitateak berritasuna izango diren arren, belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista edizio honetan ere, arduradunek argitu gura izan dutenez. Kontuak hala, hurrengo urteko ariketan joan den edizioan erabili ziren txapa berak izango dira elementu garrantzitsu bat, eta antolatzaileek arreta berezia emango diote horiek biak ariketarako prestatzeko.

2020ko ediziorako ere herri-batzordeek garrantzia izango dute Euskaraldia antolatzeko unean.

Ariguneak dituzten entitateen kasuan, taldearen barruko kideen parte-hartzea ahalbidetzea eta sustatzea izango da entitatearen zeregin nagusia, “baita arigune horiek babesteko neurriak hartzea ere”. Horregatik, azpimarratu dute entitateak sustatzaile izatetik funtzio garrantzitsua duten eragileak izatera pasako direla bigarren edizio horretan.

Herri-batzordeak, martxan

2018ko Euskaraldian herri-batzordeek erabateko garrantzi izan zuten Euskaraldia antolatzeko, “herriz herri eraiki baitzen ekimena”. Orain, hasi berri den edizioan, batzordeok garrantzi berdina izango dute. “Irailean ireki zen herrietako batzordeek izena emateko epea, eta egunez egun gehiago dira antolatzen hasi eta izena eman duten herriak; martxa onean doa izen-ematea”, iragarri dute Euskaraldiaren antolatzaileek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun