Elkarrizketak

"Beharbada bertsolaritza salbatu dute bertso-eskolek"

Unai Brea 2019ko abe. 13a, 12:15

Bertso-eskolek eutsi diote transmisioari eta bertsolaritzaren arimari, ALBEko kideen ustez. HODEI TORRES

ALBEko bertsolarien laguntza paregabea izan dugu Gabonetako HIRUKA berezian, 2019ak emandako gai garrantzitsuenak errimaz komentatzeko. Horregaz batera, berbetan jardun dugu eskolako zuzendaritzako kide bigaz, beteranoa bata, gaztea bestea; Joseba Santxo eta Naroa Torralba. 

Datorren urtean 40 urte beteko ditu ALBEk. Zelan zabiltzate osasunez?

JOSEBA SANTXO: Zifra biribila da 40, eta biribil ospatzeko asmoa daukagu, ez bakarrik urteak betetzearen poztasunagatik, baita gure osasuna oso ona delako ere. Piramide baten modura irudikatzen dugu. Osasun ona izateko, piramidearen oinarriak zabala izan behar du, eta hori badugu: eskolak ematen ditugu hainbat ikastetxetan, udalerri-mailan... Hurrengo geruza martitzenetako eskolak esaten diegunak dira, bat-batean jarduteko taldeak. Eta ondoren dator bertsolari bihurtzea eta plazetara irtetea. Bertsozaleen oinarri zabaletik ateratzen dira ikasleak, eta haien artetik bertsolariak.  

"Bertsozale oinarri zabala dugu; hortik ateratzen dira ikasleak, eta ikasleen arterik, plazetara joaten diren bertsolariak"

Iaz Argia Ereiten Euskara Saria eman zizuen Getxoko Udalak, eta ekitaldian behin baino gehiagotan aipatu zenituzten zuen hastapenak, 1980an. Ez dakit orduko giroa bertsolaritzarako hobea zen oraingoa baino.

J.S.: Franco hil eta gero euskararentzako eta euskal kulturarentzako goraldi moduko bat egon zen. Presentzia kalean, gauza berriak egiteko nahia, irakaskuntza... Egoera oso aldekoa zen euskararen inguruko ekimen guztietarako, baina 1980an, gainera, bertsolaritzarentzat plus bat egon zen: Xabier Amurizak bere lehenengo txapela irabazi zuen, eta ideia berri bat ekarri zuen. "Lagunok, bertsolariak ez du derrigorrez baserrian sortu behar, bertsolaria eskolatu egin daiteke". Ideia horretatik bertso-eskolak sortu ziren, eta ALBEren kasuan sorrera hori oso naturala izan zen. Gaur egungo egoeragaz alderatuta, guk paralelismoa ikusten dugu, oraingo giroa ez delako ordukoa bezain politikoa, baina badago iraultza moduko bat; euskararen erabilerak duen garrantziaz ohartu gara, eta hori suspertzeko hainbat ekimen dago. NAROA TORRALBA: niri iruditzen zait 80ko hamarkada oso garrantzitsua izan zela euskalgintzarako eta kulturgintzarako, baina Maialen Lujanbiok esan zuen bezala, transmisioa ez da beti goitik beherakoa, behetik gorakoa ere izan daiteke. Ildo horretan, uste dut bertsolaritzak gazteak erakarri dituela haientzako lekuak sortu direla, eta gaur egun dugunerako bultzada handia izan dela hori.  

"Bertso-eskolek apur bat demokratizatu ziten bertsolaritza, esanez edonork ikas dezakeela bertsotan; horren emaitza ikusi dugu"

Bertso-eskolen agerpenak asko aldatu du bertsolaritza?

N.T: Beharbada esan beharko genuke bertsolaritza salbatu dutela bertso-eskolek. Bertsoa oso leku eta egoera konkretuetan finkatuta zegoen, eta eskolek apur bat demokratizatu zuten bertsolaritza, esanez edonork ikas dezakeela bertsotan. Ikusi da emaitza, begira nortzuk diren txapeldunak, finalistak... Eta ez goi-mailan bakarrik, edonork egin dezake bertsotan etxe azpiko tabernan. J.S.: guztiz ados. Bertso-eskolak kenduko bagenitu, denbora laburrean bertsolaritza erakusleihorako zerbait bihurtuko litzateke, eta horrek ez luke bide luzerik egingo. Benetako esentzia, transmisioarena, bertsolaritzaren arimarena, bertso-eskoletan dago. Han batzen dira gaztetxoak, ez hain gazteak eta helduenak, eta gune horretantxe gertatzen da transmisioa, lehen baserrietan gertatzen zen bezala.

Uribe Kostan gaztelania da nagusi, eta batez ere gazteenen euskara oso kaskarra dela aipatzen da sarritan. Badirudi, ordea, bertsolaritza salbu dela horretaz, edo behar lukeela behintzat. Zer uste duzue?

J.S.: Amurizak esan zuen euskara salbatuko bada, eta batzuetan ez gara ohartzen oraindino arriskuan dagoela, asko eskastuko dela. Hori onartzeko prest egon behar dugu. Egia da, ordea, plazan dabilen bertsolariak maila ona duela, etengabe ibiltzen baita hizkuntzagaz jolasean; hizkuntza da zenbat eta gehiago erabili orduan eta zorrotzago dagoen lanabes bakarra, eta bertsolaritza, alde horretatik, zorroztarria da. N.T.: bestalde, orain bizi-bizi dago batuaren eta euskalkien arteko eztabaida. Batzuen ustez batuaz jarduteak hizkuntzaren kalitatea apaltzen du, baina Uribe Kostan frogatu dugu bertsotan oso ondo egin daitekeela batua erabilita. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun