Euskararen Nazioarteko Egunaren bertsio modernoa 1995ean jaio zen, gurasoak Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza zituela, baina aurrekaria askoz lehenagokoa da, 1949koa. Urte hartan erabaki zuen Eusko Ikaskuntzak izendapen hori ematea abenduaren 3ari, Xabierko Frantzisko Deunaren heriotzaren urteurren-datari. Arrazoia, nonbait, nafar misiolari ospetsuak bere ama-hizkuntzan esan zituela mundu hau utzi aurreko azken berbak. 1552an jazo zen hura, eta handik 70 urtera igo zuten Frantzisko santu-mailara. Dakigula, aitortu zizkioten merituen artean ez zegoen euskaraz egin izana.
Baina itzul gaitezen XX. mendeko hizkuntz kontuetara. Hego Euskal Herrian frankismoa indar betean zegoela aldarrikatu zuen Eusko Ikaskuntzak lehenengoz Euskararen Eguna, ezin ezkorrago hasten zen agiria argitara emanez: "Eri gaizki da Eskuara, hil-hurran ezpada ere. Egun oroz gibelerat ari. Iparretik hegorat, zazpi herrietan barna alha da gaitza". Horiexek izan ziren Eskuararen Eguna izeneko manifestu laburraren lehenengo berbak, eta ez ziren pesimistenak.
Ordutik hona 70 urte igaro dira, denon gogoan dauden aldaketa ugari ekarri dituztenak. Datozen egunetan irakurri eta entzungo dugun adierazpen-oldean ez da agertuko "gaztek ez badute eskuara mintzatzen, ainhitz urte gabe, ohiko eskuararenak egin du" bezain esaldi gordinik. Kezka aipatuko da, gehiago egin beharra ere bai, baina azken hamarkadetan egindako aurrerapausoak ere goratuko dira. Ipin ditzagun balantzan batzuk eta besteak.
Euskaraz bizitzea, lan gaitza
Badira urte batzuk Euskararen Eguna ospatzeagaz batera Euskarak 365 egun leloa zabaldu dela. Sano ezaguna dugu baita ere Euskaraz bizi nahi dut. Esaldiok praktikara eroatea, berriz, esatea baino askoz zailagoa da gure eskualdean. "Uribe Kostan ez dago benetan euskaraz bizitzeko aukerarik", dio Alaitz Villate Getxoko Bizarra Lepoan Euskara Elkarteko kideak, "euskal hiztunontzat ez dagoelako lekurik eguneroko bizimoduan, egunero urratzen zaigu euskaraz bizitzeko eskubidea, ekintzarik sinpleenerako ere".
"Uribe Kostan ez dago benetan euskaraz bizitzeko aukerarik", dio Alaitz Villate Getxoko Bizarra Lepoan Euskara Elkarteko kideak, "euskal hiztunontzat ez dagoelako lekurik eguneroko bizimoduan, egunero urratzen zaigu euskaraz bizitzeko eskubidea, ekintzarik sinpleenerako ere".
"Uribe Kostan euskaldun asko gaude, baina gure arteko erdaldun elebakarrek eragin handia dute", azaldu du Juanlu Aranburuk, Uribe Kostako Mankomunitateko euskara-teknikariak; "oso zaila da euskara hutsezko lekurik aurkitzea, ingurua oso erdalduna da". Ez da harritzekoa, honenbestez, gure eskualdean euskaldun gutxik egitea hautua goizetik gauera euskaraz bizitzen ahalegintzeko. "Konpromiso handia eduki behar da horretarako", Aranbururen esanetan. Beste berba batzuekaz adierazi du Alaitz Villatek: "Oso gutxik bilatzen dute konfrontazio hori, besteak beste babesik ez dutelako".
Ez da lan txikia, "euskaraz egiteko aukera norberak bilatu behar duelako, eta bilatuz gero aurkitu egin daitekeelako... edo ez", Villatek dioenez. Aurrez aurreko edozein zerbitzutan dago euskalduna zori horren menpe. Baliteke goizez euskaraz eska daitekeen fruta-dendan zerbitzari erdalduna besterik ez egotea arratsaldez, edo baliteke ("ohikoena da", azpimarratu du Villatek), euskaraz artatuko zaituenik ez topatzea, ordua edozein dela. "Baita administrazioan ere", kexu da Bizarra Lepoaneko kidea. Eta bizitzaren esparru denetarako balio du esandakoak. Getxoren kasuan, gainera, euskaraz bizitzen saiatzen direnen nekea areagotzen du oraindino erdararen aldeko militante asko egoteak, Villateren iritziz, "gero eta gutxiago diren arren, zorionez".
Zer egin? Juanlu Aranbururen ustez, "euskaldunok gure lekuak lortzen saiatu behar dugu". Ildo horretan, datorren urteko Euskaraldiari begira aurkeztu berri den Arigune kontzeptua ekarri du gogora Mankomunitateko teknikariak: "Arigune izan daiteke euskaraz bizi nahi duen gune txiki bat. Normalizazioranzko bidean, horrek izan behar du gure irtenbidea".
Juanlu Aranburu, Uribe Kostako Mankomunitateko euskara-teknikaria: "Lortzen badugu 12-14 urteko neska-mutikoek egunero entrenamenduetan euskaraz egitea, entrenatzailea euskalduna delako eta borondate hori duelako, sekulako aurrerapausoa da. Hori euskararentzako arnasgunea da, atzerakorik gabea".
Adibide modura, nerabeak dabiltzan kirol-taldeak aipatu ditu. "Lortzen badugu 12-14 urteko neska-mutikoek egunero entrenamenduetan euskaraz egitea, entrenatzailea euskalduna delako eta borondate hori duelako, sekulako aurrerapausoa da. Hori euskararentzako arnasgunea da, atzerakorik gabea; entrenamendu horiek betiko euskaraz dira". Uribe Kostan horrelako pausoak posible direla nabarmendu du Aranburuk, euskararen ezagutza nahikoa badago eta. Adibide argia da aldizkari honen 18. orrialdean aipatzen den Maren Goienaga C.D. galea galdeko entrenatzaileak egindako lana, Getxoko Udalak saritu berri duena.
Euskararentzako inhalagailuak
Arnasgunea soziolinguistikaren eremuko kontzeptua da, 1991n AEBetan sortua eta Euskal Herrira Mikel Zalbide euskaltzainak ekarria. Definizio ugari eman izan zaie arnasguneei, baina Zalbideren esanetan "eguneroko mintz-jardun arruntean (erabat edo batez ere) euskaraz bizi diren auzoak, herrixkak, herriak eta, inoiz, eskualde osoak" dira.
Hainbat egilerentzat, ordea, irizpide geografikoa gainditzen du arnasgunearen ideiak. Hala, hizkuntza jakin bat erabilera arruntekoa den edozein gune (elkarte bat, ikastetxe bat, lantoki bat) litzateke arnasgune. Areago, kontzeptua kokapen fisikoagaz lotzea zalantzan ipintzen duenik ere bada. Begiratu, esate baterako, Josu Amezaga EHUko irakasle getxoztarrak 2016an esandakoari: "Aitortuko dut [arnasgune] terminoa ez dudala gustuko, eremu fisikoari ematen dion gehiegizko pisuagatik. Termino hau proposatu zenetik hona, nabarmen aldatu dira pertsonen harreman-moduak; komunikazioa eta eremu fisikoaren arteko lotura askatuz joan da".
Hain zuzen ere, Getxoko Azebarri Kultur Elkartearen sorrera txalotzeko idatzitako artikuluan esan zuen hori Amezagak. Hau da, Uribe Kosta osoan leku fisiko zehatz bati lotutako euskararen arnasgune bakarretakoaren sorrera. Ehun bazkide inguruk bertan euskaraz bizi ahal izateko abiarazitako gunea eta proiektua da Azebarri, bazkide horientzat txoko modura funtzionatzen duena eta, gainera, euskara sustatzeko helburua duten beste batzuen ekitaldiak hartzen dituena. Hantxe ospatu genuen HIRUKA Eguna, berbarako.
Berbalagunak, ekimen "osasuntsua"
Azebarri, edo HIRUKA bera, ez dira adibide bakanak. Azken hamarkadetan egindako lanari esker, Uribe Kostan euskarazko eta euskararentzako lekuak egon badaude. Uharte txikiak dira erdal itsasoan, baina euskaraz bizi gura dutenei lantzean behin oinak lehorrean paratzeko aukera ematen diete. Aipatu dugun eguneroko hizkuntza-nekea une batez ahazteko tarteak, euskaraz eroso jarduteko oasiak; deitu arnasgune, gura baduzue.
Esanguratsuenetako bat Berbalagun taldeak dira. Oro har, Bizkaian izen hori hartu du orain dela 25 urte Donostian jaiotako eta gerora Euskal Herrian barrena zabaldutako Mintzalagun ekimenak. Uribe Kostan 400 lagun inguru dabiltza horrelakoetan, Getxon eta Erandion bertako euskara-taldeek koordinatuta eta Leioan eta Mankomunitatean, berriz, administrazioak (Leioan Berbaldun izena izan du egitasmoak azken sei urteetan, baina gauza bera da).
Garazi Elgezabal, Getxoko Egizu elkarteko kidea: "Askotariko jendea nahasten gara hor: euskaldun berriak, jendea ezagutu nahi duen jendea, euskaraz aritzeko aukerarik izaten ez duten euskaldun zaharrak... Badaude euskaraz ikasten ari direnak, baina badaude beste asko ere".
Eskualdeko Berbalagunen erdia Getxon dago, eta Egizu elkartea arduratzen da horiek dinamizatzeaz. Bertako kide Garazi Elgezabalen esanetan, osasuntsu dago ekimena: "Askotariko jendea nahasten gara hor: euskaldun berriak, jendea ezagutu nahi duen jendea, euskaraz aritzeko aukerarik izaten ez duten euskaldun zaharrak... Badaude euskaraz ikasten ari direnak, baina badaude beste asko ere". Honenbestez, Berbalagun taldeek euskara-ikasleentzako trebatze-esparru hutsa izatearen estigma gainditu dutela uste du Elgezabalek. "Gaur egun Berbalagunak gara euskaraz bizi nahi dugunok, eta kito".
Adabakiak ez dira normalizaziorako bidea
Dela herri-ekimenez, dela administrazioarenaz, Uribe Kostan badaude euskaraz jarduteko hainbat gune, eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko hainbat ekimen. Umeek bakarka zein gurasoakaz jarduteko eremuak, irakurle-taldeak, txangoak, hainbat motatako ikastaroak, dendari euskaldunak identifikatzeko kanpainak, hedabideren bat edo beste... Dena da eskertzekoa, baina Alaitz Villateren iritziz ez genuke pentsatu behar eskaintza hori hizkuntz normalizazioaren sinonimoa denik.
"Guk sortzen ditugu euskaraz berez existitu beharko luketenak, eta hori ez da normalizazioa", dio Bizarra Lepoanekoak, "normalizazioa litzateke administrazioak baliabideak ipintzea edozein eremutan euskaraz bizi ahal izateko, lehenik eta behin bere burua euskaldunduz, bide batez esanda". Gainerakoa adabakiak ipintzea besterik ez dela azpimarratu du Villatek. Eta horretan dabil euskalgintza.
"Guk sortzen ditugu euskaraz berez existitu beharko luketenak, eta hori ez da normalizazioa", dio Bizarra Lepoaneko Alaitz Villatek, "normalizazioa litzateke administrazioak baliabideak ipintzea edozein eremutan euskaraz bizi ahal izateko, lehenik eta behin bere burua euskaldunduz"
Juanlu Aranbururen berbetan, "herrialde guztietan, nazio guztietan, hizkuntza berreskuratzeko prozesu batean, bi eragile nagusik aritu behar dute paraleloki: alde batetik herri-ekimenak eta bestetik hizkuntz politikak". Kataluniako adibidea aipatu du Uribe Kostako Mankomunitateko euskara-teknikariak: "Generalitateak arauak egiten ditu, eta Plataforma per la Llenguak, herri-ekimenaren bidez, arau horiek sozializatzen ditu, eta kontzientziazioa bideratzen du. Han koordinatuta dabiltza, eta hemen ere hala jokatu beharko genuke".
Arnasguneak sortu eta legez babestu, hori da bidea Aranbururen ustean: "Mapari begira, ikusten dugu hizkuntzaren erabilera poliki-poliki atzera eginez joan dela, inguru berde batzuk geratu arte, eta horiek dira arnasguneak. Orain kontrako noranzkoan egin eta galdutako eremua berreskuratzera joan behar dugu, baina horretarako, lehenengo, atzerakada gelditu beharra dago. Nola? Arnasguneak arauen bidez babestuz batetik, eta bestetik, poliki-poliki inguru batzuk berreskuratuz. Horretarako, konkista txikiak egin beharko ditugu. Bilboko Kafe Antzokia adibidez, edo Durangoko Plateruena, edo Azebarri bera...". Euskaltzale, hartu arnasa eta ekin bideari.