Udagoienean itsasadar-hondoko laginak hartu ostean, tunelak lehorrean zer ibilbide izango duen zehazten hasteko lanak asteon hasiko diela iragarri zuen zapatuan Rementeriak. Eskumako aldean hasiko dira hori egiten, eta ahaldun nagusiaren esanetan hamar gunetan egingo dira zundaketak, "teknikarien arabera bospasei nahikoak izango badira ere". Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldutako informazioan ez da adierazten noiz arte iraungo duten zundaketa-lanek.
Itsaspeko tunel bat egiteko material onena harria dela zaldu zuen Unai Rementeriak; "eta harria Lamiakoko Dartsenan dagoela ohartu gara", gaineratu zuen. Orain lehorreko aldean zer material dagoen jakitea tokatzen da. Ibilbide zehatza zundaketen emaitzen araberakoa izango bada ere, ahaldun nagusiak argi utzi zuen tunelaren mutur biak Leioako Artatza auzoan eta Ballontiko biribllgunean (Portugalete) egongo direla. Hiru kilometro baino gehiagoko tunela izango da, honenbestez.
"Ezin dugu bi aldeen arteko lotura guztia Arrontegin pilatu", esan zuen Rementeriak tunelaren beharra azaldu guran. "gur sarean askatu behar ditugun korapiloetako bat Avanzadaren eta Arrontegikoaren artekoa da". Aldundiak eskatutako azterlan teknikoen arabera, tunelak 38.000 ibilgailu kendu ditu urtero la Avanzada errepidetik, eta 41.000 Arrontegiko tuneletik.
Tunela eraikitzearen eta Supersurren bigarren fasea egitearen aurrekontua, denera, 580 milioi eurokoa izango da. Tunelari dagokionez, 2027an erabili ahal izango da, arinen jota.