Euskararen erabilera sustatzen: zelan ailegatu nerabeengana?

Unai Brea 2019ko abe. 4a, 13:29
Sare sozialetan guztiz murgilduta dabiltza gaurko gazteak, eta euskarak gabezia du hor, Bizarra Lepoan elkarteko Mikel Astorkiren esanetan.

Bizitzaren beste arlo askotan bezala, nerabeena da euskararen erabilera bultzatzeko ekimenen bidez ailegatzeko adin-multzo zailena. Horretaz berba egin ziguten Uribe Kostako euskalgintzako hainbat eragilek, euskararentzako arnasguneen gaineko erreportajea egiten genbiltzala.

"Ikastetxeetan sekulako lana egiten da baina gabezia dago, gaztetxoak 12, 13, 14 urtera iristen direnean jauzi handia ematen dutelako erdarara", dio Juanlu Aranburu Uribe Kostako Mankomunitateko euskara-teknikariak. Kuadrillategi proiektua da martxan duten egitasmoetako bat: 12-14 urte bitartekoei eremuak eskaintzean datza, modu dibertigarrian euskararen erabilera bultzatzeko. Arazo bat dago: gazteek parte hartzen dute, baina nagusiki gaztelaniaz egiten dute, begiraleek euskara hutsez jardun arren. 

"Datorren urtean gai hau lantzeko foro bat sortzeko proposatu diegu ikastetxeei", azaldu du Aranburuk, "haurrek nerabezarora iristean duten erdararako joera eteteko".  

Uribe Kostako teknikariaren berbek agerian uzten duten beste esparru batzuetan bezala, euskararenean ere nerabezaroa dela "konkistatzeko" adin-tarterik zailena. Kirola litzateke bide zuzenetako bat, baina Bizarra Lepoan Euskara Elkarteko Mikel Astorkik dioenez, "dena dago tokian tokiko entrenatzailearen borondatearen menpe, oso zaila da euskara benetan sustatzeko konpromisoa bere plangintzan sartuko duen kirol-talde bat aurkitzea; ez da zehar-lerro bat". 

Alaitz Villate, Bizarra Lepoan: "Ematen du gaur euskalduna izateko ultra-koherentea izan beharra dagoela, erabateko kultureta; Gaztea ez zaigu gustatzen, Gure Kasa ere ez, Argia baino ezin da irakurri behar... Motxila astuna daroagu. Eta aizu, normalizaziorako bidean Marca moduko bat euskaraz izatea ere ona litzateke, adibidez".  

Euskarak duen beste hutsune bat ekarri du gogora Astorkik: "Teknologiaren garaian gaude, eta 15-18 urtekoei bost axola albistegiek zer dioten, baina ondo dakite nor den Instagrameko ospetsuena. Eta mundu horretan ere gabezia handia du euskarak". Ildo beretik, Alaitz Villatek uste du agian ez dela lagungarria euskaldunok kultur eskaintzaren aurrean garbizaleak izateko daukagun joera, zelanbait esatearren. "Izan ere, ematen du gaur euskalduna izateko ultra-koherentea izan beharra dagoela, erabateko kultureta; Gaztea ez zaigu gustatzen, Gure Kasa ere ez, Argia baino ezin da irakurri behar... Motxila astuna daroagu. Eta aizu, normalizaziorako bidean Marca moduko bat euskaraz izatea ere ona litzateke, adibidez".  

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun