Azaroaren 28a greba eguna izan zen Euskal Herriko ikasleentzat. "Gora ikasleon borroka!" dinamikaren barruan, Uribe Kostakoek ere bat egin zuten aldarrikapenagaz. Jakinarazi dutenaren arabera, Uribe Kosta BHI (Plentzia), Ander Deuna Ikastola (Sopela), Aixerrota BHI (Getxo), Betiko Ikastola (Leioa) eta Altzaga Ikastoletako (Erandio) ikasleek bat egin zuten grebagaz.
Hala, goizean goiz ekimenak egin zituzten Plentziako Uribe Kosta BHI eta Getxoko Aixerrota BHI institutuetan; ondoren, Indarra izan eta eman gure hezkuntzari lelopean, Bilboko manifestaziora gerturatu ziren "hezkuntza publikoa, feminista eta euskal herritarra" aldarrikatzeko.
"Ikasle grebaren balorazioa, orokorrean, oso positiboa da. Egungo olatu sozialen garaian kokatzen da, borroka eta herri aktibazioaren barruan. Krisian dagoen sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurrean Euskal Herri osoko ikasleek hezkuntza eredu propioa eraikitzeko apustu irmoa egin zuten atzo", adierazi dute gazteek.
Greba eskubidea aldarrikatu dute Erandion
Erandioko Ategorri BHIko ikasle mugimenduak salatu du ikastetxe horretako zuzendaritzak ez ziela greba eskaerarik egiten utzi, "hala ere, ikasleek modu desobedientean egin zuten greba". Gaur, berriz, euren greba eskubidea aldarrikatzeko eserialdia egin dute ikastetxean bertan: "Ikasleok greba eskubidea nahi dugu, horregatik, oztopo guztien gainetik borrokari ekingo diogu! Ategorriko indarra ikasleok daukagu".